Dokumentuaren akzioak
Dantza eta gorputz adierazpenen gune bat egingo dute Errenterian
Dantzaguneari jarraipena emango dio, eta Donostiako plangintza urbanistikoa dela medio, Arteleku tokiz aldatuko dute
Arte eszenikoentzako, gorputz adierazpenentzako eta, «bereziki», dantzarako espazioak izango ditu gune berriak, eta hara eramango dute Dantzagunea, Artelekuko dantzarako baliabide zentroa. Lekuona amaitu bitartean Errenteriako bertako Niessen kulturuneko espazioak egokituko dituzte, eta Dantzagunea ere hara lekualdatuko dute, behin-behinekoz. Egokitze lan horietarako 200.000 euro bideratuko ditu udalak, eta beste hainbeste foru aldundiak.
Bide batez, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura Diputatuak jakinarazi zuen atzo Errenterian egindako aurkezpenean Arteleku tokiz aldatuko dutela «hemendik denbora batera», Txomin-Enea auzoan uholdeak saihesteko Donostiako Udalak gauzatu nahi duen plangintza urbanistikoa dela eta. «Oraindik ez dakigu noiz utzi beharko dugun eraikina. Halere, laster emango zaizue kokagune berriaren berri». Dena den, Badiolak nabarmendu zuen Artelekuk proiektu gisa berdin jarraituko duela, «muinari» eutsiko diola eta toki aldaketa bat baino ez dela izango.
Lekuonako proiektua, berriz, erabat definitu gabe dago oraindik. Elkarlanean gauzatuko da, eta Badiolak nabarmendu zuen bai herriko eta baita herrialdeko kultur eragileen parte hartzearen bidez artikulatuko dela. Ez dago argi zenbat toki edukiko duen gune berriak, baina atzo aurkeztutakoarekin zerikusirik ez duen aurreko proiektu bateko datuak kontuan hartuta, Lekuonak gutxi gorabehera 3.500 metro koadro erabilgarri edukiko dituela jakinarazi zuen Julen Mendoza Errenteriako alkateak.
Errenteriaren bihotzean dago ia-ia; RENFEren tren geltokitik pare bat minutura. Badiolaren iritziz, ez da kasualitatea proiektua han kokatzea. «Izan ere, dantza tradizio handia duen herria da. Badago sare sendo bat. Dantza tradizionalean eta garaikidean dabiltzan talde garrantzitsuek hemen daukate haien egoitza». Gainera, kultura Gipuzkoara hedatu nahi du, «pixkanaka», diputazioak. «Donostiaren zentralitatea mantenduz, probintziara zabaldu nahi ditugu kultur ekimen ezberdinak». Haren iritziz, argi dago kultura dela Gipuzkoa lotzeko motorra. «Dantzagunea Artelekutik Lekuonara eramanda, kultur jarduerak gizarteratzeko aukera berriak zabaltzen dira».
Proiektu berriaren bidez eskualdea bera biziberrituko dutelakoan dago Badiola. «Sozioekonomikoki Gipuzkoako eskualderik deprimituena da, eta aldundiari apustu sendoak eskatzen dizkio egoera horrek». Iruditzen zaio, era berean, igarritako beharrei erantzuten ari direla. «Euskal Herrian egindako kultura diagnosiak dio dantzarentzako guneen beharrean gaudela, eta Dantzagunearekin behar horiei erantzuten die aldundiak». Pentsatzen du kultura diputatuak apustu hori indartuko duela Lekuonak. Aurten 16 bat milioi euroko aurrekontua edukiko du Gipuzkoako Diputazioko Kultura Sailak, eta horren %70a arte eta kultur sorkuntzara bideratuko dute. Oraingoz ez dute erabaki zein kopuru emango dioten Lekuonari. «Proiektua definitzen doan heinean jakingo dugu».
Eraikina, sinbolo gisa
Alkateak gogoratu zuen Manchester txikia deitzen zitzaiola herriari 80ko hamarkadan, «etxeak enpresa ertain eta handien artean zeudenean». Orain, berriz, jarduera ekonomikoaren %72,7 sortzen du zerbitzuen sektoreak, eta %6 baino ez industriarenak. Egoera sozioekonomiko hori dela medio, Errenteria 2025 plan estrategikoa abiarazi dute, zerbitzuei geroz eta garrantzi handiagoa emateko. «Industria astunaren gune izateari utzi, eta hiri kulturala izan nahi dugu». Uste du Lekuona izango dela aldaketaren sinboloa.
Lekuona okindegiarena izandako eraikin zaharrean egingo dute gune berria. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Oraindik ere definitzeko dago proiektua. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak