Dokumentuaren akzioak
Dantza eta jaia egiteko prest
Dantzarien eta agintarien kalejiraren ondoren, Doniel-Hatxa jasotzea eta dantzak izanen dira gaur
Iurreta eta Durango artean dagoen zubitik, herritarren artean Montoi ezizenez ezagutzen den tokitik piztuko dute suziria jai batzordeko kideek. Ondoren, eta dultzaineroen doinuen erritmoan, kalejiran joanen dira herrira. Umeentzako jokoak ere izanen dira Amilburun, eta ordubietan herriko nagusiak bazkaltzera eseriko dira. Gazteek ere hautu bera eginen dute herriko plazan. Arratsaldez, 18:00etan, urteroko ohiturari jarraituz, Doniel-Hatxa jasoko dute. Lan hori bukatuta, dantzarien azken entsegua izanen da.
Neskak ere kalejiran
Bihar goizean, dantzariak agintariekin kalejiran aterako dira, eta, mezaren ostean, dantzari dantza dantzatuko dute plazan. Dantzari mutilak bakarrik ateratzen ziren kalejiran agintariekin, baina aurten herriko neskak ere gehituko zaizkie. Ondoren, dantzari dantza eta gorulari dantzak dantzatuko dituzte. Dantzarien lekukoa bertsolariek hartuko dute. Eneko Abasolo Abarkas, Gorka Lazkano eta Erika Lagoma bertsolariek eguerdian eginen dute saioa, eta, bertsotan bukatuta, Igel txapelketa eginen da.
Arratsaldez, berriz, asto probak izanen dira, 17:30etik aurrera. Garaikurrak eta 240 eurotik 360 eurora bitarteko sariak banatuko dituzte.
Eguna dantzatzen bukatuko dute Iurretan. Mutilek dantzari dantza dantzatuko dute, eta neskek sokadantza. Orain hamahiru urte berreskuratu zuten nesken sokadantza, eta arrakasta handia izan du urteotan, sanmigeletan jendaurrean erakutsi dutenean. «Dantza oso gustuko dugu. Ia egunero daude dantzak», dio Miren Abasolo jai batzordeko ordezkariak. Baina jaiak ez dira asteburu honetan bakarrik izango; hurrengoan segida izanen dute.
Heldu den larunbatean, haurren eguna ospatuko dute. Eguerdian, umeen parkea zabalduko dute bi orduz, puzgarri, tailer eta beste hainbat jolas eta jardueraz gozatzeko aukera izanen da. Arratsaldeko lauretatik zazpietara ere zabalik egonen da umeen parkea.Tortilla txapelketa jokatuko da, 14:30etik aurrera. Festen azken egunean, urriaren 6an, igandean, nekazari eta eskulangileen azoka eginen dute. Marmitako txapelketa ere antolatu dute, 12:30ean.
Egitaraua
GAUR
• 12:00. Montoitik suziria botako dute, eta, ondoren, kalejira dultzaineroekin.
• 12:15. Umeentzako Begira jokoak ikuskizuna, Amilburun.
• 14:15. Herriko nagusien bazkaria eta jarraian, erromeria.
• 14:30. Gazte bazkaria, plazan.
• 18:00. Doniel-Hatxa jasotzea eta dantzarien azken entsegua.
• 22:00. Erromeria Luhartz taldearekin.
BIHAR
• 10:00. Dantzari eta agintarien kalejira montoitik plazara.
• 11:00. Meza nagusia. Ondoren, dantzari dantza eta gorulari dantza.
• 12:30. Bertsolariak: Gorka Lazkano, Eneko Abasolo eta Erika Lagoma.
• 17:00. Haur dantzaldia.
• 17:30. Asto probak.
• 19:00. Dantzari dantza eta nesken sokadantza.
Bihar, San Migel egunarekin, dantzari dantza egingo dute herriko dantzariek. / BERRIA
Dokumentuaren akzioak