Dokumentuaren akzioak
Dantza garaikidea jorratzen duten koreografo gazteen aukera
Koreografo Gazteen Erakusketan aukeratutako lau lanek ostegun honetan izango dute azken emanaldia, Barakaldo Antzokian
Lau pieza labur aukeratu dituzte aurten erakusketan ikusi ahal izateko: Jose Ignacio Monteroren Naranjas del tiempo, Matxalen Bilbaoren Lotura, Atxarte Lopez de Munainen 9 eta Maria Ibarre-txeren Txatxorras cube. «Joan den apirilaren 3an Elorrion izan zen ekitaldi berezi batean 2003ko deialdian emandako dirulagun-tzen bitartez sortu ziren 11 lanak eszenaratu ziren Euskadiko dantza munduko hainbat pertsonen aurrean. Hantxe, guztien artean, koreografoak eurak ere barne zirelarik, aukeratu ziren Erakusketaren VIII. edizio honetan ikusi ahal izango diren piezak. «Aukeratu ziren eta erakusketan ikusi ahal izango diren lanez gain, aipatu egin nahi ditut hautaketa hartan aurkeztu ziren beste zazpi lanak ere, izan ere, zuten kalitateak zaildu egin baitzuen azken aukeraketa», goraipatzen du Aranak.
«Formato laburreko pieza hauek oso egokiak dira areto eta ekitaldi mota askotara moldatzen direlako. Denborarekin erakusketa hau formato laburreko jaialditxo batean bihur liteke», aipatzen du Aranak.
Gasteizen egin zuten lau dantza lanen estraineko erakustaldia, joan den apirilaren 22an. Gero, Donostian izan dira igande honetan bertan eta ostegunean Barakaldo Antzokian ariko dira iluntzeko 20:00etan. Era berean, Donostiako Antzerki feriaren barruan uztailaren 7tik 10era burutuko dena, Dantzaren Plataformaren IV. emanaldia izango da. Ekimen horren bitartez, iaz beren lan proiektuak garatzen lagundu zitzaien konpainiek erakutsi egingo dituzte beren ekoizpen berriak, bai jendaurrean bai egun horietan Donostian izango diren antzerkiko eta dantzako profesionalen aurrean.
Koreografo Gazteen Erakusketa, ordea, ez da arrakastarako edo hobe esanda, profesionaltasunerako txartel bat. Aukera bat da, ibaiaren beste aldera daraman zubian urrats berri bat. Programa honek aukera bat ematen du. Bide bati eusteko ilusioa eta konfidantza. Ekimenaren parte izandako hainbat koreografo, gerora, profesional bihurtu dira. Duela gutxi Barakaldo Antzokian 3.600 lana aurkeztu zuten Damian Muñoz eta Blanca Arrieta edo Idoia eta Asier Zabaleta dira horren adibide argiak.
«Euskal Herrian dantzaren munduan murgildu nahi duen jendea badago. Gertatzen dana da, dantza garaikidea lantzeko lekurik ia ez dagoela. Panorama nahiko eskasa da», argitzen du ekimenaren arduradunak. Aranaren hitzetan, erakusketaren maila «txikia da, noizbehinka gauza politak ateratzen diren arren. Hala ere, etorkizunera begira dantza garaikidearen erreferentzia bat izan gura dugu. Dan-tzaren munduan esfortzu handia egiten ari gara bide berriak zabal-tzeko eta gazteak bultzatzen. Bide horretatik ari gara eta momentuz behintzat eutsi egingo diogu».
Erakusketak ematen dituen emanaldietan biltzen den lagun kopurua ez da zoratzeko modukoa. Askotan esan izan da, dantza garaikidea gutxiengo baten pasioa dela. Mundu zaila dela ukatzerik ez dago. Askotan bertan erabiltzen den lengoaia, espresatzeko modua, itxia izaten da, ulertzeko gatzegia akaso, arlo horretan jantzia ez dagoen jendearentzat. Hori dela eta, lagun gutxi joan ohi da emanaldietara, baina bertaratzen diren ikusentzuleak oso fidelak izaten dira. «Gazteen artean interesa badago beste bide batzuk jorratzeko, tendentzia berrietan miatzeko», dio Aranak berak.
Askotan, ordea, publiko eskasa izatearen arrazoia ez da faktore bakar batean oinarritzen. Esan nahi da, egia izan daiteke dantza garaikideak eta orokorrean arte garaikideak erabiltzen duen hizkuntza askorentzat arrots izatea, baina horrek ere eskaintzarekin harreman zuzena du. Gutxi dira Euskal Herrian dantza garaikidea lantzen irakasten duten eskolak eta gutxi ere dantza garaikideari lekua egiten dioten antzoki edo aretoak. Dantzaren munduan sartuta dauden hainbat profesionalek salatu dute dantza garaikidea ez dela askotan programatzen. Erantzuna beti izaten da berbera, alegia komertziala ez dela. «Gauzak gutxika aldatzen ari dira eta horretan ere urratsak eman ditugu aurrera», onartzen du Aranak.
Horren adibide aipagarria da joan den larunbatean Bilboko Arriaga Antzokian Aukeran dantza taldeak eskaini zuen emanaldia. Izena duen guztia omen da ikuskizuna taularatu zuen Edu Muruamendiarazen taldeak. Antzokia ez zen leporaino bete, baina hurbildu ziren lagunak gozatua hartu zuten dantza tradizionala eta garaikidea nahasten zuen ikuskizunaren aurrean. Ikusleak dantza garaikidea ulertzen ez duela diote. Akaso egia izan daiteke. Esana da dantza garaikidearena lengoaia itxia dela, baina askotan gozatzeko, disfruta-tzeko, ez da ulertzea inportanteena, sentitzea baizik.
Dokumentuaren akzioak