Dokumentuaren akzioak
«Dantza hitza iristen ez den lekuetara iristen da askotan»
20 urte bete ditu Ertza konpainiak. 20 urtek askorako emango zuten, ala?
Urteurreneko ikuskizun hau prestatzea ondo etorri zaigu urte guzti hauetako errepasoa egiteko. Konturatu gara gauza asko egiteko aukera izan dugula. Ikuskizun honetarako aurreko ikuskizunetako zatiak berreskuratzeaz gain, bideo bat ere egin dugu atzerrian egindako hainbat lan jendeari erakusteko; horietako asko Euskal Herrian ez zirelako ezagutu. Polita izan da guzti hori berriz gogoratzea.
Nola sortu zen Ertza?
Aurten justu, 30 urte bete dira dantzari profesional gisa Amets beroak ikuskizunarekin lehenengo aldiz taula gainera igo nintzela. Gazteszenan izan zen. Ertza sortu bitarteko 10 urte horietan hainbat konpainiatan aritu nintzen, Espainian lehenengo eta Suitzan gero. Beti izan dut sormenerako grina; tarte horretan, beste koreografo eta konpainientzat lan egiten nuenean ere, pieza txiki propioak sortzen nituen. Suitzan hainbat urte egin nituen, asko gustatzen zitzaidan hango konpainiaren lana eta asko ikasi nuen; baina hango bizimoduak ez ninduen asebetetzen, nire bizitza lanean zentratzen zen. Baldintza oso onak nituen lanean, baina arriskatzea erabaki nuen eta Euskal Herrira itzuli nintzen.
«Aurten 30 urte bete dira dantzari profesional bezala taula gainera lehenengoz igo nintzenetik»
‘Egotik’ izan zen Ertza konpainiarekin taularatu zenuen lehendabiziko lana.
Dantza garaikidearen eskaintza oso urria zen garai hartan hemen; hasiera oso zaila izan zen. Ertzaren lehenengo urtean Egotik-ekin bost emanaldi soilik egin nituen: hiru Genevan (Suitza) eta bi Bilbon (Bizkaia). Zalantza asko izan nituen, gauza asko pasatzen zaizkizu burutik. Bi urtera, Madrilgo Cervantes Institutuko mostra batera gonbidatu ninduten, Egotik-ek arrakasta handia izan zuen eta hari esker mundu osoan zehar biran aritu nintzen; Filipinak, Txina, Hego Ameriketako herrialde gehienak…
Proiektu berriak etorri ziren gero, eta sariak ere bai.
Asko izan dira eta noski, sariek aurrera jarraitzeko animoa ematen dute.
Bere sorreratik zertan aldatu da Ertza?
Lana egiterako orduan ilusioa, borondatea, arriskatzeko grinak… bere horretan jarraitzen du. Hasierako ezjakintasun eta ziurgabetasun sentsazio hura aldatu da. Dantzan ohituta gaude ziurgabetasun horretan mugitzen, eta horrek sendoago egiten zaitu; bizitzan malgutasun bat izaten laguntzen dizu.
«Niretzat, ikuskizun batean, dantzaren estetika baino garrantzitsuagoa da zer esan nahi den»
Nola definituko zenuke Ertza?
Berezitasun asko ditu; ikuskizunetan lantzen ditugun gaiak dira horietako bat. Niretzat dantzaren estetika baino garrantzitsuagoa da zer esan nahi den. Gizakiaren kontraesanak plazaratzen dituen konpainia bat da. Dantza lengoaia abstraktu bat denez, hitza iristen ez den lekura iristen da askotan; emozioa dauka atxikita. Hain zuzen, edertasun estetikoa bilatu bainoago, emozio bat pizten duen mugimendua bilatzen dut nire ikuskizunetan.
Zer eman dizu Ertzak?
Pertsona bezala asko hazi naiz, asko ikasi dut baina ikasteko daukadana gehiago dela ere kontaratu naiz. Betirako izango diren lagunak egiteko aukera eman dit. Munduan zehar bidaiatzeak kultura, erlijio eta bizimolde ezberdinetako pertsonekin lan egiteko aukera izan dut; eta ohartu naiz oinarrian denok berdinak garela. Denok ditugula kezka eta beldur berdinak.
2022an eskaini zenuen lehenengoz ikuskizun bat Ezkion. Itzultzeko asmorik bai?
Oso pozgarria izan zen. Oraingoz ez daukagu lan berririk, baina dagoeneko lotura eginda dago; aukera beti egongo da.
Dokumentuaren akzioak