Dokumentuaren akzioak
Dantza indarkeria bihurtzen denekoa
Morea da emakumeen kontrako biolentziaren aurkako ikurra, zirkulua. Jende asko dagoenean bihurtzen da mutil-dantza zirkulu, zirkunferentzia; bizkitartean “zirkulu irekia” da. Halako gonbidapen bat da irekitasun hori. Edonork parte har lezake. Neu ere, Iruñekoa izanda, askotan izan naiz zirkulu ireki horren partaide, inongo trabarik gabe. Batzuetan, mutil-dantza horren maitatua ez zen garai ez hain urrunetan, soka horren bigarren postuan dantzatu egin naiz, Izeta zenaren gibelean, nire aurrean zeudenak mutil-dantza zailenak heltzen zirelarik apartatzen zirelako.
Ordutik hona urteak pasa dira. Urte aunitz. Mundua aldatu da bitartean eta gure bizitzak ere bai. Denon bizitzak: emakumeonak eta gizonezkoenak. Aldaketa horien harira ez gara tradizioan tematu. Zergatik mutil-dantzetan bai? Zergatik iruinseme batek har lezake parte Elizondoko Bbstetako mutil-dantzetan eta Elizondoko alaba batek ez? Zergatik erabaki dugu (dute) mutil-dantzaren ezaugarri bat tradizio bihurtu? Tradizioa al da jasotzen dugun hori jaso dugun bezala mantentzea eta ondokoei pasatzea? Mutil-dantzak al dira tradizioa ala gizonezkoak mutil-dantzetan aritzea? Mutilenak ala hil?
Arazoa ez da berria. Betidanik entzun dugu nola Mauriziok neska bat sartzen zelarik mutil-dantza eteten zuen. Hori, inauterien kontrako debekuen historian bezala, tematzen den errealitate baten isla bihurtzen da: betidanik, edo aspalditxotik –berdin zaigu– emakumeek bestaren protagonista nahi izan dute. Orduan, eta eskakizun honen aurrean, zergatik hartzen da Hondarribiko “soluzioa”? Ez al dago bertze irtenbiderik? Ez dago bertze nora begiratzerik? Aipatu dugun Bidasoa horren bi bazterretan oso bertzelako aterabideak onartu dute: Beran, Donezteben, Iturenen… toki guzti horietan emakumea sartu da tradizioan, edo sar daiteke. Eta ez bakarrik beraien herrietako adierazpen kulturaletan, baita ere horiek ematen diren denbora eta esparru sinboliko nagusietan: plazan, denon aitzinean, denekin batera, komunitate bat osatuz.
Indarkeriak mota askotako adierazpideak ditu. Tradizioaren erabilpena horietako bat izan daiteke. Nahi badugu mutil-dantzaren aspaldiko erranahia munduari erakutsi, atera daitezela gizonezkoak “aunitz urtez” sarrera horretara, beraiek bakarrik, normalean erabiltzen ez duten txapela eskuan dutela, nahi duten bezala jantzita eta ez bakarrik agur eginez, dantzara gonbidatzen ere bai, denoi; zentzu jatorrenean plaza-gizonak direla adieraziz, mundu-gizonak, mende honetako mundu-gizonak direla erakutsiz. Eta Baztango dantza baino gehiago, bihur dadila mutil-dantza baztandarren dantza. Aunitz urtez!
Dokumentuaren akzioak