Dokumentuaren akzioak
Dantza, hurbiletik eta perspektibaz ikusia
Sense fi eta Conquassabit izeneko parte bi izango
ditu Gelabert Azzopardi dantza konpainia abangoardistak Bilboko Arriaga
antzokian gaur taularatuko duen ikuskizunak (20:00etan). Sense fi
(Amaierarik gabekoa, katalanez) «hurbiletik begiratzeko pieza» da Cesc
Gelabert konpainiako koreografo eta dantzariaren hitzetan; eta Conquassabit (Konbultsoa,
latinez) «perspektibaz begiratzeko pieza» da, ikuslea asaldatzea
helburu duena. Arriaga antzokiak dantzaren nazioarteko egunaren harira
programatu du ikuskizuna gaurko egunez.
Dantzaldiaren lehen zatian dantzari baten imajinaziotik
ateratzen diren irudiak antzeztuko dituzte eszenan agertuz doazen
dantzek. «Dena imajinaziotik ateratakoa balitz bezala agertzen da»,
azaldu du koreografoak. Pascal Comeladek obrarako espresuki sorturiko
musikaren laguntzaz, barne bidaia «irristakor eta paradoxikoa» izango
da lehen atal hau.
Bigarren piezak «mundu azeleratu honi» begiratzen dio. Cesc
Gelabertek dio mundu azeleratu batean bizi garela, eta azelerazio
horrek guztiongan konnotazio desberdinak sortzen dituela. Conquassabit
urakan batekin alderatu du Gelabertek. Urakan batek bezalako egitura du
piezak, haren hitzetan, hasierako suntsiketak eta indarrak barealdia
dakarrelako gero. Haendel konpositore eta musikariaren piezak erabili
dituzte obraren bigarren zati honetan, ahotsez eta musika tresnez
sorturiko piezak nahastuz. Musikaren tenpoa gero eta azkarragoa izateak
azelerazioaren sentipena areagotu egiten duela adierazi du konpainiako
koreografoak.
Bartzelonan du egoitza konpainiak, eta Cesc Gelabert
koreografoaren eta eta Lydia Azzopardi irakasle eta jantzi
diseinatzailearen abizenetatik datorkio konpainiari izena. Hamar
lagunek osatzen dute dantza taldea, eta euretako bat da Gelabert.
Dokumentuaren akzioak