Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza garaikidearen aukerak

Dokumentuaren akzioak

Dantza garaikidearen aukerak

Dantzaldiaren 21. edizioak hamabost ikuskizun emango ditu, abenduaren 18ra bitarte. Besteak beste, genero identitatea eta zahartzea jorratuko dira dantza emanaldietan
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2020/09/26
Lotura
Berria
Besteak beste, Ana Moralesen flamenko emanaldia ikusi ahal izango da Bilboko Guggenheim museoan.
Besteak beste, Ana Moralesen flamenko emanaldia ikusi ahal izango da Bilboko Guggenheim museoan. DANTZALDIA

«Erresistentziatik datorren jaialdi bat da». Kulturaren ertz guztiak blaitu dituen ezjakintasunak kolokan jarri zuen baita Dantzaldia ere, Luque Tagua zuzendaritzako kideak azaldu duenez. Hala ere, «argi» zuten ez zutela edizioa bertan behera utzi nahi, «inondik inora ere». Esan eta egin. Dantzaldia abian da hogeita hamaikagarrenez, abenduaren 18ra arte. Otsailean aurreikusitako programa «berrantolatu» behar izan dute, baina, halere, «konpainia garrantzitsuak eta mundu mailako lanak» bildu ditu, «hausnartzailea eta dibertigarria» den egitarau batean: guztira, hamabost ikuskizun, bederatzi emanalditan banatuak. Pieza horietako batzuk doan ikusi ahal izango dira, eta gainontzekoak, sei eurotik aurrera.

Koronabirusaren eragin nabarmenetariko bat da aurten ez dituztela emango Dantzaldian ohikoak izaten diren «sorkuntzarik berrienak». Emanaldi gehienak estreinaldiak izango dira Euskal Herrian, baina hemendik kanpo ibilbidea egina dute dagoeneko. «Egoera honetan, dantzariek ezin izan dute entseatu. Gorputzek sala batean elkartu behar dute, eta hori galarazi egin zaie. Ez da bakoitzak bere etxetik egin dezakeen lan bat». Jaialdiko lehen ikuskizuna, Iratxe Ansa eta Igor Bakovitxen Metamorphosis Dance, estreinatua zegoen; beste ikuskizun batzuek bi urte daramatzate oholtza gainean.

Horiek guztiek, ordea, egitarau «askotarikoa» egin ahal izatea ahalbidetu dute, Taguak aldarrikatu duenez. Izan ere, jaialdiak dantza mota asko biltzen ditu dantza garaikidea kontzeptu zabalaren barruan, eta gaietan ere ugaria da, ikuskizunek generoaren identitatea edo gorputzaren zahartzea baitituzte hizpide, besteak beste. Izan ere, Dantzaldiko programak «aniztasuna» du oinarri, eta hori aurten ere lortu dute: «Publikoak badaki Dantzaldian gauza ezberdinak ikusiko dituela, ez dela ohiko programazioa izango. Gorputzaren poetikak pertsonak bezain ugariak baitira». Taguak azpimarratu nahi izan du zer garrantzia duen, publikoarentzat ez ezik, baita antolatzaileentzat ere: «Beste inon egingo ez liratekeen lanak antolatzeko aukera ematen du festibalak. Dantzaldian aritu izan diren konpainia askori zirkuitu bat ireki zaie Euskal Herrian».

Espazio egokiak

Dantzaldia La Fundición aretotik ernatutako jaialdia da, baina, gaur egun, Bilboko beste hainbat aretotara ere zabaldu da. Taguaren hitzetan, «ez da jaialdi eroso bat, ikusten den guztia zalantzan jarri nahi baitu»; hedadurari esker, saiakera hori oso espazio ezberdinetan egin daiteke. Izan ere, ikuskizun bakoitza non joango den erabakia ez da ausazkoa: «Espazioak normalean duen programazioarekin harremana izaten dute emanaldiek». 

Horiek hala, aurtengo bi flamenko ikuskizunak bi aretotan egingo dira. Nahiz eta printzipioz diziplina berean sailkatzen diren, espazio bananduak eman dizkiete, flamenkoa ulertzeko «bi modu ezberdin»direnez. Hala, Leonor Leal BBK Aretoko taulara igoko da oraingoan; hainbatetan aritu da La Fundicionen. «Pieza honetan, flamenkoaren zutabetako bat, cante-a, ez dago; gitarra jotzen da, eta perkusiozko lana dago». Ana Moralesen ikuskizunak, aldiz «estruktura formalagoa» du, baina «eszena berri garaikidearen ikuspegiak zeharkatzen du». Ondorioz, Guggenheimen arituko da Morales.

Bestalde, La Fundicionen ikusi ahal izango da Dinis Machadoren ikuskizuna. «Lan erabat performatiboa da, non maskulinoaren eta femeninoaren arteko bitasunaz ari den, queer kontuez, drag queen-ez... Erdibidean egoteaz dihardu, funtsean». Halako ikuskizun «arriskutsuagoak» Deustuko aretoan egiten dituzte, «eremu babestua» delako eta «beste begirada» bat izatea ahalbidetzen duelako, batetik, eta, bestetik, «saiakerak eta akatsak egiteko» espaziotzat dutelako La Fundicion. EHUrekin batera antolaturiko zinema zikloa, aldiz, Arkitektoen Elkargoaren egoitzan kokatu dute, arkitektura eta dantza uztartzen dituen ekitaldia baita: «Inporta zaigu nola koreografiatzen den hiri bat? Hirian, denborak arautuak dira, abiadura ezberdinetan dabiltzan gorputzak daude... Horren inguruan hitz egingo dute koreografo batek eta arkitekto batek».

21 urteko ibilbidea

1999an, «Guggenheim sortu eta pare bat urtera», Dantzaldiak lehen edizioa antolatu zuen. «Hiria suspertzen ari zen, eta Bilbok egun den honetan bihurtzeko bidea hasi berria zuen», gogoratu du Taguak. Egoera horretan, dantza garaikidearen jaialdia «erreferente» bihurtu zen, «orduan heltzen ez ziren» tokiko zein mundu mailako dantzak ekarri baitzituen Bilbora. «Beste modu batean etorriko ez ziren konpainiak ekarri ditugu Bizkaira. Gainera, ondoren ibilbide oparoa izan duten sortzaileen sarrerako atea ere izan da Dantzaldia».

Gaur egun, garapenak garapen, ez du galdu hasierako hauspo izaera. «Hiria aldatu da; orain, mota askotako ekitaldiak daude. Baina Dantzaldiko programazioak jarraitzen du zerikusirik ez izaten areto arruntetan egiten diren ikuskizunekin».

Dokumentuaren akzioak