Dokumentuaren akzioak
Dantza, hobeto arnasteko
Egun eta leku sinbolikoak aukeratu ditu Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren aurkako flash mob-a
egiteko. 2.000 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzte martxoaren
20ean Zubietan, musika eta dantzaren indarrarekin erraustegiari ez
esateko. Leku publiko batean egiten den dantza erraldoiari deritzo flash mob.
Sinbolikoa
da lekua, arazoaren muina irudikatzen baitu: erraustegi planta
eraikitzea pentsatzen duten eremua. Martxoaren 20arekin, berriz,
zaborren kudeaketaren arazoak eskatzen duen irtenbidea erakutsi nahi
dute. Izan ere, Usurbilen atez ateko zabor bilketa sistemaren bigarren
urteurrena ospatuko dute egun horretan.
«Koordinatua dagoen
herria irudikatu nahi dugu dantzarekin. Denok elkartzen gaituen gauza
alaia da dantza», adierazi du Erik Gonzalez Gipuzkoa Zero Zaborreko
kideak. «Flash mob-aren euskarria erabili nahi dugu Zubietako
errauste plantaren atzerapena eskatzeko». Gizarteko sektore guztietara
iristeko xedearekin antolatu dute ekimena. «Adin eta jende mota orotara
iritsi nahi dugu dantzaren bitartez», gaineratu du.
Dantzara
deitzeko kartela ere sinbolismoz josi dute antolatzaileek. Txuri
beltzean egina dago, erraustegia irudikatzeko. Dantzarekin beste
koloretako mundua posible dela aldarrikatu nahi dute.
Lady Gagaren abesti ezagun bat hartu eta euskarazko hitza jarri diote. Hartu nahi dut arnas
izenburupean, elkartasun uholdea sortu nahi dute Zubietan. Mikel Erguin
koreografoa arduratu da musikarekin bat doan dantzaren pausoak
asmatzeaz.
«Oso erraza da, ordu erdian edonork ikas dezake dantzatzen», ziurtatu du Gonzalezek. www.gipuzkoazz.com webgunean
dantzaren pausoak ikasteko hainbat bideo jarri dituzte. «Nahi izanez
gero, gurekin harremanetan jar daiteke jendea, eta guk irakasle bat
bidaliko genuke haien herrietara», azaldu du Gonzalezek. Herriz herri
ari dira martxoaren 20rako dantza entseguak egiten. Besteak beste,
Zarautzen, Zumaian, Orion, Donostian, Usurbilen, Aizarnazabalen eta
Oñatin.
Garabi batekin airetik grabatu nahi dute dantza. «Goiko
ikuspegitik ikusteko prestatu dugu. Mugimendu asko dituen dantza da.
Makurtu behar zara, salto egin behar duzu, eta goitik ikusteko oso
aproposa da», azaldu du.
Egun magikoa
Egun berezia
izango da martxoaren 20a, eta egitarau zabala prestatu dute jai giroan
beste zabor kudeaketa mota baten aldarria egiteko. 10:00etan elkartuko
dira Zubietan, eta hainbat entsegu egingo dira. Porrotx eta Marimotots
pailazoek eskola bizkor batzuk emango dituzte, dantza ikasteko astirik
izan ez dutenentzat. Otartekoak, barrikotea eta freskagarriak egongo
dira nahi dutenentzat. Disko jartzaile batek jai giroa alaituko du, eta
euskal dantza, break eta dantza latinoko erakustaldiak izango dira.
13:30ean ekingo diote flash mob-a dantzatzeari.
Baikor agertu da Gonzalez, hala ekimenak izango duen parte-hartzearekin, nola flash mob-ak
Gipuzkoa Zero Zaborren helburuak lortzeko izango duen eraginarekin.
«Gainezka egingo dugu 20ean. Ekimen honek freskotasun eta indar pilo bat
emango digu erraustegia geldiarazteko».
Martxoaren 20ko flash mob-a prestatze aldera Haizearen Orrazian egindako entsegu bat. / GIPUZKOA ZERO ZABOR
Dokumentuaren akzioak