Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantza egin gura zuen jende talde bat zegoelako etorri nintzen Durangora"

Dokumentuaren akzioak

"Dantza egin gura zuen jende talde bat zegoelako etorri nintzen Durangora"

Carla Fernandez

Mexikon jaio, eta Madril eta Sevillan bizi izandakoa da Carla Fernandez. Durangoko Dharananda yoga zentroan dantza garaikideko tailerra eskainiko du.
Komunikabidea
Anboto
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/01/27
Lotura
Anboto

Zelan sortu da Dharananda zentroagaz kolaborazio hau martxan ipintzeko aukera?

Iaz neu hasi nintzen hemen entrenatzen, eta horrela ezagutu nuen zentroaren filosofia eta lan egiteko modua. Gorputzarekin egiten dudan lana bertan eskaini ahal izatea proposatu nien. Arte martzialak eta yoga eskaintzen dute Dharanandan, eta interesgarria iruditu zitzaidan adar artistiko hau eskaintzea. Gure lana egiteko espazio bat behar dugu dantzariok, eta behar ditugu hau bezalako lekuak.

Lehenengo aldia da hau bezalako tailer bat gidatuko duzuna?

Ez, izan ere, Durangora dantza egin gura zuen jende talde bat zegoelako etorri nintzen: dantzariak ziren, dantzan oso interes handia zuen jende talde bat. Ibaizabal ikastolan eskaini nuen lehenengo tailer hura. Ondoren erabaki nuen Durangora bizitzera etortzea.Urte bi sorkuntza lanean buru-belarri egon ostean bueltatu naiz tailerrak eskaintzera.

Zer eskainiko dio tailerrak parte hartzen duenari?

Niretzako dantza zer den azalduko diet. Espero dut askotariko jendea etortzea, ez bakarrik lehenago dantza egin izan duena. Kuriositatea eta interesa duen oro dago gonbidatuta. Pena handia ematen dit jendea entzutea, “beti izan dut gogoko baina...”, “nik ezingo nuke hori egin”... Ez noa abilezia fisiko edo teknikoak lantzera. Lehenengo gauza nahi izatea da, ausartzea gero, eta horretarako espazio bat edukitzea.

Gorputzaren aukeren kontzientzia hartzea da helburua, eta hori era adierazkor eta kreatiboan erabiltzea. Lortzen duzu jendea helburu horretaraino eroatea?

Bakoitzak bere mailatik ulertzen du eta eroaten du zerbait: jende guztia ez dago leku berean, bakoitzak gaitasun bat du garatuago... Baina, hala ere, baietz uste dut: Aretxabaletan dihardut Durangon eskainiko dudana lako ikastaro bat ematen, eta oso polita da gorputzak eta buruak askatzen ikustea.

Amaitutzat eman duzu ‘Barbara humana con cola’ ikuskizunaren ibilbidea?

Ez dut amaitutzat eman, baina behin ikuskizuna jaiota, geratzen dena horri zabalkundea ematea da. Eta gaur egun zabalkunde sareak dauden bezala, bestelako aukerak bilatu behar dira.

Bestelako sorkuntza prozesuren batean diharduzu?

Bai. Barbara, humana con cola ikuskizunaren sorkuntza prozesuak idatzizko material asko sorrarazi zuen (gorputzari buruzko nire gogoetak, ikuskizunari buruzkoak...), eta testu horiekin eta Veronica Garcia lagun pintoreak nire lanaren gainean egindako 12 margolanekin liburu bat kaleratu gura dugu. Oso material aberatsa dago horretarako. Berezia izan zen ikuskizuna sortu ahala idaztearena? Beti egiten dut berbekin lan, egiten ari zarenaren beste dimentsio bat ematen dizu idazteak, eta asko idazten dut, oso gogoko dut idaztea. Urte biko sorkuntza prozesu hartan lau-bost koaderno bete nituen: dena jasotzen du erregistro dokumental horrek.

Otsaileko lehenengo hiru zapatuetan,
Dharanandan

Sevillan ikasi zuen Carla Fernandezek Arte Dramatikoa, eta eskola hartan erabaki zuen interpretazioaren alorretik barik, dantzaren eta gorputz adierazpenaren bidetik egingo zuela aurrera.

Dantzak ekarri zuen Durangora, eta Gorputz mugimendu dantza laborategia tailer intentsiboa eskainiko du bertako Dharananda Yoga Zentroan: lau orduko hiru saio izango dira, otsaileko lehenengo hiru zapatuetan.

Ariketa anatomikoagaz hasiko dira, buruaren, sorbaldaren, gerriaren, besoen zein hanka eta oinen mugimendua landuz. Eta sorkuntzari helduko diote ondoren. Horretarako, “beharrezkoa da aurreiritziak askatu eta buruari barik, gorputzari, desioari eta askatasunari begiratzea”, dio Fernandezek. “Ez noa mugimendu hori egitera zatarra delako”, “harek zer ondo egiten duen, eta nik zer txarto”... Horrelakoek “gure gorputzarekin egotea eragozten digute”, uste du Fernandezek. “Jendea zelan doan gorputza askatzen ikustea da politena”, dio.

Dokumentuaren akzioak