Dokumentuaren akzioak
Dantza, bide eta bilgune
Adierazpide, bide eta bilgune da artea. Askotarikoak adierazteko eta lortzeko bide zein partekatzeko eta gozatzeko bilgune da. Musika bidelagun edo musikarik gabe ere, gorputzaren mugimenduekin hori ere lortzen du dantzak.
Apirilaren 29a da Dantzaren Nazioarteko Eguna eta Ondarroan gaur [apirilak 27] ospatu dute. Ondarroako Barra eta Dantza Kalean ekimenaren baitan 200 bat dantzari elkartu dira. Ondo errotutako hitzorduari sendo eusten diote; izan ere, hamaseigarren ekitaldia izan da gaurkoa.
Barra txiki, ertain eta handian Ondarroako, Mutrikuko, Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko dantzariek bat egin dute. 61 dantza ikaslek ikuskizun ederra eskaini dute, ikusleen gozamenerako. Dantza ikastorduetan egiten duten lana dotore erakutsi dute, erreka ondoko barandan. “Balleteko ariketak barandan egiteko ideia hau Gipuzkoako dantzari profesionalen elkartearena da. Eurak hasi ziren Donostiako Kontxako barandan ariketa hau egiten, eta, gaur egun, hainbat hiri eta herrietan egiten dute, Ondarroan barne”, azaldu dute.
7 eta 11 urte bitartekoekin hasi dute jardunaldia, 11:30ean; Ondarroako eta Lekeitioko dantzari txikiek Belen Vallek koreografiatutako barra txikiko ariketak egin dituzte. Agurragaz ekin diote erakustaldiari. 11 eta 13 urte bitarteko ikasleek, berriz, Miren Gomezek prestatutako koreografiak aurkeztu dituzte. 11 dantzarik osatu dute barra ertaineko taldea, bederatzi ariketa burutuz. Ondarroako eta Lekeitioko dantzariek osatutako nagusien txandan, Olga del Barriok koreografiatutakoak izan dira barra handikoak. Laura Ingles, Maitane Uribe eta Uxuri Nietoren gidaritzapean aritu dira horiek ere.
Dantzartekoek balleta herritarrei gerturatzeagatik, “bertatik bertara bizitzeko aukera emateagatik”, eskerrak eman dizkiete dantzarie, eta, era berean, bertaratutako ikusleei ere esker ona adierazi diete.
13:15ak aldera, berriz, Alamedan hasi dute ikuskizuna. Dantza Kalean saioan 140 dantzarik parte hartu dute, eta hamasei koreografia eskaini dituzte, hip-hop, dantza klasikoa, dantza garaikidea eta funkya estiloak uztartuta.
Horrez gain, Dantzarte Elkarteari laguntzeko denda ipini dute Alamedan; herritarrek elkartearen arropak erosteko aukera eduki dute.
Biharko hitzordua. Bestalde, bihar [apirilak 28] Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak antolatutako 27. Nazioarteko Dantza Eguneko gala ospatuko dela eta Dantzartek doan autobusean joateko aukera ematen duela gogora ekarri dute: “Dantzaren inguruan ospatzen dugun bigarren asteburua da honakoa; aurreko astean Lekeition eta Donostiako barretan parte hartu genuen”.
Dokumentuaren akzioak