Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eta tokian tokiko aldarrikapenak plazaratzeko egunak

Dokumentuaren akzioak

Dantza eta tokian tokiko aldarrikapenak plazaratzeko egunak

Gipuzkoan kontserbatorioa egiteko eta titulazioak homologatzeko eskatuko dute

Egilea
Igor Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/04/27

Gaur, Gipuzkoako hamabost dantza eskolek koreografia bana aurkeztuko dute Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. 12:00etan, 7 eta 12 urte bitarteko dantzariek euren adinei egokitutako ariketak egingo dituzte. 12:30etik aurrera, berriz, helduek dantzatuko dute. Horrenbestez, balet klasikotik joera berritzaileenetara doazen erritmoak dantzatuko dituzte.



Igandean, 12:00etan, Donostiako Kontxako barandetan sei eta hamar urte bitarteko haurrek barra klasikoko erakustaldia egingo dute. 12:30ean, hamar urtetik gorako dantzariek ariketa bera egingo dute.



Astelehenean, Tolosan egingo den ekitaldia izango da guztietan garrantzitsuena. 19:00etatik aurrera, Tolosako Leidor antzokian hainbat konpainiatako dantzari profesionalek balet klasikoa, dantza garaikidea, flamenkoa, dantza klasiko espainiarra, klakea, tangoa eta euskal dantzak dantzatuko dituzte.



Tolosan ariko diren taldeen artean, Kataluniako Balet Klasikoko Konpainia Gaztea, Alizia Alonso Katedra eta Aukeran taldea nabarmendu zituen atzo Donostian, Gipuzkoako Dantzari Profesionalen elkarteko zuzendari Katixa Pereak.



Nazioarteko dantzaren egunari begira, Gipuzkoako Dantzari Profesionalen elkarteak bi aldarrikapen nagusi egingo ditu: Gipuzkoan dantza kontserbatorioa sortzeko eta plan zaharreko dantzako titulazioak homologatzeko. Ildo honetan, Artelekun dantza ikastaroak egiteko erabiltzen den aretoari erabilpen gehiago ematerik badela esan zuen Pereak.



Ekitaldi ugari



Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak antolatutako egitarautik kanpo, ekitaldi ugari egingo dira datozen egunetan. Gaur, Idoia Zabaleta, German Jauregi eta Jorge Jauregik sortu duten El rato de Jose ikuskizuna estreinatuko da Deustuko La Fundicion aretoan. Gainera, Aukeran taldeak Sutargi obra aurkeztuko du Azkoitiko Baztartxo antzokian.



Bihar egingo diren ekitaldien artean, Tempomobilek Iruñeako Gaiarre antzokian aurkeztuko duen Airborn ikuskizuna eta Hondarribiko IV. Euskadiko Doinu Zahar Txapelketa nabarmen daitezke, besteak beste. Hondarribian egingo den lehiaketa bi sailetan banatuko da: 11:30etik aurrera, erribera eta punta motz doinuak dantzatu beharko dituzte parte hartzaileek. Finalera iristen direnek, zortzikoa eta ormatxuloa dantzatuko dituzte.



MEZUA



Dantzariak sentitzeko jaioak dira



Dantzaren Nazioarteko Egunaren karietara, Katherine Dunham koreografo estatu batuarrak idatzi du munduan zehar zabalduko den mezua. Hainbat sariren irabazlea da Dunham, eta dantzari buruzko zenbait liburu idatzi ditu.



Artista guztiak bezala, dantzariak sentitzeko jaioak dira, eta besteei sentiarazteko. 2001eko irailaren 11ko gertaera lazgarriak izanez geroztik, bat-batean, sentimendu deien erdian egonak gara.



Forma eta mugimenduaren grazia aparta emana zaie dantzariei. Izpirituz bizi dira: gorputza, gogoa eta arima, denak batean, egintza bakan eta etengabeetan.



Sekula dantzari utzi gabe. Gerta ala gerta, Jainkoa lagun, latzena igaroa da, nik diot: Ez utzi sekula dantzan egiteari!

Dokumentuaren akzioak