Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza egin, madarikatuok!

Dokumentuaren akzioak

Dantza egin, madarikatuok!

Egilea
Urtzi Urkizu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2022/09/22
Lotura
Berria

Izaskun Arandiaren <em>My Way Out</em> dokumentala.

Jakina da nork jartzen duen dirua Donostiako Zinemaldian, baina gauza bat da egunkari ofizialean auto baten iragarkia topatzea, eta beste bat Jonan Fernandezi egindako elkarrizketa bat argitaratzea 2030erako Euskadi Basque Country Agendari buruz. Espainiako Gobernuak ere jartzen du diru dezente, eta dibertigarriagoa litzateke jaialdiko Tiktok kontuan Miquel Iceta Espainiako Kultura eta Kirola ministroaren dantza saio bat topatzea. Aurreneko eguneko gauerdiko jaian, han zen Iceta, baina ez dut lorategietara joko. Ez bainaiz ni habanerak kantatzen dakien bakarra.

Tiktok aipatu dut, sare sozial hori baita jaialdiaren babeslerik nabarmenetako bat. Ba jaialdiaren Tiktokeko kontuan soilik bideo bat da dantzagarria, eta robot bat du protagonista, Belodromoan.

Pena da, zeren azkeneko egunetan pelikula batean baino gehiagotan agertu dira istorioen protagonistak dantzan: jaietan, ezkontzetan, dantzalekuetan... Eta La maternal-eko protagonista nerabeak ere egin zezakeen tiktok txukun bat, dantzan.

Aurtengo galetan, era berean, Kukaiko dantzariak desagertu egin dira; pandemiako bi urteetan, Jon Maia koreografoa aritu zen zuzendari, Harkaitz Canoren gidoien laguntzarekin, eta orduko galetan dantzak bizitasun berezia ematen zion oholtza gainean gertatzen zenari. Ez da beharrezkoa urtero Maiak galak zuzentzea, baina Kukaikoekin lanean jarraitzea ez litzaieke gaizki etorriko Zinemaldiko galak antolatzen dituztenei. Edo ez dakit, Telmo Esnali berari eska diezaiokete gomendioa, Dantza filmeko zuzendaria izateaz gain, dantzaria ere izana baita.

Bestalde, gogo bizia sartu zait noizbait Londresera joateko, The Way Out dantzalekuan dantza egitera. Izaskun Arandiaren My Way Out dokumental ederrari esker izan da hori. Maitagarriak suertatu zaizkit Vicky Lee klubeko jabea eta beste protagonista guztiak.

Ziur nago Something You Said Last Night filmeko (Zuzendari Berriak) protagonista transexuala ere eroso eta pozik sentituko litzatekeela Londresko klubean. Luis de Filippisen fikziozko lan horretan, trans batek bere senideekin duen harremana kontatzen da. Torontoko jaialdian estreinatu zuten pelikula, eta trans komunitatean harrera oso beroa izan zuen. Espero daiteke Arandiaren My Way Out-ek ere harrera polita izango duela trans komunitatean, zintzotasun eta naturaltasun handia baitago protagonisten hitzetan.

Trans pertsonaiarik ez dago Fernando Francoren La consagración de la primavera film zoragarrian, baina ertzetan dantzatzen asmatzen du. Dantzaleku batean dantzan ere agertzen da neska protagonista —Valeria Sorollaren lana txapela kentzeko modukoa da—. Filma ez da urrun ibiliko sarien dantzatik.

Dokumentuaren akzioak