Dokumentuaren akzioak
Dantza eta kanta programa, Txorierrin
Baserri Antzokia egitasmoak Bizkaiko eskualde osoari zuzendutako dantza eta kanta programa antolatuko du Aiko taldearekin batera
'Baserri Antzokia Dantzan' goiburupean, haraneko biztanle guztiek eta bertara hurbiltzen direnek dantza eta kanta tradizionalez gozatzeko aukera izango dute espazio berri horretan, Aiko taldeko musikarien eta dantza maisuen laguntzarekin. Baserri Antzokian konpainia egonkor gisa arituko denez, Aiko taldeak erromeriak, tailerrak, zinea edota ikastaroak sustatuko ditu Txorierrin.
Bere arduradunek jakinarazi dutenez, Bizkaiko Teknologia Parkean seminario zaharraren atzealdean dagoen Baserri Antzokiak berriztatu egin du «gaur egun programazioa duten udalerrietako kultur eragile gisa dagoeneko finkatuta dauden kafe antzokietan duela urte batzuk martxan jarri zen kontzeptua, eta aisiara eta kulturara zuzendutako azpiegitura berritzailea eskaintzen du».
Hain zuzen, Baserri Antzokia Totoan Euskararen aldeko Txorierriko Elkarteen Federazioa eta Sondikako, Loiuko, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Larrabetzuko udalek osatzen duten Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatetik sortu da, eta abendutik aurrera, Aiko taldeak bat egingo du euskal kultura sustatzeko lan horrekin, Baserri Antzokia Txorierriko bere «egoitza» bilakatuz eta ostiralean, abenduaren 30ean, martxan jarriko den etengabeko kultur agenda martxan jarriz.
Egun horretan bertan erromeria herrikoia antolatu eta 'Dantzazaleak' argazki erreportajea inauguratuko da. Urtarrilaren 3an, aldiz, Jota Eguna ospatuko da, eta, espezialitate horri buruzko dantza tailerra eskaintzeaz gain, 'Jotamentala' dokumentala emango da. Azkenik, asteroko dantza eta kanta ikastaroak urtarrilaren 10ean hasiko dira.
Dokumentuaren akzioak