Dokumentuaren akzioak
Dantza herrikoien inguruko udako ikastaroa
Euskal Herriko dantza tradizionala ezagutarazi nahian diharduten musikari eta dantza maisuek osatutako Aiko taldeak "beste pauso bat" eman du Euskal Herriko Unibertsitatearekiko (EHU) lankidetzan, eta, 'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin' izenburupean, gehienbat praktikoa izango den dantza herrikoien udako ikastaroa eskainiko dute ekainaren 26, 27 eta 28an Areatzan (BizkaiA).
Ekimena publiko zabalari zuzenduta dago, dantza munduko profesionalak, dantzazaleak oro har, eta dantza tradizionalari buruzko ikuspegi garaikidea izan eta Aikok dantzaren irakaskuntza-ikaskuntzarako darabilen metodoa ezagutzeko interesa duten guztiak barne, antolatzaileek azaldu dutenez.
Ekimen kultural eta pedagogiko honetan, Aiko taldeko Sabin Bikandi, Patxi Laborda, Josu Garate, Ainhoa Odiaga eta Larraitz Artetxerekin batera, beste artista gonbidatu batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Claude Iruretagoyena Miiarritzeko Maritzuli Konpainia dantza taldeko koreografoa, Oier Araolaza dantzari, ikertzaile eta dantzan.eus erreferentziazko atariaren bultzatzailea eta Kepa Artetxe Euskal Herriko dantza tradizionalaren kondaira bizia eta Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearen alma materra, eskola magistrala eskainiko duena.
'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin' ikastaroa Areatzan egingo da, euskaraz, EHUren XXIV. Udako Ikastaroetako Historia eta Kultura zikloari atxikita. Programaren barruan, hainbat estilo aztertuko dira, kontradantzak, jotak eta Gipuzkoako dantza batzuk barne, eta dantzaren bilakaerari buruzko eskola praktikoa emango da.
Ekainaren 26an eta 27an erromeria bana antolatuko da Aiko taldeko musikari eta dantza maisuen partaidetzarekin, eta hilaren 28an, udako ikastaroari behar bezalako amaiera emateko, Kepa Artetxek jota edo fandangoari buruzko ikastaro magistral bat eskainiko du.
Matrikulak 40 euro balio du. Ikastaroaren helburua, dantza munduko profesionalen eta dantzazaleen arteko topagunea eratu eta euskal gizarteari dantza tradizionalaren garrantzia bistaratzea da, kasu honetan, unibertsitatearen laguntzaz. Honela, musika eta dantza tradizionala euskal kulturaren ondare ukiezintzat sustatu nahi da, arte horien inguruko ezagutzen transmisioan era aktiboan lagunduz.
Dokumentuaren akzioak