Dokumentuaren akzioak
Dantza eta kantuaren plaza joria
Baionako ikastolek karrikara zabaldu dute dantza jauzien eta kantuaren
xarma. Urtero bezala, aurten ere Karrikaldiak euskararen txokoa sortu
du Jacques Portes plazan. Zazpi orenez, euskara eta euskal kultura dira
gune horretako protagonista nagusiak, frantsesez egindako azalpenak
luzeegiak izan arren tarteka. Ikastolek, Leinua, Ibaialde, Tuntuna eta
Orai Bat elkarteen laguntzarekin, egitarau oparoa eskaintzen dute
egunero. Bertsolari gazteen kantuak markatu zuen osteguneko eguna, eta
atzokoan ere, gazteen trebezia agerian gelditu zen. Ez hitzen jolasean,
makila dantzatzeko gaitasunean baizik.
Makilarien lehiaketak jendeen arreta piztu zuen, eta Jauregi
Zaharreko harmailak eta zelaiak mukuru bete ziren. Gaztetxoenen
erakustaldiaren ondoren hasi zen lehiaketa, baina txapelduna nor zen
erabakitzea baino gehiago, herri dantzen osasuna eta dantzarien
trebetasuna erakustea zen xedea.
Karrikaldiaren sustraietan, ekitaldia abiatu zenetik,
Dantzazpia dago, eta atzo ere, plaza jauziz eta dantza urratsez bete
zen Leinua txarangaren eta gaiteroen doinuen laguntzaz. Batzuk zalu eta
zorrotz, bertzeak kiskun-kaskun, Ipar Euskal Herrian biziki indartu den
ohituraren isla da plaza. Dantza taldeetan ez egon arren, jendeek
mutxikoak ikasten dituzte, plazan dantzatzea delarik helburua. Hala,
dantzariek dantzatzeak eta ikasi berriek dantzatzeko ahalak ematen dien
poztasuna erakusten dute. Eta, tarteka, Baionako ikastolek ondoan jarri
duten ostatuan talo gozoa jateko edo garagardo freskoa edateko aukera
dago beti. Hori da bestaren xarma, ez dago presarik, ez dago ordurik.
Giroak manatzen du.
Ostatuaren inguruan sortzen diren ohiturak kantura darama, eta
dantzaren kasuan bezala, kantua bihotzetan dagoen ohitura dela erakutsi
du berriz ere Baiona Kantuz-ek. Atzo, Tuntuna eta Ibaialde abesbatzek
alaiturik. Baiona Kantuz hilabetean behin egiten da, eta ekitaldi
jendetsua izan ohi da. Sustraiak zabaldu ditu ondoko herrietara, ondoko
herrialdeetara. Eta Baionako karrikak Ipar Euskal Herri osoko ahotsez
jantzi dira bestetan. Bakoitzak bere berezitasuna du. Ahots indartsuak,
gora kantatuz. Bertze batzuk, aldiz, hitzen morroi. Baina kantu
liburuxka ugari atera dituzte antolatzaileek. Hainbat liburu ukanik
ere, fotokopiek edo ondokoaren liburuak egiten dute afera.
Kanpotarren harridura
Kokaguneagatik, ostatuetatik urruti dagoelako edo, Miarritzetik
Baionara doan jendearen sarbidean egiten da Karrikaldia. Kanpotarrak
begira, harriturik. Batzuek folklorearen susmoa hartu diote
hastapenean. Baina jende gehiegi dantzan, kantuz. «Hau ikustean
ohartzen gara zerbait bizia, berezia dagoela horren gibelean», azaldu
du Bretainiako bestazale gazte batek.
Orenak aitzinera doaz. Bukatuko dira oholtzako kantuak eta
ostatuaren inguruan segituko dute, lagun taldeen arabera. Kanpora
begira, irudi sendoa ematen dute ikastolek. Baina kutxak bete behar
dira ikastolen iraupena bermatu nahi bada.
Dokumentuaren akzioak