Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza esperientzien bilduma

Dokumentuaren akzioak

Dantza esperientzien bilduma

Busturiko Irrintzi Alai taldeak 50 urte bete zituen iaz, eta urteurrenean, mende erdiz bizitakoen bilduma egin dute; 200 ale kaleratu dituzte.
Egilea
Ane Maruri Aransolo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Busturia
Mota
Albistea
Data
2019/02/14
Lotura
Busturialdeko Hitza

Dantza bizi-bizi dago euskal kulturaren egunerokoan. Edozein herritako jaietan ezpata dantza egiten dute, baita Gorulariarena ere. Ohiko dantzetan ohikoena, baina, aurreskua da, hainbat ekitalditan ikus daiteke eta.

Irrintzi Alai liburua

Oraingoan, dantza pauso baten eta bestearen artean salto egin dute Busturiko Irrintzi Alai taldeko dantzariek. Esperientzia berri bati hasiera eman diote. Mende erdi bete zituen taldeak iaz, eta etenik gabeko ibilbide horretako bizipenak liburu batean jaso dituzte.

Taldeko arduradunen berbetan, paperean jaso gura izan zituzten datuak: «Paperean margoztu gura genituen 50 urtean egindakoak». Erronka berriak zehaztu genituen urteurrenean, eta horietako bat izan zen liburua sortzea. «Iazko urte bukaeran bukatu genuen liburua», aitortu zuten arduradunek aurkezpen ekitaldian. Liburua taldearen datuak jasotzen dituen lehenengo pausoa izatea gura dute: «Etorkizunean joango gara istorio gehiago jasotzen eta biltzen».

Liburua ilusio handiagaz egindako lana dela aitortu du Itsasne Bilbao taldeko kideak. «Herrian ahoz aho entzundako berbak idazten saiatu gara. Maitasun handiagaz egin dugu lan, eta maitasun beragaz irakurtzea eta gozatzea espero dugu». Hala, argazkiez, testuz zein bertsoz betetako bilduma kaleratu dute; 200 ale atera dituzte.

«Maitasun handiagaz egin dugu lan, eta irakurleek liburuagaz gozatzea gura dugu»

Auzolanean egindako lana dela zehaztu dute arduradunek; «jende askok lagundu du liburuaren garapenean».
Dantzaren bitartez taldeak herriari ohitura, euskara, kultura eta musika eman dizkiola diote taldeko kideek, eta guzti horiek liburuan jasotzen ahalegindu dira arduradunak. Kultur taldeak duen ondareari buruzko datuak ere agertzen dira, garaian garaiko arropak, esaterako. Horiek argazkietan ikus daitezke.

Dantza ohiko jarduera bat da Busturian. Izan ere, sanblasetan hasi eta Gabonetara bitartean herrian egiten diren ekintza guztietan daude dantzariak, eta ekitaldi guzti horietako nondik norakoak jaso dituzte.
Dantzarien historia ere bildu dute. Joseba Agirreazkuenaga taldeko kidearen berbetan, Busturitik eginiko dantzaren «interpretazio bat» da bilduma. Izan ere, liburuaren lehenengo atalak busturiarrek beti egindako dantzei buruzko datuak biltzen ditu: aurresku eta soka dantzena, hain zuzen.

Aurreskuak hainbat dantza eragin zituen, eta Erregelak nabarmendu zituzten aurkezpenean; iaz Erregelak dantza berreskuratu zuten-eta Irrintzi Alaiko dantzariek. Dantzari bakoitzak asmatzen dituen unean uneko dantzak dira horiek.

Dantza taldearen iraupenari buruzko joan-etorriak ere aurki daitezke liburuan. «Ez da erraza dantza talde batek etenik gabeko 50 urte betetzea. Arduradunen kate hori mantentzea zaila da, eta liburuan garai eta aldi desberdinak lantzen dira».

Liburu aurkezpena dantz

1968. urtean sortu zen taldea, eta hamar urte beranduago ia desagertu egin zela irakur daiteke. Besteren artean, taldean emakumezkoek izan duten presentzia nabarmendu dute, gizonezkorik egon ez den tarteak ere izan dituztelako.

Agirreazkuenagak dantza talde bati buruz jakiteko inguruko taldeen historia ere jakin beharra dagoela argudiatuta, Elai-Alai Gernika-Lumoko dantzari taldearen sorrera noiz izan zen jasotzen du. «Irrintzi Alai taldearen nondik norakoak kontatzeko orduan, eskualdeko dantza taldeen historia jakitea ezinbestekoa da».
Liburuaren beste atalek inguruko euskal dantzen egutegi eta tradizioa kontatzen dute: Busturialdeko Dantzari Egunarena, kasu. Agirreazkuenagak azaldu legez, Busturian egin zen lehenengo Busturialdeko dantzari eguna.

Hastapenak

Irrintzi Alai taldearen aurretik, baina, beste dantza talde bat zegoela argitu zuten liburu aurkezpenean, eta horri buruzko datuak ere jaso dituzte. Busturiko dantza taldeko kide Mikelo Retolazak egindako bertsoan esan modura, Goizeko Izarra izan zen herrian «lehenengo marka» jarri zuena.

Goizeko Izarrari buruzko informazioa aurkitzeko «lan handia» egin behar izan dutela adierazi zuen aurkezpenean Xabier Isusi liburuaren egileetako batek: «Argazkiak batzen hasi ginen, baita jendeagaz hitz egiten ere, eta, azkenean, bilketa polita egitea lortu dugu».

«Busturiko herritarren ekarpenagaz auzolanean egindako lana da»

1950. urtean Antonio Iragorri Arzanegik sortu zuen taldea, Busturiko Altamira auzoan. Taldearen helburua «ondo pasatzea» eta dantza giroa sortzea izan ziren.

«Gernikarra zen Iragorri, eta bonbardaketaren ostean Mundakara joan zen, eta handik Busturira etorri. Txoko bat hartu eta zapatak konpontzeko egin zuen lekuan jaio zen Goizeko Izarra».

Sei urte inguru iraun zuen dantza taldeak, «taldearen ardura ez zuelako inork hartu nahi». Hala, baina, euskal dantzen hazia eta zaletasuna ereinda zeuden herrian, eta Goizeko Izarrako kideek Irrintzi Alai sortzea erabaki zuten 1967an.

Webgune berria estreinatu du Irrintzi Alaik

Orain arte egindakoak batzeko eta hurrengo gertaeren berri emateko webgunea jarri du martxan Busturiko dantza taldeak; www.irrintzialaibusturia.eus da orrialdea.

Informazioa, liburuko pasarte batzuk eta argazki zein bideo bildumak daude eskuragai wegbunean.

Dokumentuaren akzioak