Dokumentuaren akzioak
Dantza garaikidea izango da ikusgai gaur Andoainen
Azelain Baletak emango dio hasiera ikasturteari
Azelain Balet Elkarteak zenbait ikuskizun antolatu ditu gaurko, hirugarren ikasturteari ekiteko. Bertan, dantza klasikoaz gain, beste esperimentu berri batzuk ere aurkeztu eta bultzatuko dituzte.
Arratsaldeko 17:00etan izango da ikasturte berriko hasierako ikuskizuna, eta bertan lau koreografia-antzezpen egingo dira: A suivre, Sandra Cuesta eta Gabriele Muñagorrirena; Coventry Carol, Ana Remiroren koreografia; Ya se donde me duele, Kontxi Lopez, Beatriz Txurruka eta Marta Ortegaren lana; eta Jostagarria, Elena Alzurirena.
Duela bi urte sortu zen Azelain Balet Elkartea, Andoainen, nahiz eta aurretik ere bertako zenbait taldekide lanean ari ziren Ana Remiro irakaslearekin. «Dantza bultzatzeko helburuarekin sortu zen elkarte hau, irakasleek, ikasleek eta gurasoek zuten kezkari erantzuna emateko», azaldu digu Amaia Santxez Azelaineko lehendakariak.
Dantza garaikidea protagonista
Indarrean dagoen dantza klasikoa izan zen abiapuntua, eta hortik, beste arlo batzuk jorratzera igaro dira orain, dantza garaikideari eta contact dantzari ere bultzada emanez.
Andoaingo Balet Elkartea lan handia ari da egiten dantza garaikidea suspertu nahian; horretarako, ikerkuntza helburuarekin zenbait tailer antolatzen ditu ikasturte osoan, koreografia eta sormenerako. Bertara Gipuzkoako hainbat herritako dantzariak biltzen dira.
Contact dantza estilo berriaren topaketak ere antolatzen dituzte bi hilean behin, Gipuzkoan egiten diren bakarrak. Ikastarootako irakaslea Olaff Kheller alemana da.
Azelainen helburua ez da eskolak ematea soilik: ideia eta proiektu berriz gainezka daude bertako partaideak, eta horren adierazgarri dira Konposizioa eta inprobisazioa deituriko ekitaldiak, Iker Filomarino eta Elisabetta Diterlizzik, lantzean behin, emango dituztenak.
Aurtengo ikasturteko berrikuntzarik nabarmenena dantza garaikideari emango zaion garrantzia izango da. Orain artean baletak pisu handia hartu du, eta aurtengo ikas- turtean beste estilo batzuk esperimentatu eta bultzatuko dituzte Azelain Balet Elkartekoek.
Dokumentuaren akzioak