Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza, istorioaren narratzaile

Dokumentuaren akzioak

Dantza, istorioaren narratzaile

Euskal dantzez gozatzeko aukera dago egunero Konstituzio plazan. Astelehenean, Gero dantza taldearen txanda izan zen.

Egilea
Ilargi Agirre
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2010/08/18


« Euskal dantza taldeak oso tradizionalak izan dira beti, eta denboran geldirik zeudela iruditzen zitzaigun», dio Andoni Iparragirrek, Gero dantza taldeko musika zuzendariak. Tradizioari muzin egin gabe, modernitatearen kutsua eman nahi die euskal dantzei Gerok. Gurasoak dira taldearen motorra; sortzaile lanetan jardun zuten, eta antolatzaile lanetan aritzen dira gaur egun. Arrantzale herri batean girotutako ikuskizuna eman zuten astelehenean. Arrantzale baten desagertzea kontatzen da bertan. Desagertutakoaren neska talaian geratzen da gizonaren zain, triste, eta kalatxori bat du ondoan beti. Bukaeran txoria arrantzale bihurtzen da. Istorioa eszenatan egituratuta dago, eta dantzak hartzen du narratzailearen funtzioa. Juan Luis Unzurrunzaga zuzendari artistikoak hori azpimarratu du: «Orain arte euskal dantzek ez zuten haien artean inolako loturarik izaten. Dantzak bata bestearen atzetik egiten ziren». Hemen, ordea, hasieratik bukaerara doan istorio bat kontatzen dutela azaldu du, lotura baitu guztiak.

Dantzez gain, argiak, eszenografiak, jantziek eta musikak ere protagonismo handia dute. Ikuskizuna osatzen dute horrela. «Jendeari euskal dantzekin beste zerbait ere egin daitekeela erakutsi nahi genion», dio Iparragirre musika zuzendariak. Ehun haur baino gehiago igotzen dira oholtza gainera Talaia ikuskizunean. «8 urtetik 18 urte bitarteko gaztetxoak dauzkagu taldean», azaldu du Alfredo Badiolak, dantza taldeko lehendakariak. Bi urtetik behin asmatzen dituzte ikuskizunak, Sasi artean eta Lamien basoa izan dira orain artekoak, eta nazioartean birak ere egiten dituzte.

Lanak banatuta

Lehendabizi Unzurrunzagak istorioa asmatzen du, eta, ondoren, Iparragirrek erabakitzen du zer musika jarri: «Betiko musika tradizionala hartu beharrean, Euskal Herriko musika guztiak erabiltzen ditugu emanaldian». Horrekin kexatzen da Jose Anton Sorozabal publiko artean. «Hau ez da euskal musika», dio doinu zeltekin haurrak dantzan ikusita. 80 urte dituen arren, gazte baten sasoia du gizonak. Eserleku librerik geratzen ez zela ikusita, lurrean eserita dago, soinu mahaiaren aurrean. «Baimena eskatu diet lehen teknikariei». Txapela eta espartinak jean galtza moderno batzuekin konbinatzen ditu. Pablo Sorozabal musikariaren iloba da, eta berak ere badu musikarekiko grina, txistulari izandakoa baita. Osabak asmatutako kantuak banan-banan abesten hasi da halako batean: Katiuska, La del manojo de rosas... Eta belarri ona duela nabaritzen da. Emanaldian hainbat melodia ahapetik kantatzen ari da. «Txistuarekin doinu hau jota daukat, belarriz egiten genuen guztia». Baina ez du musikan bakarrik arreta jartzen. Oholtza gaineko neska gazteak ere baditu hizpide. Olatuak azkarregi irudikatu dituztela dio. Hala ere, berehala gehitu du: «Oso ondo dantzatzen dute guztiek».

Umeak behintzat dantzan gustura jarduten dutela dio Unzurrunzagak. «Orain sei urte sortu genuen taldea, eta orduan hasitako gehienek jarraitu egiten dute gaur egun».

Folkloreak ez du etenik izango Konstituzio plazan. Gaur, Arkaitz dantza taldeak jardungo du; bihar, Eskolak, eta etzi jotak entzuteko aukera egongo da. Igandean, Kresala dantza taldea izan zen oholtzan lehena.

Dokumentuaren akzioak