Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza egitetik, zuzentzera

Dokumentuaren akzioak

Dantza egitetik, zuzentzera

Egilea
Josu Artutxa Dorronsoro
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2023/12/12
Lotura
Ataria

Amaia Elizaran dantzari tolosarrak 'In a loop' pieza estreinatu du Montrealen; lehen aldiz koreografo lanak bakarrik egin ditu. Bi hilabetez egon da bertan, hamahiru dantzarirekin lanean.

Amaia Elizaran dantzari tolosarraren konpainiak In a Loop pieza estreinatu berri du Montrealen (Kanada). Etxepare Euskal Institutuaren, Gipuzkoako Dantzagunearen eta Quebeceko Conseil des Arts et Lettres erakundearen arteko lankidetzari esker, Pays Basque - Quebec ekimenaren barruan, dantzari tolosarrak udazken honetan École de Danse Contemporaine de Montrealen izan duen egoitza artistikoaren emaitza izan da.

Dantzari tolosarraren zortzigarren sorkuntza da In a Loop; begizta batean esan nahi du. «Bizitza bera ere begizta bat da. Niri ere askotan gertatu izan zait. Etxetik kanpo ibiltzen naiz, herrialde desberdinetako dantzari askorekin lanean. Inspirazio momentuak izaten dira niretzat, eta Tolosara itzultzen naizenean, momentu horiek gordetzen eta gehiago bilatzen saiatu behar dudala sentitzen dut. Gero, ordea, begizta batean murgiltzen naiz eta oso zaila egiten zait bertatik ateratzea. Badago zerbait eguneroko ohituretara eramaten nauena, eta esango nuke, guztioi gertatzen zaigula».

Elizaranek ideia berdinak errepikatzean eta inprobisazioan oinarritu du bere ikerketa koreografikoa. «Inoiz bukatzen ez diren mugimenduak asko interesatzen zitzaizkidan. Begizta batean sartzen garenean, era desberdinetara bada ere, beti abiapuntu berdinera iristen gara. Hori landu dugu».

Ikasleak, eta profesionalak

Artista tolosarrarekin zuzendaritzapean, 20 eta 22 urte arteko hamahiru dantzari kanadarrek parte hartu dute lau saioetan. Elizaranen esanetan, «zoragarria eta oso erraza» izan da beraiekin aritzea. «Ez dira dantzari profesionalak; oraindik ikasleak dira eta ez daude ohituta agertokira egunero igotzera».

Besteak beste, talde izaera azpimarratu du tolosarrak. «Oso ondo moldatu dira elkarren artean, eta oso zaila izaten da horrelako taldeak topatzea. Lehen egunetik proiektuarekin konektatuta azaldu dira. Nik nahi nuena islatu da piezan, baina tartean, buruan ez neuzkan gauza asko egon dira, beraien lanari esker atera direnak». Elizaranen iritziz, «erronka handia» izan da dantzarientzat. «Pieza erraza izan arren, etengabe kontzentratuta egotea eskatzen duelako, eta beraiek kontzentrazio maila handia erakutsi dute».

Asteazkenean aurkeztu zuten lana jendaurrean, eta lau gauetan beste hainbeste saio egin dituzte Edifice Wilder Espace Danse aretoan. «Oso pozik» agertu da emaitzarekin. «Beldur apur bat nuen, pieza konplexua delako. Kontzentrazio handia eskatzen duen pieza da, eta abiadurarekin asko jolasten dugu». Estreinako saioan bazen kezka sorrarazten zion ezaugarri bat: «Beldur nintzen dantzariak tempo-a jarraitzeko gai izango ote ziren, dena askoz azkarrago egitea izaten baita ohikoena».

Lan bat zuzentzeko gai

Zortzi urte dira dantzari tolosarrak dantza garaikideko konpainia sortu zuela. Orain arte egindako ibilbidean, mugarri berri bat ezarri du. Lehen aldiz, koreografo lanak bakarrik egin ditu; ez da oholtzara dantzatzera igo. «Nire lanean konfiantza handiagoa izateko, eta kanpotik lan bat gidatu eta zuzentzeko gai naizela sinestarazteko balio izan du». Aurrera begira, ate berriak zabaldu dizkiola aitortu du. «Asko ikasi dut esperientzia honetatik; lan desberdinak kanpotik jarraitzeko beldurra kendu ahal izan dut gainetik».

Artista tolosarrak bera bezalako sortzaileentzako gisa honetako ekimenek eskaintzen duten aukera paregabea azpimarratu du. «Oso aberasgarria da». Espero ez zuen opari bat izan da berarentzat. «Asko gozatu dut. Gutxitan izaten dugu horrelako egonaldiak egiteko aukera, eta lehen momentutik argi neukan nire bizitzan horrelako zerbait bizitzeko okasio bakarra izan zitekeela. Zorte handia izan dut».

Bertan bai, hemen nekez

Lana bi hilabetez garatu du Elizaranek. Dantzatu eta sortzeaz gain, bertako kulturaz gozatzeko aukera izan du. «Egonaldi bakoitzean prozesua desberdina izaten da, eta oraingoan, denetarako denbora izan dut». Gauza batek atentzioa eman dio: «Artearekiko eta kulturarekiko errespetu handia erakusten dute, eta ikaragarri zaintzen dituzte. Egunero programatzen dituzte saioak eta sekulako giroa egoten da; jendez gainezka egoten dira aretoak. Saio horiek, gainera, lauzpabost egunez egoten dira programatuta, eta ia guztietan, sarrerak agortzen dira. Euskal Herrian ez gaude horretara ohituta».

Hain justu, lan hau Euskal Herrian aurkezteko aukerari buruz galdetuta, Elizaranek amets handiegia dela aitortu du. «Ezinezkoa da, eskolan geratuko den proiektua delako. Euskal Herrian, gainera, ez dugu horrelako zerbait egiteko baldintzarik eta arrisku handiegia hartzea suposatuko luke». Dantzari tolosarrak beste erronka bat du buruan: «Pieza hau dantzari profesionalekin eta zuzeneko musikarekin interpretatzea».

Dokumentuaren akzioak