Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza berriak? Oraingo guztiak

Dokumentuaren akzioak

Dantza berriak? Oraingo guztiak

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2010/03/24

Ez da formula berria, baina indar handia hartu du azken urteetan: dantza tradizionaleko eta dantza garaikideko elementuak uztartuta, egungo gaiak jorratzen dituzten dantza ikuskizunak sortzea. Ohitu ez ezik, zaletu ere egin da publikoa, eta Euskal Herriko antzokietako arrakasta izaten ari da oihartzunik Euskal Herritik kanpo ere. Garai batean egon zitezkeen aurreiritzi puristak gaindituta, ikuskizun horiek zabaldutako bideak bultzada ematen dio dantza tradizionalari, zenbaiten ustez; baina bada ikuskizun horien arrakastaren aurrean eszeptiko agertzen denik ere.

Edu Muruamendiaraz, Aukeran konpainiaren sortzailea eta zuzendaria, dantza tradizionaleko txapelketetan sari ugari irabazi eta gero hasi zen dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko nahasketa jorratzen, duela hamahiru urte. «Gure dantzak beste estilo batzuekin nahastuz, gauza berriak egiteko aukera ikusi eta horretan hasi nintzen, besterik gabe», ekarri du gogora. Dantza garaikideaz ezer gutxi zekien orduan, baina dantza tradizional hutsarekin aurrera egiteko biderik ez zuela sentitzeak jauzia egitera bultzatu zuen.

Muruamendiaraz bezala, Jon Maia ere, Kukai konpainiaren zuzendaria, dantza tradizionalaren munduan hezitakoa eta txapelketa ugari irabazitakoa da. Muruamendiarazek bezala, Maiak ere dantza tradizionaleko mugimendu eta urratsak oinarritzat hartuta egungo gaien inguruko dantza ikuskizunak sor zitezkeela pentsatu zuen. «Guk egiten duguna dantza da, dantza ikuskizunak sortzen ditugu», dio Maiak. «Garaikidea? Bai, noski, gaur egundik sortutako dantza ikuskizunak direlako».

Maia dantza tradizionalaren munduan hezia eta hazia da, eta dantza tradizionala du Kukaik «lan tresna garrantzitsuena», Maiak dioenez. Baina Kukaik Tanttaka Teatroa konpainiarekin batera sortu dituen ikuskizunetako batzuetan dantza garaikidearen munduan hezitako dantzari eta koreografoek parte hartu dute. «Ibilbide ezberdinak, dantzaren ikuspegiak eta mugimendua lantzeko moduak gurutzatzen dira Kukairen ikuskizunetan».

Hasieran, haize kontra

Hastapeneko garaia oroitzean, kritika ugari jaso zituela dakar gogora beti Muruamendiarazek: «Dantza tradizionalaren munduan gauza ezberdinak egiten baldin badituzu, beti aterako zaizu bidean aldaketak onartzen ez dituen jendea. Orain errazago ulertzen dira aldaketa horiek, baina lehenengoa izateak bere alde onak eta txarrak ditu. Eta gauza txarren artean hori zegoen, puristek ez zituztela onartzen horrelako aldaketak. Haize kontra ibili nintzen hasieran, baina gustura ari nintzenez eta jende batek nik egindakoa gustukoa zuenez, aurrera jarraitu nuen».

«Lehen guk egindako lana kritikatzen zutenak orain antzeko gauzak egiten ikusten ditut», dio Muruamendiarazek. «Poliki-poliki onartuz joan dira gauzak, nahiz eta oraindik ere badauden kritikak. Kritika eraikitzaileak onartu egiten ditut, baina mina ematea bilatzen dutenak ez. Horien atzean inbidia puntua dago, azken batean».

Kukaik ez du horren eraso gogorrik jaso. «Gure lana beti ondo hartua izan da», dio Maiak. «Uste dut garrantzitsua dela diskurtso garbi bat edukitzea. Guk ez dugu dantza tradizionala aldatu nahi. Guk, besterik gabe, proposamen bat egiten dugu. Nik, Kukaitik aparte, dantza tradizionala egiten jarraitzen dut Ereintza dantza taldean, bai dantzari moduan eta bai irakasle moduan. Baina Kukai ez da dantza tradizionala, beste gauza bat da. Diskurtso hori garbi baldin badago, eztabaida antzua geratzen dela uste dut. Batzuei gustatuko zaie egiten duguna, eta beste batzuei ez, baina egiten duguna egiteko zilegitasuna zalantzan jarri gabe».

Pantxika Telleria koreografoak ez daki «hasierako aurreiritziak» dagoeneko gaindituta ote dauden. «Batzuei bitxia egingo zaie agian oraindik dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko uztarketa». Elirale dantza garaikideko konpainiako zuzendaria da Telleria, eta Kukai eta Tanttaka Teatroarekin elkarlanean aritu da horien azken lanean. Dantza tradizionala nahiz dantza garaikidea, biak jorratu ditu sakontasunez.

Aurreiritzietatik harago, benetako «erronka» da «noiz xuxen eta ongi nahasten diren gauzak», Telleriaren ustez. «Gauzak hartzen badituzu eta ez badituzu ongi uztartzen, hor da problema, eta hor izan daiteke kexurako arrazoirik. Ez da aski bi urrats garaikide eta euskal dantzako bi urrats ezartzea, besterik gabe. Zinezko nahasketara jo behar da, eta hori ez da batere erraza. Gorputz bakoitzak bizi izan duena errespetatuz, naturaltasunez topatu behar dute elkar garaikidetasunak eta tradizioak ekarri duen ondareak. Ondare horrek badu bere esanahia, eta garrantzitsua da bidea nola egiten den».

Dantza tradizionalari onura

Nahiz eta ez izan hori konpainien xede nagusia, dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen arteko uztarketa izaten ari den zabalkundea lagungarri izan daiteke dantza tradizionalarentzat, Muruamendiaraz, Maia eta Telleriaren ustez.

«Pentsatzen dut euskal dantzarentzat zein dantza garaikidearentzat aberastasun bat dela nahasketa hori», dio Telleriak. «Gero formak joaten dira aldatzen eta sakontzen. Aztarna bat utziko duela uste dut».

«Atzerrian ibili eta birak egin ditugunean, oso garbi esan dugu beti nongoak garen eta nondik gatozen, eta gure kultura, gure hizkuntza eta abar zein diren adierazi dugu neurri batean», dio Maiak. «Gure ikuskizuna ikusi ondoren, Euskal Herria oso urrunetik ezagutzen duen hainbat jenderi harra piztu zaio, egiten duguna nondik datorren eta jatorrian nolakoa den jakiteko interesa. Horretaz gain, dantza beste esparru batzuetan ere presente egotea lortu dugu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin aritu gara, antzoki handietan egin ditugu emanaldiak, kalean ere bai... Leku berrietan jatorri bat daukan dantza egiteak dantza tradizionalaren kontsiderazio mailari lagun diezaioke, eta interesa pizteko lagungarri izan, hein batean».

«Euskal dantza tradizionalari asko lagundu dio garaikidearekin egindako fusioak», Muruamendiarazen ustez. «Lehen oso zaila zen programatzaileek euskal dantzako ikuskizun bat programatzea, baina orain gero eta gehiago programatzen dute».

Alderantzizko aurreiritzia

Dantza tradizionala eta dantza garaikidea nahastuz egiten ari den bidearekiko «oso eszeptikoa» da, aldiz, Oier Araolaza dantzari eta www.dantzan.com webgunearen arduraduna. Ez, ordea, nahasketa horren aurkako aurreiritziak dituelako, bide hori izaten ari den arrakasta mediatikoaren alboan tradizioarekiko gutxiespena zabaltzen ari dela iruditzen zaiolako baizik. Izatekotan, alderantzizkoa da aurreiritzia orain, Araolazaren ustez.

«Komunikabideen, gizartearen, erakundeen, programatzaileen eta kritikarien bultzada jasotzen da soilik baldin eta modernitatearen edo berritasunaren etiketarekin jokatzen baldin bada», dio Araolazak. «Tradizioa, etiketa gisa, erabat gaitzetsita dago, ez dugu ikusi ere egin nahi berez tradizionala dena defenditzen duen ezer».

Itxurari begiratzen zaio mamiari baino gehiago, Araolazaren ustez, eta garrantzi berezia ematen zaio janzkerari. «Janzkera tradizionalari izugarrizko beldurra diogu gaur egun. Konplexuak ateratzen dizkigu. Claude Iruretagoiena (Maritzuli konpainia), Mikel Sarriegi (Aurtzaka) Juan Antonio Urbeltz (Argia), Antton Luku, Xabier Itzaina... Horiek askoz ere ekarpen interesgarriagoak egiten ari dira koreografiari dagokionez -berrikuntza mailan, aldaketetan, dantza tradizionalaren eboluzioan... - ustez garaikidetzat aurkezten zaizkigun konpainiak baino. Baina jantziaren testuinguru tradizional batean daude, eta ez gara iristen hizkera koreografikoan zertan ari diren ezagutzera. Azalarekin geratzen gara: 'Txapelarekin dantza egiten badute, betikoan jarraituko dute', pentsatzen dugu. Eta ez, ez da hala izaten».

Dokumentuaren akzioak