Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza argi-iluna

Dokumentuaren akzioak

Dantza argi-iluna

Monte-Carloko Baleta

Egilea
Arkaitz Mendoza
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2010/09/01

Nijinskiren dantza azalpenetan jatorria duen Igor Stravinskiren obratzarrak argi-ilun mordoxka izan zituen erritmo kontuetan. Deabrukeria hutsa den erritmo zitala berandu helarazi zen dantzarien gorputzetara, musikarekiko gorde beharko litzatekeen bateratasuna guztiz galduz. Ez ziren solte aritu lurzoruko lanetan, astun eta geldo; horrenbestez, hain biziki eta indartsu igarotzen den musika basati honetan ondorio lazgarriak dira aipaturiko gorputz mugimendu mantsoak. Taldekako lana gailendu zen Stravinskiren obran, bakarlari gutxi, eta amaieran agertu zitzaigunak ez zuen barrengo elastikoa ere izerditu, xume, bizitasunik gabe eta fisikoki lehertzerainoko jarduna sotiltasun txiroan geratu zen.

Etenaldiaren ostean, dantzariak animotsu agertu zitzaizkigun. Nahiz eta koreografia ariketa Stravinskirena baino errazagoa izan, entzuleriari intentsitate sutsuago bat zuzendu zitzaion pasarte bakoitzean. Fokineren burutazioetan gizonaren zentzutasuna goraipatzen da duda izpirik gabe, eta lehen aldiz emakumearen sostengu izatetik, berezko protagonismoa izatera eraldatzen du pertsonaia. Horretan, Oliveira anaiak esanguratsu agertu ziren, Coppieters anderea une oro inguratuz eta hanken jolasean ziurtasun handiko lekualdaketak eginez. Gainontzeko dantzariek erritmoa bereganatu eta trebe aritu ziren koreografia aldaketetan. Coppieters dantzariaren hiruko pausoa zirrara handiko unea izan zen, dantza zaleen hunkigarri.

Bi sentsazio ezberdineko dantzaldia izan zen, argia eta iluntasuna tartekatuz jariatutakoa.

Koreografo eta zuzendaria: Jean-Christophe Maillot. Musika: 'Udaberriaren sagaratzea' (I. Stravinski), 'Xerezade' (N. Rimski-Korsakov). Lekua: Kursaaleko auditoriuma (Donostia). Eguna: abuztuak 30.

Dokumentuaren akzioak