Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza bizitzaren amaierari

Dokumentuaren akzioak

Dantza bizitzaren amaierari

'Polvo serán', Carlos Marques-Marcet zinemagile bartzelonarraren azken lana, bere bizitza amaitzea erabaki duen bikote baten kontakizuna da.
Egilea
Uxue Arzelus Lasa
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2024/11/13
Lotura
Berria

'Polvo serán' filma.

'Polvo serán' filma.

Claudiak gertakari maniako bat du. Osasun langileak hura lasaitu nahian dabiltza, eta etxeko gela batetik bestera jarraitzen diote. Flavio, Claudiaren senarra, eta Violeta, haien alaba, laguntzen saiatzen ari dira, baina emakumeak iheska jarraitzen du. Bultzatu eta heldu, iheska eta jarraika ari direla, Claudiaren eta osasun langileen mugimenduak dantza bilakatzen dira; senarrak eta alabak jarraitu ezinezko koreografia bat.

Claudia aktorea da, eta haren senar Flaviorekin —antzerki zuzendaria ere bada— Medea obra prestatzen ari da. Emakumeari burmuinean tumore bat aurkitu diote, tratatu ezin direnetako bat, eta Suitzara, suizidio lagunduaren inguruko elkarte batera jotzea erabaki du, hiltzeko asmoz. Flaviok 40 urte baino gehiago daramatza Claudiarekin, eta ez du hura gabe bizi nahi; beraz, emaztearekin batera hiltzeko erabakia hartu du. Bikotea ezkondu zeneko urteurrena ospatzeko aitzakiarekin, familia mahaiaren inguruan bilduko da, eta Claudiak eta Flaviok beren erabakiaren berri emango diete hiru seme-alabei.

Carlos Marques-Marcet zinemagile bartzelonarrak 2014. urtean zuzendu zuen bere lehen film luzea: 10.000 km. Filmak bikote baten harremana du erdigunean, eta aztergai ditu kide bat Bartzelonan eta bestea Los Angelesen bizita sortzen diren dinamikak. Sari mordoa jaso zituen filmak, eta zuzendari berririk onenaren Goya saria eman zioten Marques-Marceti. Ordutik, besteak beste, zinema jaialdietan eta sari banaketetan arrakasta izan duten film luzeak —Tierra firm, Els dies que vindran— eta telesailak —En el corredor de la muerte, La ruta— egin ditu. Bere azken lana, Polvo serán, Torontoko jaialdian aurkeztu zuen, eta Platform saria irabazi; Espainian ere aurkeztu zuen, Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean, eta, Angela Molina eta Alfredo Castro aktoreek epaimahaiaren aitortza berezia jasotzeaz gain, filmak Zilarrezko Galburua irabazi zuen.

Marques-Marcetek denbora zeraman heriotzaren gaia —gai zaila, inondik ere— film batean landu nahian. Suitzako suizidio lagundurako klinika baten berri izan zuenetik, bizitzaren amaierari buruz ikertzen hasi zen. Eta erabaki zuen bizitzaren amaiera hori nola helduko den erabakitzen duen bikote baten istorioa kontatzea. Polvo serán heriotzari buruzko film bat da, baina baita bizitza eta maitasunari buruzkoa ere. Seme-alabenganako maitasuna, bikotekidearenganako maitasuna, bizitzarekikoa. Eta gai unibertsal horiek kontatzeko, musikalaren generoa erabili du zuzendariak. Marcos Morauk eta La Veronalek koreografiatutako dantzek eta Maria Arnalen musikak nahita sortutako ezegonkortasun puntu bat ematen diote filmari, baina une musikalen artifizioak, urruntzea eragin ordez, hitzek eta elkarrizketek lortu ezin dezaketen kutsu intimoa ematen diote kontakizunari.

'Polvo serán'

Zuzendaria: Carlos Marques-Marcet. Gidoilariak: Carlos Marques-Marcet, Clara Roquet, Coral Cruz. Aktoreak: Angela Molina, Alfredo Castro, Monica Almirall. Argazkia: Gabriel Sandru. Musika: Maria Arnal. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 106 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian. 

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_14413635) (/EZEZAGUNA) azken
Miren Gaztañaga aktorea, 'Azken erromantikoak' filmaren eszena batean.

 

'AZKEN ERROMANTIKOAK'

Zuzendaria: David Perez Sañudo. Gidoilariak: David Perez Sañudo, Marina Pares. Eleberria: Txani Rodriguez. Aktoreak: Miren Gaztañaga, Maika Barroso, Eric Probanza. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 102 min. Herrialdea: Euskal Herria.

Irune izeneko emakume bakarti eta hipokondriako batek Arabako herri industrial baten kanpoaldeko paper fabrika batean lan egiten du. Haren bizitza ezagunen zirkulu txiki batek baino ez du osatzen: lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat, eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Haren oreka hauskorrak eztanda egingo du bularrean koskor bat nabaritzen duenean.

'WALDO'

Zuzendariak: Charlie Arnaiz, Alberto Ortega. Gidoilaria: Juan Carlevaris. Argazkia: Alberto Gonzalez Casal. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Espainia.

1977ko martxoaren 28ko goizean zabaldu zen albistea: Waldo de los Rios, Alaitasunaren Ereserkia-ren moldaketagatik ezagun egin zen konpositorea, hilda agertu zen, aurpegian bi eskopeta tiro zituela. Waldo dokumentala 1960ko hamarkadatik Espainian bizi zen musikari argentinar ospetsuaren irudi publikoaren atzean dauden sekretu guztiak argitzen saiatuko den proiektu bat da. Ospea, luxua, pasioa, homofobia, diktadura, depresioa, bakardadea, suizidio enigmatiko bat, eta ahanzturaz beteriko bizitza bat erretratatzen ditu filmak.

'Des Teufels Bad'

Zuzendariak: Severin Fiala, Veronika Franz. Gidoilariak: Severin Fiala, Veronika Franz. Aktoreak: Anja Plaschg, David Scheid, Maria Hofstatter. Argazkia: Martin Gschlacht. Generoa: Beldurrezkoa. Urtea: 2024. Iraupena: 120 min. Herrialdea: Austria.

Austria, XVIII. mendea. Baso sakonez inguratutako herriak. Emakume bati heriotza zigorra ezarri diote haur bat hiltzeagatik. Agnes, bere maitearekin ezkondu, eta emazte bizitza izateko prestatuko da. Baina egunez egun, geroz eta harrapatuago egongo da pentsamendu gaiztoetara daraman bide ilun eta bakarti batean.

Dokumentuaren akzioak