Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eta antzerkia eskutik

Dokumentuaren akzioak

Dantza eta antzerkia eskutik

Larunbata bitartean 26 ikuskizun aurkeztuko dira, eta horietako zazpi estreinaldiak izango dira

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/07/09

Bihar eguerdian hasiko da Donostiako IX. Antzerki Feria, Blanca Arrietaren Zero dantza ikuskizunaren estreinaldiarekin. Emanaldi horrek aurtengo feriaren ezaugarrietako bat jarriko du agerian hasiera-hasieratik: dantza ikuskizunen presentzia handia. Hain zuzen, aurtengo ekitaldien %23 dantza ikuskizunak direla nabarmendu zuen atzoko agerraldian Norka Chiapuso Donostiako Antzerki Feriaren zuzendariak. Larunbata bitartean, 26 ikuskizunen —horietatik zazpi estreinaldiak— 33 emanalditan eskainiko dituzte Latinoamerika —Brasil, Kuba eta Ekuador—, Espainia, Frantzia, Katalunia nahiz Euskal Herriko antzerki taldeek eta dantza konpainiek.



Blanca Arrietak, La Dinamica, Moare eta A Deshoras euskal dantza konpainiek bezala, Eusko Jaurlaritzaren Dantzarako II. Plataformaren baitan aurkeztuko du bere ikuskizun berriena. Eta guztiek bihar eskainiko dituzte beren obrak; lehenengo hirurek Donostiako Egiako kultur etxean eta azkenak Sagues plazan. Dantza ere ikuskizuna dela aldarrikatzeko eta batez ere Donostiako Antzerki Feriak bilduko dituen 170 programatzaileen aurrean aurkezteko antolatu dute aurten aipatu feriaren barruan Dantzarako II. Plataforma.



Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak dantza garaikideko euskal profesionalak laguntzearren sortu zuen plataforma. «Sorkuntzak diruz laguntzearekin batera, sortutako lan horiek aurkezteko eta zabaltzeko aukera eman nahi diegu», azaldu zuen ekimena atzoko agerraldian Chipasorekin batera agertu zen Jose Antonio Arbelaitzek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Zabalkunderako zuzendariak.







Hiru estreinaldi bihar



Bihar jaialdia zabalduko duen Zero obrak giza irudi bakartuak aurkeztuko ditu oholtza gainean. Gorputz horiek gehiegizko keinuak egingo dituzte, eta eskuekin, gorputz-enborrarekin, lepoarekin... gorputzaren atal askorekin definituko ditu bakoitzak bere emozioak.



Robert Jackson eta Blanca Arrieta dantzariek Egon Shiele (Austria, 1890) margolariaren lana hartu dute erreferentzi gisa ikuskizun honetako gorputz nekatuak eta irudi lausoak eraikitzeko.



Dantza emanaldi hori eta gero La Dinamica y el Etiope dantza konpainiaren txanda helduko da. Honek Oveja Negra dantza ikuskizuna estreinatuko du Donostian. Eguzki Zubia zuzendariak eman zituen ikuskizunari buruzko xehetasunak: «Giza harremanei buruzkoa da, pertsonen berezitasunei buruzkoa. Norberaren izateko modu diferentea aldarrikatzeko saioa». Bertako pertsonaiak gizaki guztiok bilatzen ditugun gauzak, «hots, lagunartea, komunikazio eta maitasuna» bilatzen jardungo omen dute.







Euskal dantza garaikidearen kalitate ona







Eguzki Zubiak euskal dantza konpainien kalitate ona nabarmendu zuen atzoko agerraldian: «Bestelako ikuskizunak baino urrunago iristen ari gara». Adierazpen horrekin bat egin zuen Moare taldeko dantzari Idoia Zabaletak, eta Euskal Herrian dantza garaikidearen esparruan esperimentazio nahiz ikerketa lan garrantzitsuak egiten ari direla nabarmendu zuen. Zabaletak eta bere taldeak El rato de Jose dantza ikuskizuna aurkeztuko dute bihar. Dantzariaren esanetan «izerdia, arnasketa eta larrua» dira ikuskizunaren giltzarriak.



Biharko dantza emanaldiekin bukatzeko Sodapop estreinatuko du A Deshoras dantza konpainiak gaueko ordu txikietan. «Pop musikari eta estetikari omenaldia egin nahi izan diogu», azaldu zuen ikuskizunaren abiapuntua koreografiaren sortzaile Silvia Clementek. Abestiek izugarrizko garrantzia izango dutela adierazi zuen, baita jantziek ere. Horrela gauzak, kantari bat eta «pop izar batek behar duen guztia» agertuko dira ikuskizunean. «Dantza jendearengana gerturatu nahi dugu», azaldu zuen kalean eskainiko duten ikuskizunaren arrazoia.







feria zenbakitan







Garrantzia hartzen ari den Antzerki Feria







Sendotzen eta hedatzen ari da duela bederatzi urte sortu zen Donostiako Antzerki Feria. Sendotzen ari da urtetik urtera talde gehiago, estreinaldi gehiago, eta batez ere, programatzaile gehiago datozelako. Aurten adibidez, 170 programatzailek eman dute izena —gehienak, espainiarrak—.



Antolatzaileen irudiko, horrek guztiak feriaren azken helburua bermatzen du: hots, konpainien eta programatzaileen artean kontratatzioak adostea. Joan den astean Norka Chiapuso Donostiako Antzerki Feriaren zuzendariak eman zituen datuen arabera, iaz ferian parte hartu zuten 23 konpainietatik —10 Euskal Herrikoak ziren— 18k kontratu garrantzitsuak lortu zituzten. Feria bakoitzak 3 milioi euroren kontratazioa eragiten omen du.



Sendotzeaz gain hedatzen ari da Donostiako Antzerki Feria, Euskal Herriko mugetatik haratago alegia. Izan ere, Espainian antolatzen diren antzerki ferien koordinadorako partaide da, eta gainera, aipatu elkarteko feriarik garrantzitsuenetakoa dela nabarmendu zuen bere zuzendari Chiapusok: «Espainian antolatzen diren hamahiru ferietatik bigarren postuan gaude gu. Tarregakoa (Katalunia) eta gero garrantzitsuenak gara».



Gainera, gaztelaniazko merkatu handiago batean, Latinoamerikako merkatuan, sartu da. Hain zuzen, Latinoamerika eta Karibeko Kultura Sustatzaileen sarean dago Donostiako Antzerki Feria, joan den ekainean Guatemalan egin zuten biltzarraren ondotik. Sare horretan parte hartzearen ondorioz ferian lanak aurkezten dituzten antzerki taldeei hango merkatuko ateak zabaldu nahi dizkie Donostiako Antzerki Feriak. Halaber, hango taldeak Donostiara ekartzeko asmoa du.

Dokumentuaren akzioak