Dokumentuaren akzioak
Dantza ala heriotza?, euforia ala malenkonia?
Postmodernitateak artearen munduan egin duen bidea ilustratzen duen erakusketa bat ikus daiteke Londresen, V&A aretoan
Londresko Victoria and Albert Museumera joan eta postmodernitatearen
ertz anitzei eskainitako erakusketa aretora heltzen denak (2012ko
urtarrilaren 15a arte dago aukera) lehenik Rodinen eta beste eskultore
batzuen lanen artetik igaro behar du, eta iragate hasieran
zirkunstantzial horrek azken lau hamarkadetan arteak aurrekoarekin
izandako haustura, kontrastea puztu besterik ez du egiten. Museoaren
handiena zeharkatzen duen korridore luzean barna, ikusleak XVII.
mendetik aurrera artearen garapena ikusi baina, batez ere, irudikatu
egiten baitu: eskultura bolumenak sortzen, forma ematen, errealitatea
imitatu nahian eta, aldi berean, errealitate berri (idealizatu?) bat
eraikiz, baina dena narrazio artistiko historiko jarraitu batean.
Egiantzekotasunaren
eta proportzioen harmoniaren bidez edertasuna bilatzen du arte horrek,
ederra baitu helburu soil bitarte horretan. Edertasuna balio absolutu
eta morala da (ederra berez ederra izateaz gainera, ona, justua,
naturala baitzen), Arthur C. Dantok azalduko zuen bezala. Irakurketa
horrek etena du, ordea, okasiorako aretora sartzeko imintzioa egin
bezain laster. Neoizko argi more eta berdeekin egiten du harrera
erakusketak, Postmodernism jartzen du bertan. Arteak ederra izan
behar bazuen, eredugarri, errepikaezin eta sakratua (horregatik
gordetzen zen museo batean, tenpluan, oinazpikoen gainean jasota), hala
izateari utzi zion 1970eko hamarkadatik aurrera, eta horrela irudikatzen
da erakusketako lan guztietan.
Ispilua apurtu, klixeekin eten
Korridorean
aurrera, eskulturaren eta, berarekin, artearen garapena irudika
zitekeen, XVII. mendetik abangoardietaraino, gutxienez. Baina
postmodernitateak artean izandako islari eskainitako aretora sartzean,
aurreko guztiarekin eteten da: historia amaitu da, ispilua apurtu da,
kultura oso bat birsortzen zuena mila zati egina dago. Modernitatearen
utopia hura, argitasuna eta sinpletasuna, storytelling-a eta
sekuentzia historikoa apurtu egin dira. Postmodernitateak, hitzak dioen
bezala, modernitateari amaiera ematen dio, baina ez ordura arte bezala,
aurreko estilo edo joera bat jarraitu edo kiribiltzeraino garatuz edo
kontra eginez. Aurrerantzean, ezin denez historia lehen bezala idatzi
eta kontatu, aurretiaz arteak zituen eta izan zitzakeen klixe eta muga
estetiko guztietatik libre da. Ez dago taburik, eta geratuko balitz ere,
xehatu egin nahi dituzte. Modernoek mundu (eta jende) berriari leiho
bat zabaldu nahi zioten, beira apurtuta ordea, leiho hartako kristal
hautsi horien gainean islatzen da geratzen dena.
Zer gertatu zen
60ko hamarkadaren amaieran, 70eko hasieran, arteak ordura arteko
garapenarekin eten zezan? Bloke sobietarraren gainbehera, kapitalismo
amerikarraren ametsaren mundurako zabalpena, kontsumoko produktuen
ugaritzea, plastikoaren eta diruaren zabaltzea, askatasun txiki askoren
konkistaren sentipena, eta, aldi berean, erlijio batzuen, balio moralak
diren heinean, lurperatze ia erabatekoaren sekuentzia aipatu beharko
litzateke. Trukean, artea ere askea(goa) zen, konplexuagoa,
askotarikoagoa eta kontraesankorragoa. Jolasa, irreberentzia,
probokazioa bilatzen zituen, horretarako estiloari buruzko aurreiritzi
guztiekin etenez. Ustez, erabateko askatasun baten alde egin zuen,
batzuetan dibertimenduaren, proba/akatsaren eta absurduaren mugak
zeharkatu eta etiketatze oro alferrikako eginez.
Versalles edo Las Vegas
Italia,
1960ko hamarkadaren amaiera. Europak Mediterraneora duen irteera
naturalean egosten zen modernitatearen kritika garrantzitsuenetakoa.
Modernitatea amaitzear zen, baina beste mugimendu artistiko bat etorriko
al zen, beste irizpide, kanon eta estilo batzuekin? Ettore Sottsass-ek
eta Alessandro Mendinik modernitatearen utopia orotan fedea galdua
zuten, eta gizartea arautzen zuten lege, merkatu baldintza eta gustu
onaren marrak gainditzeko ahalegina egin nahi zuten artearen bidez.
Helburu horrekin, arteak sakratutik zuen oro ezabatzen saiatuko ziren
(Mendini, batez ere), Duchampek irekitako bideari segida emanez.
Ameriketako arte indigenaren monumentuak hartu eta plastikoz eta pop
kolorez errepikatzen zituen Mendinik, edota, Destruction of Lassu Chair-en bezala, su ematen zien alde batetik lanei, eta haren ifrentzuan, su emandako beste lan bat erreproduzitzen zuen gero. Radical Designa
deitu zioten Sottsass eta Mendinik euren uberari: eklektikoak ziren,
atzokoa eta momentukoa jasotzen zuten euren lanetarako, Amerikako eta
Europako korronteak, deuseztapena eta errepikapenerako potentzialtasuna,
pertsona eta industria, sakratua eta profanoa.
Motorraren
zabalpenak abiaduraren demokratizazioa ere bazekarren berarekin.
Distantziak murriztu egiten ziren, baina begien ikusteko ahalmena,
abiadura ere aldatuko zuen, azkartuz. Robert Venturi eta Denise Scott
Brown bikoteak Las Vegasera egindako bidaia bat grabatu zuen autoan. Ez
da alferrik hautatuko hiria, Bruno Zevi kritikari italiarrak, 1967an,
arte modernoak Versallesen eta Las Vegasen artean hautatu beharko zuela
iragarri baitzuen. Klasizismo gorenaren eta behe mailako herri
kulturaren artean hautatu ordez, baina, biak hartu zituzten
postmodernistek: Versalles eta Las Vegas.
Las Vegas ez al da
Versalles berritu bat, bere ezaugarrietan eder? Orainaren diktadura
dakar postmodernitateak, geure begirada azkar eta pantailen bitartez
bideratzea (ordenagailuen asmazioa izan daiteke burura datorkigun lehen
pantaila, baina autoaren aurreko beira ere ez al da pantaila bat?).
Azkar ikusten da, azkarrago bizitzeko, baina horregatik etorkizuna ez da
heltzen. Oraina da denbora bakarra. Ez dago biharrik; biharko eguna,
akaso, deuseztapen erabatekoa izango da. Apokalipsia, izatekotan.
Artelan modernoek garapena, utopia edota balio batzuetan oinarritutako
perfekzioaren ilusioa iragartzen zuten, eta objektu postmodernoa,
berriz, urrun zegoen perfekziotik, ez baitzuen ez eredurik ez
helbururik.
Azalkeriaren sakontasuna
Ez
edertasunik, ez perfekziorik, ez denborarik, ez helburu moralik. Aurreko
guztitik libre aritu, hartu dena eta moldatu, zaharra hartu eta berria
egin: birziklatu. 60ko eta 70eko hamarkadetan, arkitekturan,
historizismoaren joerak aurreko mende eta belaunaldietako elementuak
konbinatzera jokatu zuen. Kritikariek ironia gisara ikusi zuten puzzle
hori, artearen historiarekiko irreberentzia bat balitz bezala. Baina,
izatekotan, postmodernitatearen printzipio ia bakarra izan zen:
adierazteko modu monolitiko baten amaiera eta, berarekin, aniztasunaren
gorazarrea. Kito. Ondorioz, brikolaje edo collagearen festa izango da
aro hau. Diseinu industriala eta antzinako zeramika lan berean, altzari
berrietarako teknika puntillista ustez zaharkituak, arkitekturarako
plastikozko zutabeak, jantzi ezinezko soinekoak... Ezinezkorik ez dago,
debekaturik ere ez. Zer da artelan ona? Ba al da arte onik? Nork
ezartzen ditu kanonak (eta nork behar ditu), artelanak asko saltzen
badira? Aurreko irizpideak desagertu, eta berririk ez dago.
1980ko
hamarkada hurbildu ahala, postmodernismoari aukerak biderkatu egin
zitzaizkion. Mugimendu bazterreko eta irreberentea zena fenomeno sozial
hedatu bilakatu zen. Diseinuaren hamarkada zen: aldizkariak, diskoen
azalak, musika, bideoklipak. Talking Heads eta Culture Club, dantzari
eta koreografoak, performancea, drag queen-ak, pop izarrak...
postmodernitateak, artetik at ere, askatasunaren konkistaren sentipena
eman (eta ikusgarri egin) zien gutxiengo sozialei.
Modernitatearen
balio moralak (erlijioen presentzia) eta identitarioak (estatu-nazioa
edo komunitate izaera zentzu historikoa) galtzear ziren, eta mundua
batzen zuen balio ez-naif bakarra zegoen: dirua. Hor sartzen da jokoan
Andy Warhol, eta haren diruaren laudorioa. Dollar Sign lanean
(1981) dolarraren ikur handi bat serigrafiatu zuen. Diruak gidatzen ditu
botere harremanak, eta artea ez dago horretatik salbu; ondare
ekonomikoa baita, ez kultura edo aberastasun emozional/hezitzailea.
Kanonik ezean, gehien saltzen dena da irizpide nagusi. Ezinbestean,
merkatuaren erreferentziak etenik gabeak dira erakusketaren bigarren
erditik aurrera: Barbara Krugerren poltsa eraldatua dago, I Shop Therefhore I Am
sloganarekin (Erosten dut, beraz banaiz») ; edo Jenny Holzerrek,
1985ean, New Yorkeko Times Square plazan iragarki komertzialetarako
erreserbatutako karteleran jarri zuen lelo ia mitikoa Protect Me From What I Want (Babes nazazu nahi dudanetik).
Garai
bertsukoak izan arren, Warholetik Holzerrera jada aldaketa dago.
Diruaren gorazarre egitetik diruaren kulturaren menera bizitzeko
arriskua eta kezkara. Azalekoaren hipokrisia salatzen hasten dira
batzuk. Azala ez da mamia. Edo bai. «Azalkeriak sakontasuna du, giza
bizitzearen erabateko zailtasun gisara ulertzen eta onartzen bada»,
Mendiniren ustetan.
Lehen bezala ezin izan
Postmodernitatea
galeraren sentipenean errepikatzen da erakusketaren amaiera aldera.
Eredu moral eta estetiko bat desagertu (errepikatzeko edo aurka egiteko)
izanaren malenkonia dago, baina baita, aldi berean, galtzeko ezer ez
duenaren euforia inozoa ere. Dena da libre, dena da ikusgarri,
horretarik asko moldagarri eta likidoa da, gainera, Zygmunt Baumanek
idatziko zuen bezala. Baina likidoa bada, zer geratzen zaigu? Erakusketa
ixteko dagoen New Orderren bideoklipean agertzen den bezala, «izan ote
gaitezke gu geu, lehen ginen bezala».
Erakusketa ikusten duenari,
postmodernitatea ordura arteko guztitik libre egin zela irudituko zaio,
baina definiezina dela, Lyottarden eta Baudrillarden teoriak
gorabehera. Izatekotan, abiapuntu eta helbururik gabeko bidaia libre bat
dela. Errari ibili zirela artistak beren askatasunean.
Bada
artelan bat, azken atea zeharkatu aurretik, postmodernitatearen
anbiguotasunarekin jokatuz, zer pentsatua ematen duena. Robert Longoren
argazki bat da, Men in the Cities sailekoa. Bertan, gizonezko bat
ikusten dugu bizkarrez. Aurpegierarik ez zaio ikusten, gorputza
keinukera aldrebesean du, ez dakigu dantzan ari den edo tiro bat jo
diotelako erortzen ari den, hilurren. Postmodernitatearen azken metafora
besterik ez da: ez dakigu azken lau hamarkadak dantza fribolo bat izan
diren ala zibilizazioaren amaiera orain arte ulertu dugun moduan.
Robert Longoren Men in the Cities saileko argazki bat, 1979koa, Postmodernism: Style and Subversion 1970-1990 erakusketako lanetako bat. / ROBERT LONGO / EZEZAGUNA
Ron Araden Concrete Stereo (1983). / Z / EZEZAGUNA
Andy Warholen Dollar Sign (1981). / Z / EZEZAGUNA
Dokumentuaren akzioak