Dokumentuaren akzioak
Dantza biguna
Kritika, Alma
Valentziar konpainiak duela hamabost urteko gogorapenak ekartzen dizkit gogora. Ni hasiberria nintzen dantza kritikari legez eta, espainiar panorama kontuan hartuta, oso gauza atsegin eta irudimentsuak egiten zituzten haiek. Edo horrela iruditzen zitzaizkigun garai haietan. Harrez geroztik, baina, gauza asko gertatu dira: konpainia batzuk sortu eta beste batzuk desagertu egin dira. Eta, batez ere, orduan garaikidea eta bide-urratzailea zenak ez dirudi gaur egun beste munduko gauza denik, polita, ondo egina eta atsegina izan arren.
Emanaldiaren hasieran konpainiako lau emakumeak eta hiru gizonak agertzen dira, musikak eta argiek sortutako atmosfera garbi batean murgilduta. Janzten dituzten soinekoetan gorri kolorea da nagusi eta arropen diseinuak zirku estiloko itxura erdi magikoa eragiten du. Horrek guztiak, antzerki erako jarrera nabarmenek eta denen irribarre etengabeek haur-emanaldi batean nengoela pentsarazi didate eta orduan etorri zait burura zutabe honetako izenburua.
Beranduago, eta amaierara arte, soineko zuriekin agertu dira zazpiak, antzinako klasikotasuna gogorarazi nahian edo, eta pasarte solemne bat eratu dute greziar frisoen antzera, pasodoble ezagun baten soinupean. Baina hasierako sentsazioa ez da erabat desagertu eta zenbait momentutan areagotu egin dira nerabeentzako emanaldi batean egotearen zantzuak. Ildo horretatik, atrezzo elementu ugariak erabili dituzte, eta eskutik esku igaro diren koktel kopak, behegainean inkatzen diren lore gorriak, goitik jaitsitako panel zuri zeharrargiek, eskultura itxurako zenbaki handiek eta mikrofonotik botatako mezu solidario laburrek apaindu dute dantzarien mugimendua.
Ikusten denez, konpainiak ez du efektu eszenikorik aurreztu bere urtemugan, eta emanaldian zehar nabariak izan dira dantzari guztien keinu garbiak, gorputz diziplinatuak eta talde-kohesioa. Niri, ordea, nolabaiteko hutsunea sortu dit inora ez zihoan hainbeste mugimenduk. Izan ere, koreografiaren diseinuak ez du inolako progresiorik edo tentsio dramatikorik planteatzen eta, horren ezean, umezurtz geratzen dira taula gainean ikusitako gauza politak.
Konpainia: Ananda dansa.
Zuzendaritza: Rosangeles eta Edison Valls.
Musika: Pep LLopis.
Dantzariak: Toni Aparisi, Susana Rodrigo, Lorenza di Calogero, Rosa Belen Ardid, Maria Jose Soler, Miguel Tornero, Jose Jimenez.
Lekua: Barakaldo antzokia.
Data: Maiatzak 18.
Dokumentuaren akzioak