Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza ere hizkuntza gutxitua delako

Dokumentuaren akzioak

Dantza ere hizkuntza gutxitua delako

Donostian, Gasteizen eta Baionan egon eta gero, Bilboko Alondegira heldu da Badu Bada: Euskara mundu eleanitzean. Donostiako San Telmo museoak eta Etxepare Institutuak bultzatua, euskara mundu zabalean ulertzeko modu bat da, erakusketa. Koldo Mitxelena euskaltzain, hizkuntzalari eta ikerlaria zenaren esaldia du abiapuntua: “euskararen benetako misterioa ez da bere jatorria, bere iraupena baizik”.
Egilea
Myriam Garzia
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2014/03/02
Lotura
Argia

Gure hizkuntza ikuspegi soziolinguistikotik aztertzea baino, egun euskarak mundua azaltzeko duen gaitasuna eta gauza guztiak izendatzeko duen ahalmena da agerian jartzen dena. Joxean Muñoz dugu erakusketaren komisarioa, eta Harkaitz Canok eta biek egin zuten erakusketaren gidoia. “Hainbat erakusketa egin zitezkeen, baina gure asmoa ez zen gaia agortzea. Gure enfokea euskararen erabileran eta horren ildotik sortzen diren arazoetan murgiltzea zen. Galderak, gaiak edo ildoak proposatzea nahi genuen, gero kanpotik elikatzen joateko” diosku Harkaitz Canok.

Idazleak aipatu duen moduan, hizkuntza tresna bizia da, eraldatzen doa denboran, eguneratzen, gaurkotzen. Horregatik, ez zuten erakusketa estatikoa nahi, “jendearen iritzia, erantzunak eta feed back-a nahi genuen. Hain zuzen horregatik zabaldu genuen post-it bidezko dialogoa. Twitter eta sare sozialak erabiltzeko aukera ere bada”.

Hiztunek mantentzen dute hizkuntza bizirik, eta hortik dator Badu Bada izena. “Hizkuntza ikusten bada, digitala bada, inprimatzen bada, erakargarria bada, sortzailerik badu, komunikabiderik badu, bizirik dago. Gaia desakralizatu nahi genuen, hizkuntza ez dago isolaturik, harremana du beste hizkuntzekin”.

Hizkuntzaren alde jostagarria eta gozagarria azpimarratu nahi da. Euskaraz sortzeko, “euskaratik sortzeko”, Maialen Lujanbioren hitzak erabiliz.

Dantza hizkuntza unibertsal

Badu Bada erakusketa Bilbon zabaltzeko, 12 minutuko pieza garaikidea ondu zuen Dantzaz konpainiak: Babel. Donostiako konpainiak badu berezitasunik: dantzari gazteak trebatzen ditu, 16 eta 25 urte bitarteko neska-mutilak baitira konpainia osatzen dutenak. Adriana Pousek zuzendari artistikoak azaldu digunez, “dantzarena ere hizkuntza gutxitua denez, Alondegiko espaziorako eta Badu Badarako espresuki sortu dugu Babel”. Horretarako, Gonzalo Diaz gaztea ekarri dute Madrildik, koreografia ikasten ari baita han, Goi mailako Kontserbatorioan.

Kanpoko nahiz bertako gazteak bi urtez trebatzen dira Dantzazek osatzen duen plataforman, “gero jauzi egiteko”. Emaitzak onak dira zuzendari artistikoak dioenez: “2008an sortu ginetetik, 68 dantzari aritu dira gurekin eta horietatik 50 inguru nazioarteko konpainia handietan dihardute egun”.

Bost egunetan prestatu zuten Babel, eta estreinaldia otsailaren 20an izan bazen ere, aurreko egunetan entsegu irekiak eskaini zituzten Alondegiko espazioan.

Gonzalo Diaz koreografo eta Babel-eko arduradunak esan digunez, “Sortze prozesuan, dantzari bakoitzak duen berezko hizkuntza atera zezan saiatu naiz, gorputz bakoitzaren hizkuntza gutxiagoatua, hain zuzen. Dantzari bakoitzaren solo-etatik abiatu gara. Gero, hori guztia arautu eta elkarren hizkuntza sortu dugu, bakoitzaren espresibitatea murriztu gabe”.

Fem Rose Has holandarra eta Martxel Rodriguez lesakarra Dantzaz konpainiako kideak dira, 23na urte dituzte. Lehenak, Rotterdamen ikasketak burutu eta gero, ez zuen lanik inon aurkitzen, “horregatik etorri nintzen Donostiara. Aukera ezin hobea da dantzari gazteentzat, bestela ere aukera gutxi daukagulako dantza munduan murgiltzeko”. Martxel Rodriguez erabat ados dago Hasekin, eta funtsezkoa iruditzen zaio Dantzaz konpainiak egiten duen lana. “Eskolatik atera berria zarenean, ia ezinezkoa da konpainia batean sartzea. Konpainia honetan esperientzia hartzen da eta oholtza gainean lan egitera behartzen zaituzte. Horri esker, konpainia handietako kide izateko egiten diren ikusaldietara erosoago zoaz, esperientzia profesionala lortzen baituzu. Babelen nork bere barne hizkuntza landu dugu, eta hori, teknika bera lantzea baino garrantzitsuagoa da”.

Dokumentuaren akzioak