Dokumentuaren akzioak
Dantza eta erlaxazioa Kontxan
'Capoeira' tailerra egiten ari dira goizero hondartzan, eta, mugimendua bukatuta, erlaxazio tailerra ondoren
Tailerrak 10:30ean du hasiera ordua. Barao irakaslea iritsi da, eta berehala inguratu zaizkio zain zituen hiru lagunak. Talde txikian ekin diote, beraz, saioari, baina pixkanaka joan zaie jendea gehitzen. Azkenerako hogeitik gora lagun, Baraoren mugimendu eta aholkuei segika. Tentuz jarraitzen dituzte haren esanak. «Eskuineko hanka aurrera, ezkerra atzera. Eskuin eskua lurrean jarri eta gorputza orekatu». Trebezia erakutsi dutenak badira; trakets dabiltzanak ere bai. «Atzo ikusi nituen dantzan, eta gaur nik ere probatzea erabaki dut», zioen Laura Vendrell katalanak. Beste batzuek, ordea, lehenagotik ere ezaguna zuten: «Mugimendu errazak dirudite, baina dirudien baino zailagoa da».
Ikasleek adi-adi begiratzen diote Baraoren mugimendu bakoitzari, eta itsasertzetik paseatzen ari direnek, jakin-min handiarekin. «Zertan ari zarete?», galdetu du haietako batek. Azalpen txiki bat eman dio tailerrean parte hartzen ari zen lagunetako batek.
ONDOREN, LASAITASUNA. Capoeira tailerrak ordu eta erdiko iraupena izaten du, eta nahi duen orok parte har dezake bertan. Mugimenduaren eta dantzaren ondoren, lasaitasun eta patxada datoz; erlaxazio tailerra. Arnasketa, yoga, erlaxazioa... «Jabetzen ez bagara ere, estresatuta bizi gara egungo gizartean», azaldu du Ines Noriega irakasleak. Aste Nagusian estresatu egiten dira donostiar asko, jende uholdea tarteko. Kontxara goizean joatea izan dezakete terapia.
Dokumentuaren akzioak