Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eta osasuna eskutik helduta

Dokumentuaren akzioak

Dantza eta osasuna eskutik helduta

Maialen Araolaza fisioterapeutaren ikerketak azaleratu du euskal dantzak onurak dituela zahartzaroan; arreta eta oreka lantzen dituenez, dantzatzea egokia da zahartzaroko narriaduraren prebentziorako. Osasunaren Mundu Erakundeak ere eskatu du artea osasun sisteman sartzeko.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2020/12/12
Lotura
Berria
Bi lagun sokadantzan; artxiboko irudi bat.
Bi lagun sokadantzan; artxiboko irudi bat. GARI GARAIALDE / FOKU

Dantza botika gisa. Bada, bai, dantzak onurak baititu osasunerako, eta zahartzaroan lagungarria izan liteke narriaduren prebentziorako. Orain arte Euskal Herrian ez zaio arreta handirik eskaini dantzak osasunari egiten dion ekarpenari, baina adituek uste dute egoera aldatzen hasi dela. Ikerketetan oinarrituta, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere eskatu du arteari kasu egiteko. Euskal Herrian, Maialen Araolaza fisioterapeutak euskal dantzak zahartzaroan dituen onurak azaleratu ditu bere tesian.

Normalean, oinez ibiltzeko agindu ohi dute medikuek; izan ere, edozeinentzat eskuragarria da; edonork egin dezake, eta bakoitzak bere mailan egiten du. Gainera, oinez ibiltzeak eragina du osasun kardiobaskularrean, eta Araolazak dio hori garrantzitsua dela. «Oso gauza onak ditu, baina agian ez da nahikoa», zehaztu du: «Askotan, oinez ibiltzera bazoaz, ez duzu beste ezer egiten, eta badirudi oinez ibiltzea ez dela aski gaitasun funtzional maila altua dutenentzat. Dantzak plus bat ematen dio funtzio kognitibo-motorrari, eta hori oso interesgarria da zahartzaroko narriaduraren prebentzioan». Adibidez, erorikoak prebenitzeko, ikerketek diote oinez ibiltzeak ez duela nahikoa sustatzen orekaren funtzio hori.

Ikerketan, zenbait neurketa egin dizkiete oinez ibiltzen diren 22 emakumeri eta dantzatzen diren 22 emakumeri. «Emakume horiek oso aktiboak dira, eta gaitasun funtzional maila altua dute, eta ikusi dugu funtzio kognitiboa eta fisikoa uztartzen dituen gaitasun ona dutela». Gaitasun hori mantentzeko, jarduera batzuk egokiagoak direla argitu dute.

Oreka eta arreta: bi kontzeptu horiek azpimarratu ditu fisioterapeutak. Ohartarazi du maila kognitiboa jaisten den heinean funtzio motorra ere jatsi egiten dela. Adibidez: oinez ibiltzean, pentsatzeak errendimendua kentzen dio funtzio fisikoari. Zailtasunaren menpe dago: ariketa matematiko bat egin behar bada, baliteke abiadura moteltzea. «Zahartzaroan bereziki handitzen da arrakala hori. Pertsona nagusiak oinez ibiltzen direnean, behintzat gaitasun funtzional hori narriatzen hasten denean, polikiago ibiltzen dira; hitz egiteko gelditu egiten dira, edo ez dute ondo esaten esan nahi dutena». Hori aztertu dute: zer gertatzen da arreta eta oreka maila altuan eskatzen direnean? Araolazaren erantzuna: «Dantzan aritzen direnen egoera hobea da oinez ibiltzen direnena baino».

Euskal dantza da Araolazak aztertu duena, baina egin dira ikerketak beste dantza mota batzuekin ere. Euskal dantzaren esparruan, ikusi du heterogeneotasun handia dagoela: «Urrats guztiak egiten dira eskumarekin eta ezkerrarekin; patroi erritmiko pila bat daude, eta errepertorio zabala: jauziak, balsak, fandango eta arin-arinak, zortzikoa... Adibide oso-oso on pila bat daude lantzeko: mugimendua, desplazamenduak, tokian, bueltekin, aurrera eta atzera, bikotearekin, lerroan, borobilean... Arreta handia eskatzen du horrek, eta hori oso interesgarria da».

Noski, dena ez da maila guzietarako egokia. Adibidez, itzuliak agudo eman behar badira, oreka galtzea ekar dezake, bereziki gaitasun hori ez badago erabat ongi. Malgutasun edo indar handia eskatzen dutenak ere arriskutsuak izan daitezke. Komeni da nor bere mailan aritzea.

Burmuina dantzan

Jose Luis Trejo neurobiologoa da, eta Norbanako Helduaren Neurogenesia taldea zuzentzen du CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian. Dantzaren alde mintzatu da: «Neurrizko jarduera fisikoa, giza harremana eta dibertsioa biltzen ditu dantzak; beraz, sedentarismoaren kontrako jarduerarik egokiena dela esan liteke». Izan ere, bizi estiloan burmuinari «onura gehien» egiten dioten bi elementuak ariketa fisikoa eta aberastasun kognitiboa direla dio: «Oinez ibiltzeak, dantzatzeak eta halako ariketek burmuinean egiturazko aldaketak eragiteaz gain, haren funtzionamendua hobetzen dute».

 

 

Ongi pasatzea garrantzitsua da ekuazio horretan: «Gozamena ezinbesteko elementua da ariketa hauetan, gogo egoera positiboa sortzen dutelako, eta, modu horretan, ariketaren aldaketa estrukturalak bultzatzen ditu». Horregatik, musika nabarmendu du Trejok. Araolazaren aburuz, osasuntsu egoteko, zer egin behar den baino gehiago, zer egin nahi den identifikatzea da garrantzitsua: «Egoera emozionalak badu jarduera fisikoarekin lotura: gogorik gabe ez da jarduera fisikorik egiten». Horregatik uste du euskal dantza erakargarria dela Euskal Herrian, baina, beste toki batzuetan, beste dantza batzuk.

Dantzak gozamena eskaintzen du. Mari Cruz Ugarte duela bi urte hasi zen helduentzako dantza ikastaroetan, Elgoibarren (Gipuzkoa). «Erretiratuta nago, eta beti eduki dut dantza egiteko ilusio handia, baina ez nuen aukerarik eduki ikasteko», kontatu du. Lagun baten bidez hasi zen ikastaroan. «Berehalaxe sortu zen giro oso ona». Dantza «errazak» egiten dituzte: balsak, polkak, jauziak... Ordu eta erdiz aritzen ziren astean, pandemiak eskolak bertan behera utzi zituen arte

Ugalde kontent eta gogotsu aritzen da dantzan: «Gauza asko ematen dizkigu: ariketa fisikoa egitea, gorputza mugitzen dugulako; burua ere bai, pausuekin eta bueltekin burua lantzen dugulako; musikari jarraitzea eta erritmoa lantzea, eta sozialki ere asko ematen digu, dantza asko bikoteka egiten ditugulako, eta gertutasuna sortzen da». Baina, poza da gehien nabarmendu duena: «Gimnasia egin izan dut; oso aberatsa eta polita da, baina diferentea, hotzagoa. Dantzak ematen duen barruko poz hori... Dantzara joaten garenean, serio gaude, baina bukatzen dugunean, denak irribarretsu, kontentu. Beste gauzek ematen ez didaten alaitasun bat ematen dit dantzak».

Juan Pedro Aramendia ere erretiratua dago, eta dantza egiten du; ez du uzteko asmorik. Gazterik hasi zen euskal dantzetan, eta Zangozako (Nafarroa) Rocamador taldean jarraitzen du. «Noski, orain barraskiloak bezala aritzen naiz: lurrari lotuta egiten dut dantza. Jauziak ezin ditut jauzika egin; lurretik gertu egiten ditut».

Ezin dantza utzi

«Harrapatuta nauka». Aramendiak ezin du dantza utzi. «Dena eman dit». Baina, bere pasioa ez ezik, osasun iturri ere bada: «Sasoiari eusten ere lagundu dit: buruarenari eta gorputzarenari». Barize operazioa egin ziotenean, medikuak kirolaria zela pentsatu zuen, zangoengatik. Dantzaria zela argitu zionean, asko dantzatuko zela bota zion medikuak. «Ez dakik ongi», erantzun zion Aramendiak.

Etxealdian ere ez zen gelditu. Egongelako altzariak alboratu, eta dantzan aritzen zen emaztearekin. «Jauziak egiten genituen, baina porrusaldaren bat ere egin genuen». Orain ere badu alternatibarik: «Lokaleko giltzak ditudanez, eta nork bere burua besterik ez duenez behar, tarteka joaten naiz bakarrik dantzatzera».

Osasunerako ona izanagatik ere, behar besteko arretarik ez zaio eman dantzari. Iaz, Munduko Osasun Erakundeak, 900 argitalpen zientifiko aztertuta, ohartarazi zuen arteak osasun fisiko eta mentalean lagun dezakeela, eta, beraz, gobernuei eskatu zien arte eta osasun sektoreen arteko lankidetza hobetzeko estrategiak eta politikak garatzeko. Trejok ere argi du: «Burmuineko osasunean praktikoki sartu eta bultzatu beharko litzateke artea: artearekin gozatzeak ongizatea eta erlaxazioa sortzen ditu, eta, batez ere, estresa baretzen du».

Araolazak uste du osasun sistema publiko oso sendoa duten tokietan gehiago erreparatzen zaiola, baina Euskal Herrira ere heldu da olatua: «Osasun sistemak prebentzioa benetan kontuan hartu behar du. Agian ez da dantza bezainbeste egiten den beste jarduerarik zahartzaroan, eta ez da kontuan hartzen. Berandu dator dantzaren kontua, baina pozik gaude badatorrelako».

Dokumentuaren akzioak