Dokumentuaren akzioak
Dantza bizi
Albizko Ezpata Dantzariak jubilatuta daude, baina oraindik ere eginkizun garrantzitsua dute: dantzan egitea. Dantza da beraien pasioa eta aurrera jarraitzeko indarra ematen diena
41 urte beranduago, 2005ean, Albizen Ezpata Dantzari taldea eratu zen berriro. Ilusioz, baina aurrekikoarekiko erabat ezberdin. Izan ere, gaur egungo kideak ordukoak baino zertxobait nagusiagoak dira, 64 eta 72 urte arteko dantzariek eratzen dute taldea. Horiek dira Juan Intxausti, Felix eta Jesús Legarra, Justo eta Santi Gerritagoitia, Anastasio Badiola, Serafín Zamaio eta Jose Elorrieta.
Gehienak Albizko Ezpata Dantzari gazteak izan ziren antzina. Egun batean, ordea “gustuko” duten “afixioa berreskuratzea” bururatu zitzaien, Felix Legarrak adierazi bezela “Nire taldekide izandakoei berriz ere dantzan hastea proposatu nien, eta guztiek eman zidaten baiezko erantzuna” Jesús Legarraren esanetan, “proposamena jaso eta behintzat saiatu egin behar ginela erabaki genuen. Gaur egun, ordea, aurrera jarraitzeko prest gaude”.
Horrela bueltatu dira Albizko Ezpata Dantzariak, eta adina ez da oztopo izan eurentzat. Hala ere, urteak ez dira alperrik igarotzen, Jesús Legarrak dioenez “Orain arinago nekatzen gara. Jendeari hanka asko altxatzea gustatzen zaio, baina guretzat ez da erraza. Hala ere, saiatzen gara”. Justo Gerikagoitiak esan bezala, “gazteak ginenean, etxera gindoazenean ere hanka altxatzen jarraitzen genuen, baina, orain, etxera heltzerakoan deskantsua behar dugu”. Hala ere, Zamaioak azaldu legez, badaude zenbait trikimailu horri aurre egiteko “Adibidez, dantzan ari garela, zenbait unetan buelta eta erdi lekuan bertan egin behar da, eta hori oso zaila da. Beraz, hanka altxatu eta lekura buelta erdirekin joaten gara. Musika doinuak ondo jarraituz gero, ikusleek ez dute ezer somatzen”.
Dantzan hasi aurretik “berotzea beharrezkoa da”, Felix Legarraren hitzetan, baina gehienetan justu-justu iritsi eta ez dutela berotzeko denborarik izaten dio Badiolak. Horren ondorioz, Albizko Ezpata Dantzariek noizbait izan dute susturen bat edo beste. “Zarrabentan dantzan ari ginela, tendoietan min hartu nuen, baina orokorrean ez dugu lesio garrantzitsurik izan”.dio Intxaustik.
Harrera ona izan dute beti
Mendatan baino ez dute dantza egiten. Aurten adibidez, Madalena egunarena bezperan eta Mikel Deunaren jaietan egin dute saioa, eta bietan hurbildu da jende ugari horiek ikustera. Felix Legarraren arabera, “beti harrera ona izan dugu, batez ere dantza egin genuen lehen aldian”. Jesús Legarrak esan bezela “hasieran jendeak ez zuen uste bueltatu behar ginenik. Dantzan egin genuen lehen tokia Albiz izan zen eta txalo mordoa jaso genituen. Hainbat argazkilari ere izan ziren bertan. Erantzun horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu”.
Zamaio da taldera iritsi den azkena. Oromiñokoa da bera eta han ere dantza taldea du “Orain dela urte bi hasi nintzen Albizko Ezpata Dantzariekin. Felixek (Legarra) beraiekin bat egitea proposatu zidan, bat gutxiago zirelako. Zelako animosoak diren ikusita, baiezkoa eman nion. Ikusi ahal izan dudanagatik, txalo asko jasotzen ditugu Mendatan. Jendeak egiten duguna aintzat hartzen du.
Guzti hori kontuan izanda, ez da harritzekoa urteetan dantzan jarraitzeko asmoa izatea, Elorrietak dicen legez. “Erretiroa hartzeko ordua oraindik ez zaigu iritsi, dantzari dagokionez, behintzat. Asko gustatzen zaigu dantza egitea, afizio handia dugu”.
Horren adibide, datorren urteari begira dantza gehiago prestatzen hasiko dira, Palu eta Ezpata Nagusiak, hain zuzen ere.
Duela hainbat urte, Apezpikua etorri zela eta, Gernika-Lumon dantzatu zuten
1953. urtean gotzaina Gernikara etorri eta Albizko Ezpata Dantzariek foru hiribildura joan behar izan zuten dantza egitera, baina ez zuten ez arroparik ezta banderarik eta ezpatarik ere. Handik eta hemendik azkenean denak lortu zituzten. Irri artean gogoratzen dute egun hori.
Ambrosio danborilerua ere gogoan dute Ezpata Dantzariek. “Hura baino gizon hoberik ez zen egon”. Azaldu du Jesús Legarrak. “Hainbat kilometro eginda, oiñez etortzen zen Albizera entseatu behar genuen bakoitzean”. Bera izan zen, gainera, harrotasunez gordetzen duten bandera oparitu zien gizona. Gainera, era bitxian oparitu zien. Horma batera salto egitea lortuko zuela esanez, garai hartako abadearekin egin zuen postura. Galtzaileak bandera erosi behar zuen. Ezpata Dantzarien hitzetan, “bazekien galduko zuela baina opari hori egin nahi zigun”.
Dokumentuaren akzioak