Dokumentuaren akzioak
Dantza garaikidearen bidean
Edurne Sanz, Natalia Labiano eta Berta Bermudez gazteek Gaiarre antzokiko gala berezian parte hartuko dute gaur eta bihar
Gabonetako oporrak familiarekin igarotzera itzuli dira etxera dantzariok, eta, urte berria hasi bezain pronto alde egin baino lehen, hemen erakutsi nahi izan dute egiten ari diren lanaren lagin bat. Atseden orduak sakrifikatu dituzte iruindarren aurrean dantzatzeko, baina ahaleginak merezi du, Iruñean dantzatzeko aukera gutxi dutelako.
Ezaugarri komunak badituzte Sanz, Bermudez eta Labianok, baina dantzaren ibilbidean etapa ezberdinak bizi dituzte. Edurne Sanz hasmentan dago, ikasten oraindik. Madrilen ari da dantza garaikidea lantzen Carmen Senraren eskolan, arratsaldez, eta goizez, berriz, kontserbatorioan, klasikoa ikasten. Duela urtebete erabaki zuen dantzari izan nahi zuela, edo, behintzat, saiatuko zela: «Nire asmo bera duten beste hamaika dantzari gazte baitago». Konpainia gutxi, ordea, Sanzen ustez. «Horrek bultzatzen ditu dantzari guztiak kanpora».
Koreografo ospetsuekin
Berta Bermudez da atzerrian lanean ari diren dantzari nafarren artean bat. Belgikako Emio Grecoren konpainiako kide da egun, dantza garaikidearen esparruan garrantzitsuenetako bat. Aurretik, William Forsytherekin eta Nacho Duatorekin egin zuen lan, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean.
Lehen urratsak, ordea, Iruñean egin zituen, Almudena Lobonen eskolan, Edurne Sanzek bezala. «Ni neskato bat besterik ez nintzen, eta, Berta ordurako guztien artean nabarmentzen zen. Gogoan dut nik eta ni bezala hasi berriak ziren beste dantzariek ere asko miresten genuela eta aho zabalik ikusten genuela Berta dantzatzen», gogoratu du Sanzek. Iruñeko Udalaren ekimenak ikuskizun berean parte hartzeko aukera emanen die dantzarioi.
Bestelakoa da Natalia Labianoren ibilbidea, Bartzelonan hamar urte eman ondoren orain Bruselara joatea erabaki dute, hango konpainia batekin lan egitera. Bartzelonan ikasi zuen, Institut del Teatren, eta, ondoren, dantza klasikoa eta antzerkia ere landu ditu. Baina Sanzek eta Bermudezek bezala, dantza garaikidea nahiago du, dantzariari erran nahi duena eta sentitzen duena adierazteko askatasuna ematen diola uste duelako.
Garaikidea, naturalena
Dantza klasikoaren arau estuei ihes egin nahi diete hirurek, baina bakoitzak era bateko gogoeta egiten du dantza diziplinen inguruan. Sanzek, adibidez, naturaltasuna aipatu du, eta dantzaren garapena; dantza garaikidea «adierazpiderik naturalena» dela eta «dantzak egungo moldetara egokitu beharra» duela, alegia. Dantza klasikoa ikastea, ordea, funtsezkotzat jo du garaikidea lantzeko, «klasikoak ematen duen oinarri teknikoa guztiz baliagarria» delako garaikidean ere. Oro har, «edozer gauza ikasteko» prest agertu da Sanz.
Bermudezek dantza garaikidearen aldeko apustu garbia egin du, baina klasikoaren edertasuna aldarrikatu du. «Garaikidean ere arauak badira, baina naturalagoak dira; klasikoan, halaber, edertasuna miresten dut nik, baina ez dut gustuko egun klasikoarekin gertatzen dena, hau da, kantitateari ematen zaio garrantzia, teknika hutsa bilakatu da».
Labianok dantza garaikidearen izaera irekia azpimarratu du, eta artearen barruko beste hainbat diziplinarekin «jolasteko» ematen dion aukera. «Antzerkia edo kantua dantzarekin nahastea gustatzen zait niri, eta dantza garaikideak horretarako bidea ematen dit. Ikuskizun bat sortzea da gakoa», aipatu du. Eta horretarako, ikuskizun bat sortzeko, koreografiaren esparruan lehen urratsak eginda dago Natalia Labiano, eta hainbat sari ere eskuratu ditu. Oraingoz, hala ere, beste talderentzat sortzeko urratsa egiteko ausardiarik ez duela azpimarratu du. «Koreografia lantzea tokatu zait, egon naizen hainbat taldetan hori zelako lan sistema; hau da, denen artean prestatzen genituen koreografiak. Baina, oraingoz, nahiago dut barruan egotea, beste norbaitek ni zuzentzea».
Sanzen irudikoz, ordea, dantza garaikidearen eta beste diziplinen arteko muga malgu horrek dantzari garaikideen lana gutxietsi egiten du batzuetan. «Dantza garaikidearen barruan era askotako gauzak sartzen dira batzuetan, eta guztiei ezin zaie dantza erran. Dantza garaikidearen atzean teknika eta lan asko dagoela ez dugu ahaztu behar; denak ez du balio dantza garaikidearen esparruan».
Gaiarreko ikuskizuna amaitu- ta, lanera itzuliko dira Labiano, Bermudez eta Sanz. Lehenengo biak Belgikara, euren konpainiekin lanean jarraitzera. Labiano hilabete batzuk barru estreinatuko duten ekoizpen berria prestatzen ari da Ultima Vez konpainiako bere kideekin, eta Bermudezek, berriz, birak ditu zain. Sanz Madrilera itzuliko da, kontserbatoriora goizez, eta Carmen Senraren eskolara arratsaldez. Beste ikuskizun batek hirurak berriro Iruñean, oholtza berean, bildu arte.
DATUA
Bederatzi dantzari
Bederatzi dantzari ariko dira gaur eta bihar Gaiarre antzokian, 20:00etatik aurrera, dantzari nafarren galan.
Angel Rojas (dantza espainiarra)
Carlos Rodriguez (dantza espainiarra)
Berta Bermudez (dantza garaikidea)
Natalia Labiano (dantza garaikidea)
Edurne Sanz (dantza garaikidea)
Lucia Lakarra (dantza klasikoa)
Cyril Pierre (dantza klasikoa)
Maria Jimenez (dantza klasikoa)
Lienz Chang (dantza klasikoa)
Ziklo baten amaiera
Goraldiaren zain
«Dantzan, beste edozein alorretan bezala, zikloak badaude, eta orain beheraldi batean gaude». Berta Bermudezen hitzak dira, dantza garaikidearen esparruan nazioartean erreferentzia den Emilio Grecoren konpainiako kidearenak. Beheraldi hori duela bost urte hasi zela dio, «ideiak agortu» zirelako. «Azken urteotan aurretik bazegoena errepikatu besterik ez dute egin dantza konpainia garaikideek. Forsytheren lana, adibidez, erabat agortu arte kopiatu eta errepikatu dute hainbat taldek; batzuek lan ona egin dute, baina beste batzuek ez», azpimarratu du Bermudezek. Dantzariaren ustez, etorriko da berriro goraldia, «aldika funtzionatzen duelako dantzak ere». «Lehenagoko konpainia indartsuek beren hartan jarraitzen dute, baina ideia eta proposamen berriak behar ditu dantza garaikideak, eta horien zain da», erran du Berta Bermudezek.
Natalia labiano (dantzari garaikidea)
Bartzelonatik Bruselara
Dantzari iruindarrak Bartzelonan hasi zituen dantza ikasketak, Institut del Teatreko Goi Mailako Dantza eta Koreografia Eskolan. Dantza garaikidearen alorrean karrera bukaerako sari nagusia eskuratu zuen. Ana Moreno eta Concha Martinezekin ikasi zuen ondoren, dantza klasikoa, eta Jose Lainezekin, berriz, dantza-antzerkia jorratu zuen.
Dantzari ez ezik, koreografoa ere bada Natalia Labiano gaur egun. Dantzari gisa, Lanonina Imperial taldean aritu da duela gutxi arte, eta, Gabonetako oporrak bukatzean, Bruselara itzuliko da, Wim Vanderkeybusen Ultima Vez konpainian hasi baita berriki lanean. Betiere, dantza garaikidearen eremuan. Koreografiaren atalari dagokionez, hainbat sari eskuratu ditu; tartean, Madrilgo eta Bartzelonako Ricard Moragas sariketetan. Gaiarren, Mis mujeres eta En tus ojos koreografiak aurkeztuko ditu.
Berta Bermudez (dantzari garaikidea)
Izar garaikidea
Zaragoza izan zuen sorterri, baina txikitan ailegatu zen Iruñera Berta Bermudez. Iruñeko beste hainbat dantzarik bezala, Almudena Lobonen eskolan egin zituen lehen urratsak dantzaren munduan. Profesional gisa, berriz, William Forsytheren eskutik ekin zion bideari. Ondoren, Nacho Duatok zuzendu Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean aritu zen, eta egun Emio Grecoren konpainian dago, Belgikan. Dantza garaikideari dagokionez, konpainia esanguratsu eta garrantzitsuenetako bat da Emilio Grecorena nazioartean. Gaiarren, Grecoren Solo eta Double Pointg 2 koreografiak eskainiko ditu. Lanok berak bakarrik dantzatzeko egokitu ditu.
Edurne sanz (dantzari garaikidea)
Lanaren fruitua
Zortzi urterekin murgildu zen Edurne Sanz iruindarra dantzaren munduan. Duela urtebete arte, ordea, ez zuen erabaki dantzari izan nahi zuela. Nafarroako Dantza Eskolan egin zituen lehen urratsak, eta orain Madrilen dago ikasten, Nafarroako Gobernuak eman laguntzari esker. Madrilen, Carmen Senraren eskolan dantza garaikidea jorratzen du Sanzek, eta kontserbatorioan, berriz, dantza klasikoa ikasten du.
Gaiarreko ikuskizunean bera da ikasketak oraindik amaitu ez dituen dantzari bakarra, baina ez da oholtza batera igotzen den lehen aldia. Nafarroako Gobernuak antolatu Eszena dantza jaialdian ere aritu zen duela hainbat hilabete, Nafarroako Antzerki Eskolaren egoitzan, Iruñean.
Sanzek bihar parte hartuko du Gaiarreko ikuskizunean. Persiguiendo un sueño izenburuko pieza egin du dantzari iruindarrak, okasiorako propio.
Atzerrira
Hemen dantza garaikideko konpainia gutxi dagoelako jotzen dute dantzari gazteek kanpora
Teknika
Dantza garaikidearen arauak ez dira klasikoarenak bezain estuak, baina atzean teknika ere badago
Dokumentuaren akzioak