Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza izan da santikutzetako protagonista nagusia

Dokumentuaren akzioak

Dantza izan da santikutzetako protagonista nagusia

Eguraldi bikaina lagun, ospatu dute legazpiarrek herriko jaien egun handia

Egilea
Asier Zaldua
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2006/05/04

Goizean, haurrentzako arrantza lehiaketa eta Ezpelur taldeko gaitarien eta herriko txistularien goiz deia izan zen. Ondoren, eguneko ekitaldi garrantzitsuenak hasi ziren. Udalbatzak Udaletxetik elizara bitarteko bidea egin zuen txistulariek lagunduta eta, bertan, Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa eta meza izan ziren.

Meza amaitutakoan udal agintariak Udaletxera itzuli ziren, txistulari eta dantzariek lagunduta. Ordurako jendez gainezka zegoen plazan, eguneko ekitaldi nagusiaren txanda heldu zen: Sustraiak dantza taldeko kideek Legazpiko Ezpata-Dantza eskaini zuten hogeita hamargarrenez. Zenbaki borobil hori dela eta, garai bateko txistulari eta dantzariek ere parte hartu zuten. Batzuk belarritik eta besteak gerritik garai batean baino apur bat okerrago dauden arren, lan bikaina egin zuten.

Horretaz gain, plazan bertan, Kolonbian bizi den Maria Dolores Aseginolaza mojaren ahizpek Olaria saria jaso zuten bere izenean. Aseginolazak bidalitako testua ere irakurri zuten. Saridunak bere aita olagizona zela oroitu zuen eta eskerrak eman zituen. Horrez gain, legazpiarrei munduko txiroen alde lan egitera dei egin zien.

Aseginolazak ia 40 urte darama-tza dagoeneko Kolonbian. Urte hauetan guztietan bertako txiroen alde lan egin du: hezkuntzaren eta osasunaren arloan egin du ahaleginik handiena eta kooperatibak ere bultzatu ditu.

omenaldiak Olaria saria eman ondoren, bukatzeko, lau dantza eta txistu maisu omenduak izan ziren: Jose Inazio Elorza txistularia eta Jesus Mari Maiztegi dantzari eta txistularia eta zenduak diren Nicolas Urmeneta dantzaria eta Juan Jose Cantero atabalaria.

Bazkaltzera joan aurretik, Sustraiak dantza taldekoek gidatutako Larrain Dantza herrikoia izan zen Kale Nagusian. Bazkalostean, haurrak herri kiroletan aritu ziren eta Urbeltz pilotalekuan profesionalen arteko pilota partidak jokatu ziren. Azkenik, herri kirol jaialdia, erraldoi eta buruhandien kalejira eta bertso antzerkia izan ziren. Bertso-Olariak taldekoek Zortzi legazpiar eta Euskal Herriko finala antzezlana eskaini zuten, arrakasta handiz.

Gaur, 12.00etatik aurrera, Kapela Dantza izango da Sustraiak taldekoen gidaritzapean. Jaietako hurrengo ekitaldiak, azkenak, igandean izango dira. Egun horretan legazpiarrek Mirandaola Eguna ospatuko dute, eguraldi ona egingo duenaren esperoan.

Dokumentuaren akzioak