Dokumentuaren akzioak
Dantza indarkeriaren aurka
Gaur estreinatuko duten 'Kalean uso, etxean otso' ikuskizunak genero indarkeria salatu nahi du
Muntaketaren zuzendari Aizpea Goenagak adierazi duenez, proiektua «kolektibitatetik eta hainbat emakumeren lankidetzatik» jaio da. Emma Larretak tratu txarrak jaso ditu , eta oholtza gainean, bere eta beste hainbat emakumeren esperientziak mugimendu bihurtzen saiatuko da Larreta bera Ana Remirok prestatutako koreografia baten bidez. Koreografia prozesuaren fase emozionaletan oinarritzen da, eta hori guztia Ana Maria Sanchez aholkulari psikologikoak gidatu du. Ondoren, sei emakumek tratu txar fisikoei zein psikologikoei buruzko lekukotasunak emango dituzte aditzera Iñaki Salvadorrek konposatutako soinu bandaz lagunduta.
Ikuskizuna amaitzean, eztabaidari emango zaio bidea. Emma Larreak adierazi duenez, «emozioa sorrarazi nahi dugu, ez morboa. Ikusleak gogoeta egin dezan nahi dugu, egoera hau normala den edo ez hausnar dezan».
Horrez gain, gaur Viktoria Eugenian erakutsi ondoren, proiektua ikastetxeetara eramateko asmoa dute genero indarkeria erauzteko beharraren gaineko eztabaida irekitzeko. Probako saioa Donostiako Zubiri Manteo Institutuan egingo da.
MARRAZKIAK TRATU TXARREN KONTRA. Tratu txarrik gabeko bizi batengatik izeneko marrazki erakusketak Viktoria Eugeniako ia txoko guztiak betetzen ditu. Han, Alcalako (Espainia) Unibertsitatearen deialdi batera aurkeztutako 34 herrialdetako 100 lan daude ikusgai.
Dokumentuaren akzioak