Dokumentuaren akzioak
Dantza eta dantza, ordu eta erdiz
Konstituzio plaza euskal dantzen plaza bihurtzen da Aste Nagusian. Añorgako Arkaitz taldeak lagin fresko eta polita eskaini zuen asteazken iluntzean. Gaur, Goizaldiren txanda da.
Oholtzak dar-dar egin zuen, dantzarien jauziekin, eta laster baita ikusleen eskuek ere. Ezpata-dantza txalotzen ari ziren. Handik gutxira, lau neska gazte igo ziren taulara; batek saskia zeukan jarrita buru gainean, eta gainerakoek, sagar gorri bana eskuetan. Sagar-dantza zen, noski. Lau musikarik ipintzen zituzten doinuak eta erritmoak. Eta neskek alaitasunez dantzarazi zituzten txirikorda luzeak. Sagarrak ikusleengana jaurti eta berehala, beste bederatzi neska agertu ziren, Uztai Txiki dantza eskaintzeko prest. Arin eta fresko, tarteka pololoak bistaraziz, egurrezko uztaiak astindu zituzten. Irrintziak ere bota zituzten, uztaiekin korapiloak osatu ahala. Eta ordura arteko txalo zaparrada beroena jaso zuten. Atzerritar askoren kamera digitaletan harrapatuta geratu ziren.
Eta mutilen txanda berriro, ezpatekin eta zilar koloreko platertxoekin. «Brokel-dantza da», argitu zigun ondoko neskak, Olatzek. Arkaitz taldean ibilia, ondo ezagutzen ditu dantza denak. Baita dantzari gehienak ere. Jokin, Eneko, Jon... Haiek dantzan ikusteak «ikaragarrizko inbidia» ematen ziola esan zigun. Gertukoa zuen taulara igotzean sentitzen den irrika; «urte guztia ematen dute udako ikuskizuna prestatzen». Arkaitz dantza taldea Euskal Herriko zaharrenetakoa da: 80 urte bete ditu aurten. 150 bat lagun dira orotara; txikienak, zazpi urtekoak. «Batzuk txikitatik dabiltza, eta oso-oso ondo egiten dute dantza».
Zinta-dantza egiten ari ziren hainbat mutil, bizkor eta trebe. Eta gero hamabi bat urteko neskatoak igo ziren, zapi zuriak eskuetan hartuta. «Gaurko emanaldiko gazteenak dira». Eta ondoren mutil bat eta neska bat, desafiorako gertu.
SEGI ETA SEGI. Taldea taldearen segidan, denetik dantzatu zuten neska-mutilek: Uztai Handi dantza, Sardinerak... Gipuzkoako dantzen ostean, Euskal Herriko beste toki batzuetakoak etorri ziren: Bizkaiko dantzari-dantza, kriskitin soinu alaiekin; Eltziegoko dantzak, bufoiaren gisako pertsonaiarekin; Otsagabiakoak, koloretako xingolekin... «Oooo, ze polita!». Txistu eta danbolin doinuei dultzaina batu zitzaien. Hiru andre ile-zuri altxatu egin ziren, eta segituan bete ziren haiek libre utzitako eserlekuak. «Lehen geunden tokitik hobeto ikusten zen!», esan zion emakume batek senarrari, purrustadaka. «Joango gara afaltzera?»; 21:00ak ziren, eta dantzari batek buruko kapela galdu zuen; ez zen harritzekoa, hanka-joko haiekin! Otsagabiako dantzen erritmo bizia gustura txalotu zuen publikoak, lurra makilekin jotzean ateratzen zituzten hotsak, kanka-kanka-kanka!
Iluntzen ari zuen. Eta Zuberoako dantzak bakarrik falta ziren: zaldikoa eta haren lau lagunak. Eta, nola ez, ardoz betetako kristalezko edalontzia, godalet-dantzarako. Lehenengo dantzaria edalontzi gainera igo zen, eta ez zuen bota. Txaloak eta pozezko oihuak entzun ziren: «Zaila izan behar du, gero!». Bigarrenak ere lortu zuen oreka mantentzea. Hirugarrenak, berriz, ez. «Ooooo, ze pena!», esan zuen Eli oriotarrak. Baina beste biek ez zuten huts egin, eta esku-zarta ederrak jaso zituzten denek ere. Ardoarekin topa eginez amaitu zuten ikuskizuna. Euskal dantzen lagin ederra. Kamerak gordeta, inguruko kaleetara joaten hasi ziren ikusleak, jende erreketako ur tanta bihurtzeko. Afaltzeko ordua zen. 21:25ak.
Dokumentuaren akzioak