Dokumentuaren akzioak
Dantza aniztasuna izango du ezaugarri aurten Biarrizko Maitaldia jaialdiak
Irailaren 8an hasi eta 17ra arte izango da aurtengo Biarrizko Maitaldia jaialdia. Hamaseigarren edizioa izango da, eta aurten nazioartean agertzen den dantzaren aniztasuna agerian jarri nahi izan du Biarritz Kultura erakundeak.
Filgi Claveriek jaialdiaren antolaketa bere gain hartu zuenetik jaialdia hamar egunera mugatzea erabaki bazuten ere, egitarau sendoa plazaratuko dute aurten ere.
500 artista aldizkatuz joanen dira, beraz, Biarrizko agertokietan hamar egun horietan, eta ordu oro hip-hopa, euskal dantza, dantza klasikoa, garaikidea eta beste hainbat ikusgarri preziatzeko aukera izanen dute ikusleek. «Hiru kontinentetatik etorritako hogeita bat konpainia azalduko dira jaialdian», esan du Claveriek. Latinoamerika, Afrika eta Europa hegoaldea izanen dira ordezkatuak hamar eguneko jaialdi horretan. Hitzordu nagusien artean, Rotterdamgo Scapino Ballet, Brasilgo Sociedade Masculina konpainia, Antonio Gades taldea eta Israel Galvan konpainia, Esloveniako SNG-Maribor Ballet konpainia edo Kukai eta Tanttaka taldearen elkarlana nabarmendu ditu zuzendari artistikoak.
Izan ere, Gasteizko Gobernuarekin bultzaturiko partaidetzari esker euskal dantzaren aldeko plataformako hiru ikusgarri azalduko dituzte, Blanca Arrieta eta Idoia eta Asier Zabaleta koreografoen azken lanak, hain zuzen; aste honetan Donostiako Antzerki Ferian eskaini dituzte. Arrietaren konpainiak euskal koreografoaren “Efecto mariposa” eta John Scott-en “Silvery Snot” emango ditu. Idoia Zabaletaren “Dueto” ere ikusi ahal izango da, Asier Zabaletaren “Look” piezarekin batera.
Besta hainbat ekitaldi ere iragarri dituzte. Urteroko saio publikoekin, gauean dantzaldiak izanen dira. Tartean lantegiak, hitzaldiak eta dokumental proiekzioak antolatu dituzte. Dantza gai nagusitzat duen Monette Loza eskultorearen obrak ikusgai izanen dira Gare du Midi aretoan.
Dokumentuaren akzioak