Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Dantza' iritsi da Zinemaldira

Dokumentuaren akzioak

'Dantza' iritsi da Zinemaldira

Donostiako 66. Zinemaldia

Telmo Esnalek euskal dantzen inguruan egin duen filma aurkeztu du Sail Ofizialean, lehiatik kanpo.
Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/09/24
Lotura
Berria

Zinemagilea ez ezik dantzaria ere izanda, Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) urteak zeramatzan euskal dantzen eta haien sinbologien gaineko filma egiteko ideiarekin, eta azkeneko hiruzpalau urteetan, Koldobika Jauregi artistaren eta Juan Antonio Urbeltz folkloristaren laguntzarekin osatu du Dantza. Atzo eman zuten aurrenekoz eta arrakasta handiarekin filma Donostiako Zinemaldian, eta gaur eguerdian prentsaren aurrean azaldu dira Esnal, Jauregi eta Esnal, eta haien ondoan Marian Fernandez ekoizlea eta Gari Otamendi, Amaia Irigoien eta Ainara Ranera dantzariak.

"Urteak neramatzan pentsatzen dantzaren munduarekin zerbait egin behar genuela", aitortu du Esnalek bera. Ideia horretatik abiatuta, Jauregirekin lanean hasi eta Urbeltzekin harremanetan jarri ziren, "dantzen atzean dagoen sinbologia" ezagutu nahian. "Ikusi genuen oso interesgarriak ziren hipotesi batzuk aurkezten zituela". Hortik abiatuta, Jauregi eta Esnal filma irudikatzen joan ziren, eta artistak aitortu duenez, filmaren kromatismoa eta jantziak "pentsatzeko eta berpentsatzeko" denbora izan zuten, hasieran ez zutelako "euro bat bera ere" proiektua aurrera ateratzeko.

Dantzariek egindako lanaren aitortza sentitua egin du Esnalek, eta "aktore direla jakin gabe ere", aktore direla adierazi. "Ez agian aktoreak, baina bai interpreteak". Filmaketa haientzat gogorra izan dela gaineratu du. "Normalean ordu eta erdiz egiten dute dantza. Entseguetan eta emanaldietan. Guk egun batzuetan hamar orduz izan ditugu dantzan. Errepikatu eta errepikatu". Horri lotuta, begiradarekin sentimentuak transmititzearen zailtasuna nabarmendu du Ranerak. "Ni administraria naiz; ez aktorea!". Otamendik eta Irigoienek, beraien aldetik, esan dute esperientzia ezberdina izan dela, baina eroso sentitu direla dantzatzen zuten bitartean. "Plano gertukoetan pixka bat urduritu arren", gehitu du Irigoienek.

Zinemaldian Dantza ikusteko beste lau aukera izango da datozen egunetan. Gaur Viktoria Eugenian emango dute (22:15), Bihar Principe aretoetan (20:30), asteazkenean Principen (16:00), eta azkenik, larunbatean, Antiguo Berrin (18:30)

Dokumentuaren akzioak