Dokumentuaren akzioak
Dantza intimoa
Ben Watt eta Tracey Thorn musikariek pop panorama osoa irauli zuten lan berri honetan jasotako Nothing Left To Lose singlearen klipa argitaratu zutenean duela lau hilabete; izan ere, bikoteak duela 25 urte lotarazi zuen Everything But The Girl (EBTG) egitasmoa, 1990eko urteetan poparen eta elektronikaren arteko erresuman erreinatu ondotik. Harrezkeroztik, musikan jardun dute, baina patxadaz, industriak eragindako estres eta kirioetatik urrun —bi musikariek bikotea osatzen dute, bi alaba dituzte, eta Wattek gaixotasun larri bat jasaten du—.
Ditxosozko pandemiak ekarri zuen itxialdian, baina, musikari ekitea deliberatu zuen bikoteak, eta etxeko giro lasaian, EBTG esnarazi zuen. Nostalgiari muzin eginda, orainari eta etorkizunari zuzen-zuzen begiratu, eta kantuak sortzen hasi ziren Thorn eta Watt. Halere, honatx eztabaidarako gaia: zale batzuen arabera, lan berri hau iraganean iltzatuta dago. Lagun musika zale batek oraintsu bota zidan terraza batean bloodymaryak edaten geundela, goiz eguzkitsu batean: «Betiko diskoa egin dute; horretarako hobe zuten bere horretan gelditzea». Era berean, Wattek 1997an idatzitako Patient: The True Story of a Rare Illness liburua gomendatu zidan, «itzela da» esanez. Diskoa gustura entzun dudala erantzun nion nik, zale amorratua izan ez arren, aldean disko fisikoa neukala, erosi berri: «Asko gustatu zait». Ez nuen, inondik ere, konbentzitu, bere izaera temati eta hater-a tarteko. Bada, hainbat blog eta hedabidetako adituen artean antzeko kritikak eta iritziak sumatu ditut, nahiz eta aburu positiboak askoz ugariagoak diren, seguruenik kazetarien gehiegizko grinaren eta emozioaren ondorioz.
Diskoaren hasiera aparta da: Nothing Left To Lose dantzagarria da, beat programatuak zoragarriak dira, eta belarrietara itsasten zaizu lehenengo kolpeekin. Thornen lana bikaina da, beste behin. Aurten gehien entzun dudan abestia dela esango nuke. Jarraian, Run a Red Light soul kutsuko doinu intimista ateratzen da bozgorailuetatik. Lehenengo bi kantu horiek markatuko dute disko osoaren izaera: batetik, dinamikoa; bestetik, lasaia, kantu zerrenda iradokitzailea eta diskoa biribila osatu arte.
Bestalde, ez naiz abestien hitzei erreparatzen dien horietakoa, baina Fuse honetan, eta oro har, EBTGren ibilbidean, letrak aipagarriak dira, poparen esentzia sinple baina sakona islatzeko gai baitira: maitasuna, haserrea, gau giroa, dantzarako pasioa... Alegia, gure bizitza likidoak gobernatzen dituzten gai kontrolaezinak.
Heldutasuna erakusten duen lana da, baina baita dantzarako pasioa ere; barnerakoia, eta, era berean, bizitasuna haizatzen duena. Areago, azken boladan disko honen kantuetan bizi naizen sentsazioa daukat.
Dokumentuaren akzioak