Dokumentuaren akzioak
Dantza estiloak uztartuz
Kritika, Aukeran
Ikuskizunak, garatzeko, garaikideaz gain iturri ezberdinetatik edaten du, ordea, klasikoaren eragin garbiak ikusten baitira eta euskal dantza tradizionaletatik hartutako urratsak. Baina gainera tango bat eta Ipar Amerikako Tap dance-a ere bai. Gaiarena izan daiteke harrituta uzten duen gauzetariko bat, mitologiara jotzen duelako eta oholtza gainean zailki sumatu daiteke aintzinako kontakizun horien arrastorik, explizituki behintzat.
Euskal dantzen urrats (Xiberukoak, Arratiako jotarenak, Gipuzkoakoak) eta euskal folkloreko eszena (Godaletaren exhibizioa, Pastoraletako sarrera, Lekeitioko kutxa, Dantzari dantzako hildakoaren figura, Joaldunak...) ikusgarrienak hautatzean munduko hainbat estilo, dantza, doinu eta mugimendurekin jokatzen du. Aitortu beharra da koreografiak apartekorik ez dutela, baina mestizaje hori lortua dago, hau da, estilo guztiok ondo nahastu eta uztartzen ditu.
Amaierarako uzten da parterik espektakular eta mugituena, ikus-entzuleekin nolabaiteko konplizitatea bilatzen: fandango eta arin-arinak cajon flamenco-ren erritmo eta tap dance-rekin uztartuz. Hemen ikus daitezke garbien kanpo eraginak, Muru-k betidanik erabili duen eredua, Joaquin Cortes, hala nola, Lord of the dance-n keinuak eta Stomp iparramerikarren edo Israelgo Mayumana bezalako taldeen kutsuak, perkusio, mugimendu, ahots eta bestelakoekin jokatzen duten performace taldeak. Azken parte hau bukaerako agurrarekin lotzen du, taldearen ohiko agur luzeegiak.
Ikuskizunak duen onena, zalantza barik, dantzariak dira. Lau mutil eta lau neska modu horretan dantzatzen ikustea ikusleen gozamenerako da. Banan bana, teknikoki bikainak, urratsak eta dantzak oso landu eta pulituak eta exekuzioa ezin hobea, denen artean protagonista nabaria Aiert Beobide donostiarra delarik. Txapela kentzekoa. Nesken artean ezberdintasun nabarmenak ez badaude ere, azpimarratu behar Nahikari Galarraga amasar gaztearen gaitasuna, arintasun eta abilezia horrekin dantzatzeko eta inguruko jendea bereganatzeko. Harribitxi bat.
Musika zuzenean izateak asko jazten du dantzasaioa bera, are gehiago, musikariak kalitatekoak direnean. Agian errekurtso erraza da Kepa Junkeraren piezetara jotzea, baina, hauek ere oso ondo exekutatutakoak dira. Tangorako Pariseko Gotan project talde franko-argentinarraren kanta bat aukeratzean ere dianan jotzen dute, hemen gutxi entzun den arren, world music-eko zirkuituetan gorenean izan baitziren duela ez asko.
Ikuskizuneko bestuarioa Ramon Garcia errenteriarrena da, gusto anitzetarako eginak, xinpleenak politenak.
Bere tarte aspergarriak baditu ere, oro har, ikuskizun ederra da. Gaur egun «euskal dantza» ukitzen duten saio gutxi hauek ez baditugu bultzatzen, geureak azken urteetan duen norabide berean jarraituko baitu, noraezean, alegia. Jakin badakigu herriek ez dutela azpiegitura egokienak horrelako eskaintzak emateko (jendeak zutik ikusi behar izan zuen, dantzetan oinak ikustea derrigorrezkoa baita), baina, zorionak halaber, Zizurkilgo Udalari ere, ikusteko tokia aproposena ez bazen ere, antolatzean jarritako indarrarengatik.
Dokumentuaren akzioak