Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza 2003an

Dokumentuaren akzioak

Dantza 2003an

Euskal Kulturaren Urtekaria 2004

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia Urtekaria
Mota
Iritzia
Data
2003/12/30

Lucia Lacarra munduko dantzari onenetakoa dela berretsi da eta horren erakusgarri nazioarteko sari garrantsitsuenak jaso dituela aurten: Nijinsky eta Benois de la Danse. Orain Espainiako Dantzako Sarirako hautagai da. Igor Yebrak berriz Italiako Positano Ballet saria jaso du.

Ikusmin handia sortuz iritsi da Iparraldeko EDBk antolatutako dantza berrien lehiaketa. Ikusleek eta komunikabideek gogoz erantzun zioten gonbitari, eta sariak ere banatu ziren. Aurkeztutako lanen emaitzaren kalitatearen inguruan ez da ordea ausnarketarik entzun. Koreografia berri horiek berriz ikusteko aukerarik izango ote den ere ez dakigu. Lehiaketaren planteamenduak azken 35 urteetako ibilbideak zertarako balio ote izan duen galdetzera garamatza. 1966an ere antolatu zen dantza berrien lehiaketa, oihartzun handia izan zuen eta euskal dantza berritu beharra aldarrikatu zen. Urteek erakutsi dute berrikuntza tradizioaren ezagutzatik iritsi dela. Inork gogoratzen al du 66ko txapelketa hartan sariren bat eskuratu zuen dantzarik?

Horrenbeste zarata atera gabe, Sohütako maskaradariek tradizioaren alorreko ikerketak eta herri-antzerkiak elkar elikatzen direla erakutsi digute berriz ere. Camile bezala, noizean behin agertzen den hartza esnarazi eta herririk-herri ibili zuten, eta buhaminekin batera hartza bera orrazteak dituen zailtasunak agertu dizkigute.

Aukeran eta Kukai taldeek tradiziotik abiatuta dantza ikuskizunak egiteko hartutako bidean proposamen berriak plazaratu dituzte. Aukeran-ek Izena duen guztia omen da lanean ikusgarritasun estetikoa erdiesteko ahalegin handia egin du. Kukaik berriz gerra garaiko ume erbesteratuen dantza sentibera erabili du ikuslearengana iristen saiatzeko. Juan A. Urbeltz-ek eta Argia dantzari taldeak, aldi berean berria eta tradizionala den dantza sortarekin, euskal dantzak dantza klasikoari emandakoa aldarrikatu dute Pas de Basque ikuskizunean.

Azkenik, dantza-kontuen begirada azkar hau bukatu aurretik 2003an agur esan diguten bi lagun aipatu nahi ditut. Formazio, ibilbide eta dantzakeran zerikusirik ez bazuten ere, dantzatzeko eta dantzan erakusteko erakutsi duten sentimendu eta karakterrean bat egin dute biek. Dantzaren irakaskuntzatik erretiroa hartzeko urtebete falta zitzaionean joan zitzaigun istripuz Maite Egiguren. Silbestre Elezkano Txilibrin-en agurra molde zaharreko azken albokariaren agurra izan da, baina gainera, keinuan eta talentuan, artistaren nortasuna zuen dantzari zirraragarriaren agurra izan da.

Dokumentuaren akzioak