Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza

Dokumentuaren akzioak

Dantza

Egilea
Onintza Enbeita
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2022/04/12
Lotura
Berria

Erromerian egon ginen igandean. Gaua ilunduta zegoen. Ez zen oso berandu, baina gaupasa egiten ari ginela ematen zuen. Astelehena inoiz baino astelehenago egin zitzaidan, baina pozik ere banengoen. Urte biren ondoren, agujetak nituen. Ez korrika egitearren, ordea, dantzan egiteak utzi zidan arrastoa izan ziren. Eta orduan ohartu nintzen dantza gutxi egin dugula azken urte bietan, eta zeinen zoriontsuak ginen dantza egitea libre zenean. Ez genuen egiten, hala ere. Tarteka egiten genuen zerbait zen dantza, eta guk gogorik ez genuenean egiten zutenak erotzat hartzen genituen. Dantzan ez dakitela esaten zuten lagunak genituen, eta barran ukondoa jarrita egoten zirenei barre egiten genien. 

Egia izango da falta ditugun gauzen balioa bakarrik kalkulatzen dugula. Mila aldiz entzun dugu, eta orain bistan dago. Urte bi eta gau bat behar izan ditut konturatzeko zein terapeutikoa den dantzan egitea. Eta orain ere eroak irudituko zaizkit nik gogorik ez dudanean dantzan egiten dutenak, baina ero zoragarriak. Eta dantzan egiteko aukera ematen duten parrandak izango ditut orain ere gogokoen, eta etxean ere dantza egingo dut: ilobekin, bikotearekin, amarekin… Kontua ez baita izan kalean gertatu dena bakarrik; intimitatean ere ohiturak aldatu ditugu nahi gabe.

Dokumentuaren akzioak