Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eta folk doinuak uztartuz

Dokumentuaren akzioak

Dantza eta folk doinuak uztartuz

Komunikabidea
Aiurri.com
Tokia
Villabona
Mota
Albistea
Data
2010/01/22

Joan zen ekainean, Korrontzi folk taldearekin batera, emanaldia eskaini zuen Oinkari dantza taldeak Olaederra kiroldegian. Hasiera batean Bizkaiko musika taldeari lagunduz, emanaldi soil eta bakarra izan behar zuena hezurmamitzen joan da azken hilabeteotan eta proiektu potoloa garatzen ari dira aurrera begira ere. Alazne Gurrutxaga Oinkari dantza taldeko kideak adierazi duenez, espero gabean sortutako egitasmoarekin emanaldi ugari eskaini dute dagoeneko. “Amasa-Villabonan hasi eta Mungian, Yeclan (Murtzia), Ortigueiran (Galizia), Barakaldon, Iruñean, Zeberion, Ugaon eta Reusen (Katalunia) aritu gara orain artean”. Herri inguruan dantzatu dutenean, nagusien taldeak hartu izan du parte (15 bat dantzarik). Kanpora jo dutenean, berriz, bikote bat edo gehienez hiru joan dira. Iazko emanaldietan, Korrontziren bigarren diskoko  –Getxo– lauzpabost kanturi eginiko koreografiak taularatuz hartu zuten parte dantzariek. “Antzinako doinuetan eta bereziki trikiti doinuetan oinarritutako euskal folk musikari gaurkotasuna erasntea da Korrontziren helburua”. Oinkari dantza taldeak doinu horiei pausoak, mugimendua eta kolorea gehitzen dizkio: Joxek Andreari abesti alaian, Bustunzuri baltsean, Fandango eta Arin-Latin piezan nahiz Ametsak kantuetan koreografiak egin izan dituzte orain artean. “Dantza taldeaz gain, gimnasia erritmikoan ere aritzen diren Alkorta ahizpek sortu zuten, esaterako, Ametsak abestiaren koreografia; gimnasia eta euskal dantzak uztartuz”.

Otsailean urteko lehen emanaldia
Otsailaren 16an eskainiko dute urte berriko lehen emanaldia Ermuan. Otsailaren 27an Bermeon arituko dira Ibilaldia festaren baitan. “Urteko lehen bi emanaldi horietan iazko saioaren parekoa eskainiko dugu, dantza berri bat gehituz”. Hortik aurrera, Korrontziren hirugarren diskoko kantuak hartuko dituzte abiapuntu. Oraingoan ordea, diskoko kantu guztiak zuzenean dantzatzea dute helburu. Musikarientzat ez ezik, dantza taldearentzat ere apustu potoloa dela azaldu du Alaznek, “dantzari askoren parte hartzea behar baita”. Egitasmo berriari begira hitzartutako lehen saioa Parisetik gertu eskainiko dute, “maiatzaren 2an Frantziako Nuits Celtiques festibalean arituko gara, Neslen. Gerora etorriko dira gehiago; bai inguruan eta Europa aldera jotzea ere aurreikusten dugu”.

CD-DVDaren grabaketa
Epe laburrean ekingo dioten ibilbideari irailean emango diote amaiera, Alaznek aurreratu duenez, opari eta guzti! “Urtean zehar elkarlanean eskaintzen ditugun emanaldiak bideoz grabatzeko asmoa dugu eta emanaldi ezberdinetako zatiak tartekatuta, DVD-CDa osatu nahi dugu Durangoko Azokari begira”. Lan horretan urtean zehar eskainitako emanaldiak biltzeaz gain, bidaia zati eta pasarteak ere jaso nahi dituzte. Haatik, udan grabatuko dute CD-DVD horren oinarria. “Uztailaren 25ean, Santio jaietan, emanaldia eskaini nahiko genuke Korrontzik eta Oinkarik batera eta argitalpenaren oinarria emanaldi horixe izatea nahiko genuke”. Lanez gainezka dabiltza, beraz, Oinkariko kideak eta, ondorioz, aurtengorako dantza taldeak prestatu nahi zuen emanaldi berriaren aurkezpena atzeratu egingo dute zertxobait. Gurrutxagaren hitzetan, “azaroan aurkeztuko dugu, dantza taldearen 35. urteurrenarekin batera”.

Dokumentuaren akzioak