Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Hirian

Dokumentuaren akzioak

Dantza Hirian

Ikusten duguna berehala ulertzen ez dugunean, zerbait berri edo bereziren aurrean gauden seinalea izan daiteke. Ez beti. Nola gerta hori ere.
Egilea
Mikel Asurmendi
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2013/09/25
Lotura
Argia

Dantza hirianek antolatutako hainbat agerralditan egon naiz azken bi asteburuetan. Sei agerraldietatik hiruk urduritu naute, ikusitakoa ulertzeko ez ulertzeko mugan egon naiz.

Hendaian ikusi ditut azkenak: Cuerpo espacio. L’espace qui m’habite & qui m’habille, lehenbizi.

Idea de hombre viejo.  Argazkia: Joana Asurmendi

Idea de hombre viejo dantza ikuskizuna Hendaian. Argazkia: Joana Asurmendi

Merkatuko jende multzoaren artean, emakume arraro bat ikusi dut tupustean: herriko karriketan ikusi izaten dudan zoro baten antza hartu diot. Jendea haren inguruan bildu da segituan. Zer pasatzen da?

Bat-batean, dantzari bat dela konturatu naiz, Sofie Dubs dantzaria da. Inguruak eskaintzen dion espazioa erabiliz ari da: jendearen, txakurra daraman bikote baten eta haurren artean… Imintzioka ari da. Mugimendu arloteak dira bereak. Ezinegona sortu dit, sentipen mesfidatiak. Ondo ez dagoen pertsona dirudi.

Idea de hombre viejo ikusi dut ondoren: bi dantzarien keinuak eta imintzioak ditut aitzinean. Ezinduak diren pertsonaiak antzezten ari dira, hori hauteman dut. Gozakaitz ari dira. Zer zakarrak! Zein mugimendu arraroak. Zertan ari dira? Gozatzen joan dira –gozatzen hasi gara– dantzan jardun ahalean.

Gelajauzia, Kukai taldearen ikuskizuna. Gelajauzia, Kukai taldearen ikuskizuna. Argazkia: Kukai.

Gelajauzia, Kukai taldearen ikuskizuna. Argazkia: Kukai.

Azkenik, Gelajauzia, Kukai taldearen ikuskizun berria ikusi dut, Donostiako Konstituzio plazan. Bereziki jantzita ari dira dantzariak, nagusiki beltzez, detaile gorri batekin. Detaile horiek dantza tradizionaleko elementuak dira: txalekoa, gona, gerrikoa… Bat-batean, biribilean jarri dira, jauzi bat egiteko zorian… eta hasi dira dantzan, mugitzen, elkarri desafiatzen.
Zer egiten ari dira? Lehen unean ez dut ezer ulertu. “Ez duzu gaur egungo dantza garaikidea ulertzen” esan diot nire buruari. “Beti eta dena ulertu behar horren esklaboa zara”. Pixkanaka irria zabaldu zait, dibertitzen hasia naiz.
Ez dut dantza ongi edo gaizki dagoen baieztatu behar, adierazi beharrik ere ez, gustura nagoela baizik. Ari dira jauziak jokatzen. Euskaldun askok  plazan dantzatzen ditugun bezala, baina nork bere erara. Askatuta sentitu naiz, askatuak ikusi ditut dantzariak. Betiko jauziak bere egin nahi balituzten bezala, bere-berezko mugimenduak eskaini nahi dizkigute: hauek dira gure jauziak. Zuenak berriz?
Zirrara sorrarazi didate. Ederra benetan. Irrigarria. Atsegina!

Dantza ez da ulertu beharrik. Aitzitik, ikusi eta bizi behar da. Gustura edo disgustura egonda ere. Dena ez da estetika, ezta “ongi” edo “gaizki” epaitu beharrik, ezta polita eta itsusi den adierazi behar ere.

Ikusitako hiru agerraldi hauek, baita beste hiruek ere, kezka, ezinegona, larritasuna, irria, gogoa eta gustua sorrarazi dizkidate. Zer plazera!

Dantza hirian ekimenaren bitartez, gure hirietako ohiko tokiak bisitatzeko parada izan dut. Agian, zuri ere, ezagutzen dituzun arren, toki ezezagunak irudituko zaizkizu, egundo bisitatu ez izanaren zirrara biziko duzu. Nik horixe sentitu dut.

Azken hitzorduak irailaren 29an dira, igandean, Pasaian eta Errenterian.

Ikusi eta bizi!

Oharra: testu hau ez da nirea, dantza maite eta bizi duen lagun batena baizik.

Dokumentuaren akzioak