Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza ikuskizunak izango dira egunotan Donostian

Dokumentuaren akzioak

Dantza ikuskizunak izango dira egunotan Donostian

Malandan Ballet Biarritz-en 'Euskal Hatsa' ikuskizuna, Martin Harriague eta Bilaka Kolektiboaren 'Gernika', eta Baal konpainiaren 'Ginoide' taularatuko dira gaur.
Egilea
Maitane Legarreta
Komunikabidea
Gaztezulo
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2022/10/19
Lotura
Gaztezulo

Dantza ikuskizunak izango dira egunotan Donostian

I. Iturritik Jaialdia martxan da Donostian, eta "iturritik zuzenean edaten duten sorkuntzak" dira jaialdi honen protagonista. "Iturria, jatorria, sustraia… inspirazio iturri da sortzaile ugarirentzat, eta jaialdi honek joera horren lekuko izan nahi du. Tradiziotik abiatuta, sorkuntzaren bidetik, artista ezberdinek identitatearen inguruko lanketa jorratzen dute", azaldu dute antolatzaileek.

Atzo eman zioten hasiera jaialdiari Explica Dansaren Tra tra tra Tradizioa, Transmisioa eta Traizioak hitzaldi dantzatuarekin. Gaur, berriz, Malandan Ballet Biarritz-ek bi koreografia dituen Euskal Hatsa kale ikuskizuna aurkeztuko du, dantza munduko bi zuzendari ezagunen eskutik. Lehenengoa Biarritzeko Maritzuli taldeko Claude Iruretagoyenak zuzenduko du; eta, bigarrenak Jon Maya Sein izango du gidari, La Valse-ko musikarekin. Guztira, 20 dantzarik hartuko dute parte Okendo Plazan izango den ikuskizunean. Gaurko eta igandeko emanaldia sei eta erdietan izango da, eta larunbatekoa, 19:00etan. 

Victoria Eugenian, Martin Harriague eta Bilaka Kolektiboaren Gernika emanaldia ikusi ahal izango da. Bilaka kolektiboak, Euskal Herriko dantza eta musika herrikoietan espezializatuak diren artista gazte batzuk biltzen ditu. Stéphane Garin eta Martin Harriague gonbidatu dituzte Gernikako bonbardaketa kontatu eta, haren bidez, gure garaiko gerren indarkeria salatzeko. Emanaldia 19:30ean izango da.

Victori Eugenia Clubean, 21:00etan, Baal konpainiak Ginoide ikuskizuna taularatuko du. Ginoide robot femenino bat da, batez ere sexu erabilerarako diseinatua. "Nana, gure gizarte neoliberalean nagusi diren emakumearen kosifikazio eta objektualizazio kanon esteriotipatuen arabera sortu zen, kontsumoak ezartzen baititu gure gorputzek (benetakoak izan ala ez) bete beharreko arauak. Neskamearen ipuina, Black Mirror, Ex-machina eta horren antzeko telesail eta filmetan inspiratua dago. Nanak Augustin jabearekin duen harremana dela eta, hainbat galdera sortuko zaizkigu harreman sentimental eta sexualei buruz. Nora doa gizadia? Zer gertatuko da gure espeziearen ugalketarekin?", azaldu dute ikuskizunaz. Emanaldirako gonbidapenak antzokiko leihatilan banatuko dituzte, arratsaldeko bostetatik aurrera.

Larunbatean, 20:00etan, Nova Galega de Danza konpainiaren Leira izango da Victoria Eugenian. Dantza eta musika ikuskizun honek landa-lanen edertasun eta gogortasunera eramango du ikuslea: "Emakumea da lotura teluriko horren erdigunea; gau eta egun, lanaldiz lanaldi, urtaroen segida agortezin batean errepikatua. Eguzkia eta euria, haize izoztua, aire zabaleko paisaia gordinak... giza koreografia batek bakarrik habitatuak: nekazaritzako lanabesena, zamatzen eta arrastaka ari diren gorputzena, lurrean goldatutako ildoen artean dantzan dabiltzanena. Baina Leira eskuekin, gorputzez gorputz egindako lanaren alaitasun xume eta ausarta ere bada: Galizia denboragabe eta magiko baten ospakizuna".

Azkenik, igandean, Argia Dantzari Taldearen Martin Zalakain izango da ikusgai Victoria Eugenian, 19:30ean. Bere patuari ihes egin ezin dion abenturazalea da Martin Zalakain. Hainbat kontu izango dira obran: mendiko ibilerak, maitasunaren hasi-masiak, estraperloaren estutasunak... Ikusleak tabernako beroaldien lekuko izango dira, eta gerrako trantze gordinak eta bideetan barrena topatutako adiskidantza zintzoak zein aliantza interesatuak ezagutuko dituzte. Juan Antonio Urbeltzek sortu, Harkaitz Canok idatzi eta Ander Lipusek eszenara egokitutako ikuskizuna da. 

 

Dokumentuaren akzioak