Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eta musika izango dira Errenterian egingo den Erromeria Eguneko protagonista

Dokumentuaren akzioak

Dantza eta musika izango dira Errenterian egingo den Erromeria Eguneko protagonista

Egilea
Igor Mujika
Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2001/07/05

Oreretara uztailaren 14an gerturatzen direnek gogotik dantza egiteko aukera izango dute, datorren asteko larunbaterako Ereintza Dantza Taldeak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak lagunduta, Erromeria Eguna antolatu baitu.



Egun horretan parte hartu nahi duten herritar, dantzari eta musikariek lehen hitzordua, 11.00etan izango dute, Koldo Mitxelena enparantzan, eta jarraian, bertan bildurikoak Oreretako kaleetan barrena abiatuko dira, herriko gune esanguratsuenetan geldiuneak eginez, eta, bide batez, musikariek jotzen dituzten piezen arabera dantzatuz.



Hala ere, Erromeria Eguna jarraitu nahi dutenek ez dute zertan hurrengo elkargunera, 13.00ean Zumardira, batera joanik, ordurako, herriko kaleetan zehar musikari ugari egongo baitira, non-nahi, kalejirak, dianak... antolatuz.



13.00ean, Zumardian bi talde arituko dira, dantzaz eta musikaz osaturiko ikuskizuna sortuz. Alde batetik, Irungo Txorimalo taldeak trikiti doinuak joko baititu, eta, bestetik, trikitilariz, gitarra jotzailez, bateria jotzailez eta txistulariz osaturiko lagun talde bat ere arituko baita, erromeria jaiari, «ukitu modernoa emanez», antolatzaileen arabera. Gainera, Euskal Herriko hainbat herrialdetan Nafarroan, Araban, Lapurdin, Gipuzkoan eta Bizkaian jota dantzatzeko dauden joera ezberdinen erakustaldi bat burutuko da. Modu berean, hainbat belaunaldiren dantza joerak biltzen dituzten zenbait familia elkartuko dira, eta, esaterako, «bertan izango ditugu Sarriegitarrak, saga moduan, aitona, izeba, seme-alaba, elkarrekin izango dira guztiak dantzan» esan zuen Maiak.



J.M Beltran eta Astiazaran anaiak

Ekitaldi guztiak egitarauak ezarritako ordutegiaren arabera egiten badira, 14.30etan Oreretako kiroldegian herri bazkaria hasiko da. Intxaurrondoko Gastronomia Elkartea arduratuko da Erromeria egunean parte hartuko dutenen goseak berdintzeaz.



18.00etan, berriz, Zumardian, punta-puntako musikarien laguntzaz, eguneko erromeria nagusia egingo da. Bertan parte hartuko dutenen artean Ansorregi eta Larrañaga, Iturbe eta Irastorza eta Iparragirre eta Urkizu bikote trikitilariak aipa daitezke. Gainera, Txorimaloak taldea ere bertan izango da. Leku berean, Juan Maria Beltranek eta Astiazaran anaiek dultzainez eta trikitiaz osaturiko ikuskizuna eskainiko dute, nolabait garai zaharrak gogorarazteko asmoz. Izan ere, Jon Maiaren hitzetan, «garai batean, Europan zehar, batez ere Euskal Herrian eta are eta gehiago Gipuzkoan, oso ohikoak ziren dultzainaz eta trikitixaz osaturiko taldeak».



Hiru urteko historia duen eguna

Gainera, Ibon Koteron albokariak, Oreretako Dultzaineroek eta Ereintza Elkarteko txistulari taldeak ere eskainiko dute emanaldirik. Ekitaldi nagusi honetaz gain, ordea, «giro lasaiagoko erromeria burutuko da Alhondigan plazan», Maiaren arabera. Erromeria Egunari amaiera, aldiz, 22.00etan emango zaio, Zumardian, Tapia eta Leturiak eta Etzakit taldeak eskainiko duten kontzertuarekin.



Maiak Erromeria Egunak orain arte eginiko ibilbidea ere gogorarazi zuen: «Jaialdi hau herri dantzei eta erromeria giroari bultzadatxo bat emateko sortu zen». Jon Maiak gaineratu zuenez, Erromeria Egunak edizioz edizio gero eta indar handiagoa du, «antolakuntzak ere ahalegin berezia egin du eta jaialdi honekin aurrera egiteko erabakia hartu du. Urtez urte jaia burutzeko ardurarekin hasi zen eta aurten hirugarren ekitaldia izango dugu, beraz, sendotzen ari den jaialdia dela esan dezakegu», adierazi zuen Maiak.



Bide batez, Jon Maiak Oreretara gerturatzen direnei antolakuntzak jaialdi honi ezarri dion leloari jarraitzeko eskatu zien, hain justu ere, "Denok dantzara plazara" dioenari. Gainera, Erromeria Eguna herritar guztiei zabaldua dagoela nabarmendu zuen, «guk, antolakuntzatik, deia irekia dela esan behar dugu. Ez baita dantzarientzako prestatutako eguna, baizik, dantzazale, festazale eta euskaltzale guztientzako antolatutakoa».



Okzitaniatik fandangoa, Lantzeko inauteria...



I. M. | ERRENTERIA



Okzitaniatik etorriko daRoussinhol Alkarkide taldea, Patxi Perez lapurtar dantzariaz lagunduta, 18.00etan, Zumardian, egingo den erromeria nagusian parte hartzera.

Patxi Perezek Roussinhol Alkarkide taldea aurkezterako orduan, «Okzitaniatik datozen arren, Okzitaniako ekialdean bada zati bat gure Ipar Euskal Herria bezalakoa dena, Italian dauden hamabi haranez osatua, hala ere gure zuberotarrak bezalakoak dira, mendi-mendian, gain-gainean bizi baitira. Ohitura asko mantendu dituzte, badira batzuk errazak direnak, eta, haiekin, egingo dut dantza Oreretan burutuko den Erromeria Egunean» esan zuen.



Patxi Perezen zereginetako bat kanpoko dantzak Euskal Herrian barrena zabaltzea eta euskal dantza Europan ezagutaraztea da, bere esanetan, «Europan ere bai baitira herri dantzak».



Halaber, hainbat dantza estilo, adibidez, fandangoa, Euskal Herrira kanpotik sartu direla jakinarazi zuen eta berak Roussinhol Alkarkiderekin batera eskainiko duen emanaldia ere ildo beretik joango da, Roussinhol Alkarkide talde okzitaniarra izan arren, «haiekin dantza pila bat egingo dut Oreretan. Beraiek badakizkite Lantzeko inauteriak, fandangoa, zazpi jauziak edo maiana estiloak dantzatzen, beraiek Italian hala egiten baitute» eta hala egingo dute Oreretan ere, Patxi Perezek aurreratu zuenez.



Izan ere, Patxi Perezen arabera, fandangoa Euskal Herrira sartu zenean, herrialde bakoitzak bere erara garatu zuen, ondorioz, egun, «Lapurdin eta Nafarroan ezberdin dantzatzen dira». Gainera, uztailaren 12, 13 eta 14an Basusarrin "Ohiko dantzen festibala" egingo dela aurreratu zuen. Bertara kanpoko dantza taldeak etorriko dira, Euskal Herrian atzerriko dantza estiloak erakutsiz, tartean, Roussinhol Alkarkide.

Dokumentuaren akzioak