Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza aljebraikoa

Dokumentuaren akzioak

Dantza aljebraikoa

‘Tenir Le Temps’

Konpainia: Grenobleko Zentro Koreografikoa. Kontzeptua eta koreografia: Rachid Ouramdane. Musika: Jean-Baptiste Julien. Lekua: Miarritzeko Portu Zaharreko hondartza. Eguna: Irailak 8.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Kritika
Data
2017/09/11
Lotura
Iparraldeko Hitza

Bi urtean behin hasten da Miarritzeko Dantza Maitaldia bertako Portu Zaharreko hondartzan, eguraldi aldakorrari zorte handiz aurre eginda. Labar arteko hondartzak italiar erako antzoki forma perfektua dauka eta Kantauri itsasoko olatuek eta zerumugak atzealde ezin ederragoa osatzen dute.

Aurtengo jaialdiaren irekieran Grenobleko (Frantzia) zentro koreografikoak eman du Tenir le temps (Denborari eutsi) piezaren akabuko emanaldia, Rachid Ouramdane dantzari eta koreografoaren zuzendaritzapean. Ouramdane (Niza, 1971) jakingura handiko sortzailea dugu, bere lan askotan gaurko munduko arazoen interpretazioa islatzen da eta, dirudienez, dantza-lanak diseinatzerakoan buru-eskema teorikoetan oinarritzen da, hainbat arlotako artistekin kolaboratuz. Kasu honetarako, Jean-Baptiste Julien musikariarekin elkartu da, eta haren partitura aljebraikoa ezin hobeto ezkondu da dantzarien eboluzio aleatorioekin.

Izan ere, Julienen soinu-banda piano nota bereizien metaketa ebolutiboan oinarritu da: alde batetik, notak baino gehiago zenbaki aritmetikoak bidali ditu subliminalki entzuleen belarrietara, eta bestetik nahita bilatu ditu nota musikalen gehikuntza intentsiboak, partitura igoaraziz eragiketa matematiko konplexuen mailara. Bitartean, dantzariak etengabeko bilakaeran ibili dira, konposizio geometrikoak eraikiz, baina edozein mekanizismotik ihes eginez eta denen artean egindako lerroetan itsasoetako izakien mugimendu bihurgunetsuen dotorezia ekarri dute gure baitara.

Hala ere, koreografoaren planteamendu hiperzerebrala laster heldu da bere mugetaraino, Julienen partituraren idortasuna lagun eta dantzari guztien jarduera fisiko trinkoa gorabehera. Ouramdanek, ordea, ziaboga egin du une horretan eta zenbait filigrana abstraktu eratu du dantzarien gorputzekin musika are abstraktuago baten pean. Dantzariek segida ondulatorioak osatzen zituzten bitartean soinu elektronikoekin eta hari-punteatzeekin aberastu da konposizioa, betiere jatorrizko izaera numerikoari men eginez eta horrek guztiak eragiten zuen hoztasun mortala gorabehera.

Ia oharkabean izan arren, ikusleek sarritan ikus zezaketen norbanakoen ibileraren eta gizataldeenaren arteko gatazka edo konfrontazioa, eta harrigarria egin zait anabasa itxurako uneetan dantzari bakoitzak desplazamendu segida berbera deskribatzen zuela, besteen ibilbideetan txertatuta eta kaosaren barneko logikari matematikariek argitzearekin amesten duten horri ebazpen posible bat emanez. Ez da gutxi gero gure hondartza bateko edertasunean izan den emanaldi baterako!

http://iparraldekohitza.eus/wp-content/uploads/2017/09/p032_f01-658x352.jpg

Dokumentuaren akzioak