Dokumentuaren akzioak
Dantza erakustaldia
'Mugakoa'
Zalantzarik gabe, Dantzaz konpainiaren Mugakoa izan da dFeriako hirugarren eguneko ikuskizun nagusia. Aurtengo edizioaren leloa Mugak izanik, forma berezia eman diote egitarauari, kale eta aretoaren arteko mugak lausotzeko.
Xede horri begira, Jone San Martinen Ni espioi piezarekin hasi eta bukatu da gaualdia, konpainiako dantzari gazteak Viktoria Eugenia antzokiko kanpoaldean zeudela. Lehen asmoa omen zen ekitaldia kanpoan hasi eta jendea areto barrura bideratzea, baina publikoaren ikusminak desplazamendua zaildu du, eta kanpoaldean burutu da sarrera dantzatua.
Gaueko bigarren lanari hasiera emateko, besaulkien arteko pasabidetik abiatu da lehen bikote dantzaria, neska mutilaren besoetan zihoala, eta horrekin sartu gara Jacek Przybylowiczen munduan, dantzariak bikoteka eta beltzez jantzita gortesau erako amodio-jolasetan murgiltzen ziren bitartean, Marin Maraisen biola musikak lagunduta eta garai hari dagokion argiztapen tenebristan bilduta. Dotorezia handiko pieza honetan garrantzi handia dute hanka zein besoetako indar lerroen proiekzioek, eta esangura sakonera heltzen dira isilpean dantzaturiko pasarteak.
Tarteko atsedenaldia ere baliatu du Adriana Pous zuzendari artistikoak antzokiko atariari beste balio bat emateko, eta, kaleko ateak zabal-zabalik zeudela, eskailera nagusiko hiru gunetan paratu ditu hiru neska dantzari, Itzik Galiliren Chameleon pieza eskaintzeko. Lan gozagarri honetan era umoretsuan islatzen dira emakume batzuen pinpirinkeria eta bulkadakako jokaerak, eta konpainiako hiru dantzari ohiek segida harrigarri batean konbinatu dituzte bizitza arrunteko eta goi mailako dantza keinu adierazgarriak.
Areto barrura itzuli garenean, Itzik Galiliren beste bi koreografiarekin jarraitu du emanaldiak. Things I Told Nobody izeneko piezan ordena kronologikoan entzuten dira Haendel, Vivaldi, Mozart eta Satieren pasarte ezagunak —Satierenean tempo geldoan—, eta horri esker hartzen dute beren dentsitate liluragarria konpainia osoaren mugimendu segida konplexuek. Przybylowiczen lanean bezala, ugariak izan dira orain ere gran jete erako jauziak, eta pas de deux batzuetan agerian geratu da dantzarien prestakuntza akrobatikoa, Galiliren diseinu leun eta gozagarriarekin bateragarria dena. Esandako guztiak gehi amaierako solo poetikoak edertasun handia eman diote piezari.
Azkenik, Galilik berak konpainiarentzat sortutako Flash Deluxe 2011n estreinatu zen Donostian bertan, eta aukera ezin egokiagoa izan da egitarauari bukaera emateko. Perkusioa da lan honetako soinu bakarra —danborradaren erritmoarekin hasi eta batucada giroan amaitu arte— eta Paxcal Indoren txalaparta sormentsua ederki uztartu da beste erritmoen artean. Konpainiak, berriz, segida erritmiko kementsuak garatu ditu, kide guztien diziplina eta koordinazioa agerian utziz, eta dantzarien poz-oihuek eta txaloek azken apoteosiraino bideratu dute dantzaldi distiratsu osoaren erakustaldia.
Dokumentuaren akzioak