Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eta musika ikuskizuna Biarritz Balletarekin

Dokumentuaren akzioak

Dantza eta musika ikuskizuna Biarritz Balletarekin

Miarritze. Gaur eta bihar, 21:00etan, Gare du Midin.

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/08/11

1992. urtean Miarritzeko dantza jaialdia sortu zuen hiriko udalak, Miarritzeko antzinako dantza tradizioa suspertzeko asmoz. Horren ildotik, hiri lapurtarra Euskal Herriko erreferente bilakatu zen pixkanaka-pixkanaka, eta jendea dantza emanaldietara erakartzea lortu zuen. Giro horretan, 1998.urtean Biarritz Balleta jaio zen, Euskal Herriko dantzaren aktibo nagusienetakoa. Gustav Mahler eta Emilio Waldteufelen musika eta Johann Straussen baltseak tartekatzen dira, besteak beste, gaur ikusgai izango den Le sang des etoiles-en, betiere Biarritz Balletaren dantzarien ikuskizunak biribilduta. Zantzu klasikoak eszena originalekin uztartzen diren obra bikaina zuzendu du oraingoan Thierry Malandain koreografoak.



Mitoa eta egungo gizartearen iluntasuna



Mito greko-erromatar batetik eta milaka urteko hartzaren eta gizakiaren norgehiagokatik eratortzen da ikuskizuna. Sinesmen herrikoi baten arabera, antzina, gizakiek eta hartzek lurraldeak euren artean banatzen zituzten. Horregatik, hartza gizakiaren beste aurpegia izango litzateke. Gaur egun, bestalde, hartzak bizirik irautea gure etorkizunaren erronka eta ahuldadea bilakatu da, beste hainbat espezierena bezala.



Hala ere, Thierre Malandainek ez omen du ekologiaren aldeko emanaldiaren itxura eman nahi izan. Gizakiak animalia horien aurka egiten duen jazarpena dantzarekin uztartzea oso zaila da-eta. Horrenbestez, ikuskizunaren zantzu poetikoa gauzatzea erabaki zuen koregrafoak. Horrela, gizakia eta hartza kidetu eta bakoitza izarra bihurtu du ikuskizunean. Ildo horretan, musikaren hautaketa erabakigarriak gizakiaren axolagabetasuna iradokitzen du, eta, Straussen baltseak, berriz, hasieran plazera irudikatzen duen arren, zorigaiztoko itxura ematen dio bizitzari.Ludwig Minukesen pasarte batekin amaituko da ikuskizuna, zeinean dantzari guztiak banaka agertuko diren lerro paraleloa sortuta. Batzuen iritziz, naturaren aldeko dantza ikusgarria da. Onena norberak bere begiekin ikustea izango da.

Dokumentuaren akzioak