Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza garaikidea, ideia eta leku eske

Dokumentuaren akzioak

Dantza garaikidea, ideia eta leku eske

Neure buruari galdetzen diot zer gertatuko ote den Dantza Garaikidearekin. Kezka ez da pertsonala bakarrik, azken batean ia eginda daukat neure ibilbide osoa. Datozen belaunaldiez ari naiz. Zertan egingo dute lan, zelan iraungo duten… Eta kezkagarriena: zer gertatuko zaion Dantzari, letra larriz.
Egilea
Matxalen Bilbao
Komunikabidea
Hiruka
Mota
Iritzia
Data
2020/02/26
Lotura
Hiruka

Dantza garaikidea, ideia eta leku eske

Entretenimenduaren kultura izango da helburu bakarra? Bai, egia, horrek badu alde positiboa: kultura demokratizatzea, denengana ailegatzea, denek ulertzea, baina sakontzeko aukera galtzen ari gara, askeak izateko eta espiritu kritikoa sortzeko aukera. Adeitsuak izan nahi dugu, gustatu… eta txarra da hori. Ez dut ezer entretenimenduaren eta ikuskizunaren aurka, are gehiago, dibertitu egiten naute, baina dantza ikuskizun huts bilakatzen bada galdu egingo du bere benetako funtsa, sormena, bilaketa, askatasuna, kritika…

Ikusleak hezi beharrean, haiek moldatzen dute kultura eta, ondorioz, sortzeko ahalmena murriztu eta gutxiesten da. Denok onartzen dugun zerbait da. Horregatik galdetzen diot neure buruari norantz ari diren mutatzen dantza, kultura…     

Antzoki gehienek ez dute dantzarik programatzen, eta programatzen dutenek ez dute egiten entretenimenduzkoa ez den dantzaren aldeko apusturik. Hala, sormenezko dantza zokoratuta gelditzen da gune txiki eta alternatiboetan, ia elitistetan, non oso ikusle gutxirentzat dantzatzen den; batzuetan hamar lagun ere ez dira biltzen. Egoera horri kultur politikak gehituz gero, emaitza beldurgarria da. Orain dela hamarkada bi baino gehiagotik hona, Euskadin laguntzak daude sorkuntzarako, lanak ekoizteko… Ondorioa da merkatua gainezka dagoela eta sarea ez dela gai hain eskaintza handia bereganatzeko. Etorkizunaz pentsatu gabe eta sektoreak berezkoak dituen oinarrizko beharrizanak kontuan izan gabe gaurkoaz baino arduratzen ez den urte askoko kultur politikaren uzta da hori.

Jakin nahi nuke arazoa zein den. Alde batetik sorkuntza sustatzen da, eta beste aldean amildegia dago. Gure sektorearen prekaritateaz ez da inoiz berba egiten, arte eszenikoetan ahizpa pobrea izatera ohitu gara eta gure errealitatea horrelakoxea dela onartu dugu.  

Kanpotik inbidiaz begiratzen digute. Itxura guztien arabera testuinguru egokian gaude, non dantzan jarduteko ausardia eta beharra izan dugun guztiok duintasunez bizi gaitezkeen… Batzuetan muga-mugan. Adabakietan oinarritutako kultur politika horren emaitza sektore zabal eta interesgarria da, baina baliabide eta aukera urrikoa.

Antzokiek dantza ez programatzearen arrazoi nagusia ikusle-falta da. Urteotan ez da lortu dantzarekiko interesa handitzea eta bestelako ikusleak erakartzeko estrategiarik ez dago. Badira adibide batzuk, baina oso xumeak. Aldiz, ezagutzen ditut kultura kudeatzeko beste eredu batzuk, hala nola Frantzian, Ingalaterran, Portugalen… Batzuk aipatzearren. Herrialde horietan, ikuslego berriak sortzeko ideiak garatzen dituzte. Herritarrek parte hartzen dute ereduotan, eta interesa agertzen dute antzokiek eskaintzen dituzten jardueretan aritzeko, performancetik eta erakustalditik harago. Jarduera horien bidez ikusleen fideltasuna lortzen da, komunitatea eratzen da. Pertsonak "jarraitzaile" aktibo bihurtzen dira, eta proposamenetan parte hartzen dute.   
Funtsezkoa da artisten eta gizartearen arteko elkarrekintza garatzea kultur jarduerek jarraitzaile gehiago izateko. Dantza hurbiltzea, erakustaldiak egiteko guneak eta antzokiak zabalduz. Sortzaileen eta dantzarien gaineko informazioa eskaintzea, baita gauzatu nahi dituzten proiektuen gainekoa ere. Horretarako, norabide bakarrari begira eta plano berean lan egin behar dute artistek eta kultur kudeatzaileek kultur bizitza dinamizatzeko helburuarekin.  

Gure inguruko kultura-guneek duten kudeaketa-ereduan, emanaldiak dira jarduera bakarra, eta jendea ez da horietara joaten ez duelako bat egiten hor gertatzen denarekin, ez du sentitzen berari zuzendutakoa denik, parte-hartzerako ereduak ez dio nahi adina sarbide eskaintzen proposamen artistikoetan murgiltzeko.    

Antzoki gehienak jenderik gabeko eraikinak dira, eta inor ez da ahalegintzen horiek edukiz betetzen. Artistok parte hartzeko eta antzokiak okupatzeko gogoa dugu. Borondatea behar da, gu arduratuko gara ideiak emateaz.

Dokumentuaren akzioak