Dokumentuaren akzioak
Dantza eta dantza, Hernaniko sena
Hernaniko herria aski ezaguna da Euskal Herriko txoko gehienetan. 19 mila biztanle inguruko herri hau berezi egiten dute urtearen hasieran Sagardotegiek erakartzen duten jendetzak eta ekainaren erdialdean San Joaneko festak sorrarazten duten algarak. Hala ere, hauek ez dira herri hau ezaguna egiten duten ekitaldi bakarrak. Garai batean, 1950garren urtetik ez oso urrun, Hernanin igandero izaten ziren dantzaldi edo bailableak, oihartzun haundia zutenak bai Gipuzkoan, eta baita Euskal Herriko toki ezberdinetan ere.
Ideia, aspalditik
Garai horiek urruti daude, baina egun, hernaniarrek badute
erromerietaz gozatzeko aukera; San Joan Konpartsak antolatzen ditu
hilabetean behin.
Konpartsako kide den Pepi Arrozpidek dio, buruan aspaldidanik
zebilkitela erromeriak egitearena: «Kalez kale kantarirekin hasi
ginenean ekin genion erromeriak ospatzeari. Gauza bat proposatu genuen:
eguerdietan kalez kale kantatu, ondoren elkarteetan bazkariak egin eta
arratsaldetan erromeria ospatu. Baina gauza bat zela eta ez zela,
azkenean ez genuen egin». Hala ere, Hernaniko Udaletxearekin
harremanetan jarri eta gero, hauek hilabetean behin egiteko proposamena
aurrera atera zen: «Udaletxearekin hitz egin genuen erromeriak
ospatzeko proposamenna zer iruditzen zitzaien jakiteko. Beraiek
aurrekontua Udalean sartzeko eskatu ziguten. Oraindik ez dakigu
dirulaguntzik emango diguten ala ez, hala eta guztiz ere, aurrera egitea
pentsatu genuen».
Jende guztiari zuzenduta
Nahiz eta erromeriak adineko jendearen artean ezagunagoak
izan, Arrozpideren esanetan, jende guztiarentzako ekitaldia da: «jende
guztiari zuzenduta daude erromeriak: gazteei, hain heldu ez direnei eta
helduei. Hori oso garbi geratu zen lehengo hilabetean Tilosetan egindako
erromerian. Gazte ugari hurbildu baitziren bertara».
Lehengo erromeria
errekuperatzea, zaila
Antzinean igandero egiten ziren erromerietan biltzen zen jendetza
lortzea zaila da, eta hori ongi baino hobeto daki San Joan Konpartsako
kide den Pepi Arrozpidek: «ez dakit lehen egiten ziren erromeriak
nolakoak ziren, hala ere, gure helburua horiek zuten berdina da. Hau da,
jendeak ondo pasatzea, beraien arteko harremanak sendotzea,
elkarrekin ezagutzea eta herria girotzea´.
Dagoeneko hiru egin dira
Gaurkoarekin hiru izango dira urte hasieratik ona egin
diren erromeriak. Lehenengoa otsailaren 10ean izan zen Plaza Berrin, eta
nahiz eta eguraldiak lagundu ez, jende dezente hurbildu zen bertara
hotza uxatzeko asmoz.
Bigarrena, orain dela hilabete eskas egin zen Tilosetan, eta
Arrozpideren esanetan, harrigarria izan zen: «lehenengo erromeriara
jende dexente hurbildu zen, baina bigarrena mundiala izan zen. Espero
genuena baino jende gehiago ibili zen dantzan. Gainera, sagardotegietara
joandako jendea ere hurbildu zen eta oso giro ona egon zen. Haiei
eskerrak eman nahi nizkieke erromeria girotzeagatik».
Hirugarrena gaur izango da Udaletxeko arkupetan eta gonbitea luzatu
diete aurrekoetan etorri direnei, eta oraindik animatu ez direnei.
Harrera ezinhobea
«Orain arte egindako hiru erromeriak harrera oso ona izan dute. Oso giro
ona egon da guztietan, eta San Joan Konpartsako kideak oso pozik gaude
herritarrek emandako erantzunarekin. Harrera kaxkarragoa espero genuen.
Maila horri eustea izango da gure helburua, hala ere, martxoan izandako
erromerian izan zen giroa errepikatzea zaila izango da».
Erromeri hauetan ere, beste herrietatik etorritako jende kopuru handia
ikusi ahal izan da: «jendea oso irekia da. Ezertaz ezagutzen ez duzun
batekin harremana izan dezakezu, izan ere, gure garaiko harremanak
dantzaren bidez sendotzen ziren. Guregan harridura sortu zuena,
sagardotegietatik hurbildutako jendea izan zen. Antzineko dantzaldi
horietako batean geundela ematen zuen».
Adinari dagokionez, Pepik bertara jende heldu gehiago hurbiltzen dela
dio: «orain arte egindako bi erromerietara gehienbat jende heldua
hurbildu da dantza egitera, hala ere, martxoan egindako erromerian gazte
dezente egon ziren erromeria girotzen´.
Arrazoi nagusia,
herria girotzea
Arrozpideren hitzetan erromeriak antolatzearen arrazoia bakarra da:
«beste arrazoia, bai jende gaztea eta ez hain gaztea dantzan ikustea
da». San Joan Konpartsako kidearen esanetan, onuragarria da jendeak
Hernanin ikasitako dantzak herrian bertan dantzatzea: «San Joan
konpartsan ibiltzen gara astelehen, astearte eta ostegunetan dantza
ikasten eta irakasten. Jende asko dago dantza ikasten, eta beti da ona
ikasten duzuna herrian bertan geratzea».
Beste herrietan,
erromeria ugari
Hernaniz gain, Gipuzkoa zein Iparraldeko beste zenbait
herrietan ere erromeriak ospatzen dituzte hilabetero. Hala ere,
Arrozpidek dio ideia orain dela askotik daukatela buruan, eta ez dutela
eredu hartu inongo herrietan egiten den erromeririk: «guk askoz
lehenagotik genuen ideia buruan. Erromeriak egitea gaur egun gauza oso
normala da. Donostia, Hendaia, Miarritze, Orereta eta Irun bezalako
herrietan askotan egiten da. Azken honetan gainera, bi tokietan egiten
da: bata Miaka auzoan eta bestea Irun herrian bertan. Leku askotan
egiten da. Beste herrietan erromeriak ikusteak asko animatzen gaitu».
San Joan konpartsako kidearen esanetan herria nahiko hila dago, eta
nahiz eta egunero ekitaldi asko egon, dantzarekin zerikusia duten ekimen
gutxi daude.
Zuzeneko musika entzungai
Baina Hernaniko erromeriek badute beste herrietakoek ez duten faktore
bat: herritarrek entzungai duten musika zuzenekoa da. Arrozpideren
esanetan, erromeria bat musikarik gabe ez da inoiz erromeria izango:
«Donostian adibidez CD bat jartzen dute eta horrekin dantzatzen dute.
Hemen aldiz, musika-talde bat igotzen da eszenatokira, eta ingurua
girotzen du. Hori da Hernaniko erromeria beste herrietako erromerietatik
desberdintzen duena. Eskertzekoa da zuzeneko musika egotea, horrek
bizitasuna ematen baitio ekimenari».
Musika talde ezberdinak jo dute aurreko bi erromerietan, eta horrek
gastu handia suposatzen du. San Joan Konpartsako kidearen esanetan,
musika-taldeak ez dira batere merkeak, hala ere, aurrekontuak aurkeztuta
daude eta itxaron egin behar da: «talde desberdinak jo dute orain arte
egindako erromeriatan eta horrela izango da hemendik aurrera ere.
Musika talde bereziago bat ekartzearen proposamena diru-laguntzei zeharo
lotuta dago. Diru-laguntza urriak baldin baditugu ez dugu talde
berezirik ekarriko, bestela, egoera ekartzea planteatuko genuke».
Bikoteak sortzeko aukera
Erromeriek ere, posible egin dute herriko bikote asko ezagutzea.
Arrozpidek ondo ikusten du hori, eta bikote askoren sortzailea izatea
espero du: «jendearen arteko harremana bultzatzea da erromerien
helburua, beraz onerako den guztia aurrera. Gainera, San Joan
konpartsan Oialumeko dantzan ezaguturiko bizpahiru bikote daude,
beraz hori beti da onuragarria erromeriak antolatzerako orduan´.
Gazteak, helduak
baina lotsatiago
Ospatu diren erromerietara adin guztiko jendea hurbildu da. Hala ere,
Arrozpidek lotsatuagoak ikusten ditu gaur egungo gazteak helduak baino:
«egungo gazteak helduak baino askoz lotsatiagoak dira. Helduek orain
dela asko galdu zuten lotsa eta dantzan dihardute ia erromeria osoa.
Gazteei gehiago kostatzen zaie dantzan hastea».
San Joan Konpartsako kidearen iritziz, sare sozialak erromeriak baino
askoz errotuagoak daude gazteen bizitzan, hala ere, erromerietan
hauetan bezainbeste jende ezagutu litekeela dio: «gaur egun dena da
garrantzitsua jendea ezagutzerako orduan, bai sare sozialak bai eta
erromeriak ere. Irekiagoak diren pertsonek erromerian jende asko
ezagutzeko aukera dute, hala ere, lotsatia izanez gero, beti edukiko
dituzu eskura sare sozialak. Erromerietan, bere lagunekin bakarrik
dantzatzen duten taldeak ere badira».
Etorkizuna airean
Ondorengo urteetan erromeriekin jarraitzeko asmoa dute San Joan
Konpartsako kideak, hala ere, Arrozpideren esanetan, auzi hori ez dago
beraien esku: «azken hitza Hernaniko udaletxearena da. Krisi garai
hauetan batek daki biharko egunean zer gertatuko den. Agian aurrekontua
onartzen digute ala agian ez. Udaletxearen eskuetan dago azken
erabakia».
Nahiz eta erromerien etorkizuna airean egon, Konpartsako kidea den
Pepi Arrozpidek argi dauka ahalik eta jende gehiena hurbildu behar dela
beraiekin momentu on bat pasatzera: «herritar guztiei erromerietan parte
hartzera animatzen diet. Lotsa alde batera utzi eta hurbildu beldurrik
gabe».
Dokumentuaren akzioak