Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza gehienbat

Dokumentuaren akzioak

Dantza gehienbat

Kritika, Donostiako Antzerki Feria

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/07/02

Kolonbiatik etorritako dantza muntaia handi bat etorri zitzaigun Kursaalera 34% visibles izenburupean. Nik ez dakit zehatz-mehatz zertan datorkion izen bitxi hori, baina baliteke Kolonbiako populazio beltzaren portzentaia hori berori izatea eta euren existentzia ezkutua dantza lan honen bidez ikusgarri bihurtu nahi izatea. Eszenatokia benetan ikusgarria izan zen: korda zuriz ehundutako sareek zenbait zutabe handi osatzen zituzten, lur azpiko gela handi bat edo beharbada oihana bera irudikatuz. Atzealdean bost musikari zeuden perkusioetan eta xilofoian, eta agertokian kolore argiz jantzitako 15 dantzari aritu ziren dantzaka eta kantuka, beren herriaren penak eta nahiak azaleratzen. Hala ere, ekitaldi gehienen eta soinu-bandaren geldotasunak zertxobait lausotu zuten lan estimagarri honen distira.



Otehitzari biraka ikuskaria bere garaian ikusi eta orri hauetan komentatu nuen, baina berriro ere ikusteko gogoa neukan, nik behintzat bigarren aldian beste era batean ikusten ditudalako gauzak. Egia esan, estreinaldi gauean askoz zentratuago ibili nintzen Oteizaren beraren figuran. Orain, ordea, bere osotasunean ikusi ahal izan dut Mireia Gabilondoren muntaia eta horrela hobeto baloratu ditut kontzeptu eszenikoaren dinamikotasuna eta soinu-bandaren edertasuna, eta lilurapean geratu naiz ostera ere Jon Maiaren koreografia eta Kukai dantza taldearen kemena eta dotorezia ikusita.Produktu biribil bat plazaratu dute Kataluniako MOM produkzioek eta Teatre LLiurek, arrakastara bideratua den horietakoa. Taula gainean bi emakume eta bi gizon dira, eta euren artean bi bikote xarmangarri osatzen dituzte. Beraz, gure panorama hurbilean hain ezagunak diren egoera-komedia tipiko baten aurrean gaude: kostunbrismoa nagusi, jende erdi gaztea eta nahiko burgesa, bikote harremanak mintzagai bakarraÉ Muntaiak, baina, baditu bertute ukaezin batzuk, hala nola elkarrizketen naturaltasuna, Kataluniako aktore-lan sendo-sendoa eta gaztelaniarekin batera katalanez eta euskarazko tarte laburrak ere agertzea, gizonezko biak bertokoak baitira.Azkenik, Blanca Arrieta konpainiaren Memoria dantza lana ikusi dugu Kursaaleko azoka gunean. Kutsu transzendental trinkoa duen koreografia hau errepikapena izan da niretzat, baina asko interesatzen zitzaidan hemengo emaitza, estreinaldian Bilboko Errekalden argiak izan zirelako koreografia eta espazioaren arteko harreman aberasgarriak. Ordea, nire sorpresarako, oso toki desegokian jarri dute oraingo emanaldia (stand-etan sortzen diren zurrumurruak eta telefono hotsakÉ). Baina, bestetik, Arrietaren koreografiak jendartean dantzatu, agertu eta presente egon nahi du, eta gainera dantzarien araztasun eta barne energiari esker erraz ahaztu dira hasieran gaindiezinak ziruditen zailtasun guztiak.

Dokumentuaren akzioak