Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza guztien akelarrea

Dokumentuaren akzioak

Dantza guztien akelarrea

Kukai dantza konpainiak eta Cesc Gelabert koreografoak 'Gelajauziak' estreinatuko dute ostiralean, Leioako Umore Azokan

Nestor Basterretxearen 'Akelarre' eskultura erabiliko dute emanaldian
Egilea
Ane Urrutikoetxea
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2014/05/14
Lotura
Berria

Hiru metro eta erdiko totem ikusgarria erdian, eta inguruan bost dantzari, mugimendu azkar, indartsu eta erabat sinkronizatuekin. Halakoa da Errenteriako Kukai dantza konpainiak asteburu honetan estreinatuko duen Gelajauziak ikuskizuna. Cesc Gelabert koreografoaren omenez (Bartzelona, 1953) jarri diote izena emanaldiari, hark sortu baititu koreografia guztiak. Dena den, dantza ez da izango emanaldiko protagonista bakarra; Nestor Basterretxearen Serie Kosmogonikoaren Akelarre obraren inguruan ibiliko dira Kukai taldeko kideak, dantza eta artea, tradizioa eta gaur egungo estiloa lotuz. Ikuskizunaren zati bat eman zuen taldeak Kolonbian duela hilabete batzuk, eta baita Herri Urratsen ere; ostiral eta larunbat honetan osoki estreinatuko du, Leioako Umore Azokan.

Ikuskizuna estreinatu aurretik, gaur eta bihar Donostiako San Telmo museoan entseatzen izango da Kukai taldearen sortzaile eta dantzari Jon Maia, bere taldekide Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga dantzariekin batera. Entseguak 12:00etan izango dira, eta museora doazenek ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute.

Kaleko ikuskizuna prestatu du Gelabert koreografo prestigiodunak, eta Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako hainbat herritako plazetan emango dute udan. Mundu osoan dantzan ibilia da Gelabert, eta, New Yorken eta Berlinen koreografo lanetan ibili ondoren, Gelabert-Azzopardi konpainia sortu zuen 1985ean. Dantza taldearen erro tradizionalak errespetatu eta horiek oinarri hartuta, bere estilora ekarri ditu, Jon Maiaren esanetan: «Taldea sortu genuenetik, elkarlanean aritzea izan da gure helburu nagusietako bat, eta ohorea izan da Cescekin lan egitea. Gure estiloaren abiapuntu den euskal dantza tradizionala hartu du koreografia egiteko oinarri, eta dantza horien balio sozialak azpimarratu ditu». Koreografoa eta lantaldea «norabide berean» ibili dira, Maiaren arabera: «Materian berehala sartu gara; koreografiak elementu tradizionalak zaintzen ditu, baina egiten dugun dantza ikuskizuna bidaia librea da».

Emanaldian badaude dantzarekin batera jolasten diren hainbat elementu estetiko, hala nola Basterretxearen eskultura eta Iraia Oiartzabal diseinatzailearen arropak. Elementu horiek, Sabin Bikandi eta Xabier Erkiziaren musikarekin eta Kirmen Uriberen testuekin batera, diziplinen arteko nahasketa duen obra bat osatzen dute. Gelabertentzat, ez da existitzen erabat garbia den dantza, eta ikuskizunak nahasketaren edertasuna islatzen du. «Leku bakoitzak nortasuna dauka, eta talde honek nortasun hori erabiltzen du dantzatzeko orduan. Horrek asko harritu nau; nabari da 3 edo 4 urte zituztenetik batera ibili direla dantzan. Oso ezaugarri berezia da hori, gai direlako erabateko sinkronizazioan dantzatzeko aurretik ia berotzeko beharrik gabe».

Beste begirada batzuk sortuz

Euskal dantza Gelaberten ikuskizunaren oinarrian dagoen arren, koreografoak ez du soilik bere estiloa gehitu nahi izan, eta Kukairen ohiko lanari buelta ematen saiatu da. «Ez dut inposatu nire koreografia taldearen oinarriaren gainean; horren ordez, nire teknikak erabili ditut, haien tradizioa eta ohiko lana beste begi batzuekin ikusi ahal izateko. Adibidez, pentsa dezakegu jota bat dantzatzeak ez duela inolako berritasunik eskaintzen, baina, gaur egungo teknikekin landuta, jolas berri baten modukoa izan daiteke. Azken finean, dantza esna gaudela partekatzen dugun ametsa da, besterik gabe; guztion artean ideiak komunikatzeko euskarria da».

Duela bi urte sortu zen Gelaberten proiektua; garai hartan, Kukai taldekoak Otehitzari biraka ikuskizunarekin ari ziren, eta Basterretxearen interesa piztu zuten. Artistak euskal mitologiaren kondairetan oinarrituta sortu zuen Serie Kosmogonikoa, eta Akelarre, sormen lan horretako pieza esanguratsuena eskaini zien emanaldirako. Kukaiko dantzariak Basterretxearen etxean izan ziren ikuskizunaren zati bat aurkezteko, eta eskultoreak bi pieza diseinatu dizkie, espresuki Gelajauziak emanaldian erabiltzeko. Basterretxearen kolaboratzaile Juan Pablo Zabalaren esanetan, artistak oso gertutik kasu egin dio dantza taldearen ibilerari. «Oraindik ez dakigu Hondarribiko emanaldira joateko gai izango den edo ez, baina, bestela ere, dantzariak ikuskizuna haren etxera eramateko prest agertu dira».

Musikak ere protagonismo handia dauka Gelaberten lanean. Koreografoak belarri fina dauka, Sabin Bikandi sortzailearen esanetan, eta oso gustura aritu dira elkarrekin lanean: «Gelabertekin ez dugu enkargu bat besterik gabe bete; ezohiko lana egin dugu harekin. Ez dugu jaso egindako jantzi bat; horren ordez, elkarrekin josi dugu jantziaren botoi bakoitza».
 

Emanaldiak

Maiatzaren 16-17a. Leioako Umore Azokan, 21:30ean.

Maiatzaren 18a. Hondarribiko Arma plazan, 18:00etan.

Maiatzaren 24a. Hendaiako Mai du Theatren, 18:00etan.

Maiatzaren25a. Zizurkilgo Pedro Mari Otaño plazan, 19:00etan.

Ekainaren 27a. Bilboko Lekuz Leku jaialdian.

Ekainaren 28a. Bartzelonan.

Kukai dantza konpainiak Gelajauziak ikuskizunaren entseguak egingo ditu Donostiako San Telmo museoan, gaur eta bihar. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

 

Dokumentuaren akzioak